Anne Hebert eta Giorgos Seferis poeten antologia berriak dakartza Munduko Poesia Kaierak bildumak

0

Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bildumak Anne Hebert eta Giorgos Seferis poeten antologia berriak kaleratu ditu: Aiorak Jakak ekarri du euskarara Anne Hebert eta Maite Lopez Las Herasek, Giorgos Seferis. Martxoaren 22an aurkeztuko dituzte biak Donostian, eta itzultzaileekin batera bertan izango dira Isabel Etxeberria eta Maialen Berasategi bildumaren editoreak.

Anne Hebert (1916-2000)
Anne Hebert Quebeceko poesiaren ordezkari garrantzitsuenetako bat da, eta hein berean sailkagaitza eta berdingabea. Ahots oso pertsonal baten jabe, bide guztiz berea egin zuen literaturan. Eleberrigintzan eta poesian aritu zen bizitza osoan zehar, eta bi arloetan lortu zuen aitortza zabala. Poesia enigmatikoa da Hebertena, soila bere adierazpenean, baina sinbolo ondo neurtuen gainean oparo eraikia. Naturako elementu sinple baten behaketak abiatzen du askotan poema (iturria, euria, txoriaren kantua, gaua), eta sakontasun intimo handiko gogoetetaraino gidatzen du berehala eta oharkabean irakurlea. Tonua etsia da Heberten heldutasuneko poemetan, gaztaroko lehenen aldean, eta hain zuzen ere haurtzaroaren mina gailentzen da poema batean baino gehiagotan. Horien guztien berri, euskaraz lehenengoz, dakarkizuegu kaier honetan, Aiora Jaka Irizarrek zorrotz, tentuz eta mimoz eginiko itzulpen eder honetan.

Giorgos Seferis (1900-1971)
Giorgos Seferis Greziako 30eko belaunaldiko kidea izan zen, garrantzitsuenetakoa eta internazionalenetakoa (Nobel saria ere eman zioten 1963an). Urte asko egin zituen Greziatik kanpo, erbesteratuta zein lan kontuengatik, eta berekin eraman zuen beti bere lurra, baina ez miraz eta nostalgiaz, baizik bere oinaze eta ezin-ulertu guztiekin. Horra hor itzuli nahia, itzuli ezina, itzuli ahalaren gogorra eta are trauma, eta itzulera batzuen norarik eza. Egeo itsasoa eta paisaia mediterraneo idorra presente daude ia une oro haren poesian, eta paisaia horretan, berriz, itsasontziak, eta antzinako greziarren hondakinak. Seferisek ezin hobeto uztartu baitzuen bere garaiko errealitatea hala mundu klasikoarekin nola mito homerikoarekin. Sinbolismoa sakon jorratu zuen, betiere gertaera partikularrak, tokiko historia eta jokaleku eta objektu erreal jakinak unibertsalizatzeko. Maite López Las Herasek multzo oso bat dakarkigu orain, inspirazio eta zorroztasun harrigarriz itzulia.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments