Ilustratzaile amezketarrak hainbat saio, aurkezpen eta bileretan parte hartuko du bertan
Maite Gurrutxaga ekainaren 8tik aurrera Rio de Janeiron ospatuko den Salón FNLI do livro para crianças e joves azokan izango da, Galtzagorri elkarteak eta Etxepare Institutuak lagunduta. Ekainaren 8an irekiko ditu ateak IBBYren Brasilgo atalak antolatzen duen Haur eta Gazte Liburuaren Azokak, eta ilustratzaile amezketarrarekin batera bertan izango dira Maite Carranza, Alfredo Gómez Cerdá, Gemma Lienas eta Ledicia Costas idazleak, eta Javier Zabala eta Xan López Domínguez irudigileak.
OEPLI erakundea osatzen duten lau elkarteen laguntzarekin (Consejo General del Libro, Consell Català del Llibre Infantil i Juvenil, Galtzagorri Elkartea eta Gálix), eta, SM Fundazioa, Ramon Llul Institutua, Galiziako Xunta eta Etxepare Institutuarekin adostutako elkarlanari esker joango dira egileok Rio de Janeiroko azoka garrantzitsu horretara. Egile eta sortzaileek hainbat saio, aurkezpen eta bilera izango dituzte bertan.
Horrekin batera, OEPLIk Haur eta Gazte Literaturako 300 liburuz osatutako erakusketa jarriko du bertan eta han izango dira Euskal Haur eta Gazte Literaturako hainbat lan ere. Erakusketa osatzeko, Miguel de Cervantes idazlearen heriotzaren 400. urtemuga dela eta, haurrentzako egokitutako haren hainbat obra ere izango dira ikusgai.