Garazi Kamio Anduagak idatzitako Bikini nobela laburrak irabazi du 2023ko Mikel Zarate haur literatura saria. Hala erabaki du Maribel Aiertzak, Leire Bilbaok eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak, eta berak eramango du 3.000 euroko saria. Liburua, berriz, Elkar argitaletxeak kaleratuko du.
Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak sortu zuten sariketa hau, Lezamako seme eta euskal kulturako sortzaile eta bultzagile handi izandako Mikel Zarateren omenez, eta hamahirugarren ekitaldia izan da aurtengoa. Karmele Mitxelenak irabazi zuen iaz, Marrubizko uda kontakizunarekin.
Hamasei lan lehiatu dira aurten guztira, eta horien artean Garazi Kamiok idatzitako eleberria hautatu du epaimahaiak. Bikini izeneko kontakizun honek bullying istorio bat kontatzen digu, baina ez biktimaren ez erasotzailearen ikuspegitik, ikusle hutsa den eta egoera deserosoan sentitzen den haur baten ahotik baizik.
Garazi Kamio Andoainen jaio zen 1979an. Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Irakasletza ikasitakoa da; kazetari lana egina da, baina ingeleseko irakasle lanetan dabil gaur egun bere herriko ikastolan. Aurretik Beste norbaiten zapatak (2012, Igartza Saria) eta Orube abandonatuak (2014, Augustin Zubikarai Saria) narratiba-lanak argitaratutakoa da, haur literaturako hainbat kontakizunez gainera.
 



