Nerea Azurmendiren eta Bea Salaberriren lan berriak dakartza Txalapartak

0

Urtarrilaren 24rako iragarri du Txalaparta argitaletxeak Nerea Azurmendiren Gudari. Eli Gallastegiren lorratza saiakeraren argitalpena, Elias Gallastegi Uriarteri buruzko lana, hil zenetik 50 urte igaro diren honetan datorrena. Bestalde, Tafallako argitaletxeak martxoaren amaierarako iragarri du Bea Salaberriren Mesfida zaitez eleberriaren argitalpena.

Gudari
Abertzaletasunaren sorreraren eta bilakaeraren inguruan hitz egitean, nahitaez agertzen den izena da Elias Gallastegi Uriarte, Gudari. XX. mendeko lehen hamarkadetan munduan kokatzeko modu berri bat ekarri zuen abertzaletasunaren oinarriak jarri zituzten horien artean, ordea, gutxik eragin du hark besteko ikuspegi kontrajarririk, miresmenetik arbuioraino, bai eta iritzi-emaile berberen ahotan ere, unearen arabera. Familia nazionalistan jaioa, Gudari oso gazterik hasi zen nabarmentzen Arana Goiri anaiek sorturiko mugimenduan, nahiz eta ez zuen kargu instituzionalik nahi izan, eta alderdi barrukoetan ere gutxitan ibili. Hil zenetik 50 urte igaro diren honetan, Gallastegiren ibilbidea berregin eta iritzi askotariko horiek biltzen dira, eta orobat aletzen dira 1936.aren aurreko nazionalismo erradikalaren —non erabatekoa eta onartua den Gallastegiren lidergoa— eta iragan mendeko 50-60ko hamarkadetan ernamuintzen hasi zen ezker abertzale independentistaren arteko loturak.

Mesfida zaitez
Laurendia gazteari mesfidatzeko esaten diote. Esaten dio aitak, esaten diote adiskideek, bai eta, azkenean, bere buruak ere. Nafarroa Behereko landa eremutik Baionara ikastera joanda, inguruarekin batera aldatuko zaizkio jakin nahiak, piztuko kontzientzia politikoa eta sortuko ordura arte bururatu ere egin gabeko zalantzak. Horrela, ETA erakundearen laguntza sarean sartuko da, fardelak batera eta bestera eramaten lehenik, etxean kideak aterpetzen gero. Laurendiaren istorioa kontatzen bazaigu ere, historia kolektiboa dugu hau, garai nahasi eta oposizioz bete batean hamaika emakume aritu baitira, ezkutuan eta espanturik gabe, engaiamenduaren sarean.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments