Oraintxe ondu duen poema liburu berria ere aurkeztuko du otsailaren 16an
Argitalpen berri bi aurkeztuko ditu Joan Mari Irigoienek otsailaren 16an, Elkar argitaletxearen eskutik. Batetik, Babilonia bere nobela klasikoaren edizio gaurkotua dakarkigu, Irati Jimenezen sarrera jantzi eta dotore batekin; bestetik, Sorgin-argien ehizan, oraintxe ondu duen poema-liburua. Aurkezpen ekitaldian Altzako idazleak alboan izango ditu Irati Jimenez eta Xabier Mendiguren, Elkar etxeko editorea.
Bidaia-kaier baten antzera, Kanariar irletako txokoen tituluak ematen dizkie poemei, baina mamiak ez du hainbesteko zerikusirik hango bazterrekin; izan ere, egileak bere sakoneko kezkak dakarzkigu olerki-itxurapean. Batetik, liburuaren lehen partean, poema sozialak dei ditzakegunak datoz: gerraren eta inperialismoaren arbuioa, injustizia guztien salaketa, handikien kontrako aldarria. Bestetik, bigarren partean, poesia espiritualagoari egiten dio bidea, eta goranahi horren isla da hirugarrengo partea ere, Leiren kokaturikoa eta argitasunezko esperientzia bat kontatzen duena.