Irakurleek Bichta éder lan sarituko pasarteak irakurri dituzte Kattalin eta nenufarrak taldearen musikak lagunduta
Amasako Hika txakolindegian ospatu du ekainaren 6an 111 Akademiak Eneko Bidegaini 2023ko 111 Akademiaren Saria emateko ekitaldia. Kattalin eta nenufarrak taldearen musikak ireki eta itxi duen ekitaldian Bichta éder lan sarituko pasarteak irakurri dituzte Ainara Maia eta Miel Anjel Elustondok, eta Eneko Bidegainek Ane Jalon Manuel Larramendi Kultur Bazkuneko lehendakariaren eskutik jaso ditu liburu sarituaren ale berezia, larruz enkoadernaturikoa, eta sariaren ziurtagiria.
Saria jaso ostean, Eneko Bidegainek irakurketaren garrantzia azpimarratu du bere hitzartzean: “Duela zenbait egun batek erraten zuen gaur egun jendeak ikus-entzunezkoak begiratzen dituela dela telebistan, dela Youtuben edo Tiktoken, eta horiek dutela eragina eta horietan egon behar dugula. Ados, horretan ere egon behar dugu. Eta jarraitzen zuen galdetzen: ‘Liburu bat zenbat saltzen da? 2.000 ale asko jota? Horrek ez du inpakturik’. Bazirudien ez zuela inporta liburuak idazteak… Baina nahiko nuke gogoeta egin, galdera bederen airean jarriko dut: nolakoa izanen zen euskara gaur egun, zein izanen zen euskararen egoera, Euskal Herriaren egoera, Euskal Herriko gogoetak… literatura ez balitz izanen? Hau da, liburu bakoitza beharbada jende kopuru mugatu batek irakurtzen du baina ez da dena kuantifikatu behar, dena ez da kantitatea, uste dut kalitatea, ez liburuarena berarena baizik eta duen eragina liburuetatik harago, eta sortzen den bai gogoeta, bai eztabaida, bai sakontasun hori guztia… Uste dut literaturak edozein gizartetan ekarpen handia egiten duela eta aitortza hori behar duela, eta euskarak ere behar duela euskal literatura. Irakurtzea da pentsamendua garatzea, mila bidaia egitea, bai denboran bai espazioan, baina bereziki pentsamendua garatzea, eta irakurtzea aberasgarria da norberarentzat. Uste dut gizarte hobe bat egiteko bidea dela irakurketa”.