Zadie Smithen ‘Kanbodiako enbaxada’ euskaraz argitaratu du Igelak

0

Ekainaren 17rako iragarri du Igela etxeak Zadie Smith idazle britaniarraren Kanbodiako enbaxada liburuaren aurkezpena. Garazi Ugaldek ekarri du euskarara Smithen lana,  hilaren 17ko aurkezpenean parte hartuko du Inazio Mujika editorearekin batera.

Kanbodiako enbaxada
Fatou etorkina da, hainbat herrialdetan bizi izan dena Londresera joan aurretik. Neskame ari da etxe batean lanean. Bere aisialdiko denbora igeriketaren eta bere lagun Andrewrekin dituen hitzorduen artean banatzen du. Hainbat gairi buruzko elkarrizketak ditu harekin: erlijioa, arrazakeria… Itxura ahulekoa bada ere, oztopoen aurrean hautsi ez den emakumea da Fatou; egokitu zaion patuari amore emanda, ez du inoiz lasai-tasuna galtzen.
Hemen agertzen diren elementu asko etengabeak dira Zadie Smithen obran; hitz bakoitza, esamolde bakoitza, pasadizo bakoitza arrazoi batengatik dago hor, ezer ez da kasualitatea. Egileak emakume etorkinen egoeraren zati bat jasotzen du Fatouren begietatik egindako kontakizun original honetan. Bere errutinak bere askatasunaren mugak eta bere etorkizunaren ezegonkortasuna ulertzen laguntzen digu. Era berean, esklabotza modernoari eta gizarte-desberdintasunei buruz hausnartzera behartzen gaitu. Zadie Smithen obran sartzeko atari paregabea.

Zadie Smith
Idazle, eleberrigile, saiakeragile eta kontakizun laburren idazle britainiarra da. Bere lehen eleberria, White Teeth (2000), berehala bihurtu zen best-seller, eta hainbat sari irabazi zituen. New Yorkeko Unibertsitateko Idazketa Sortzailearen Fakultateko irakasle titularra da 2010eko irailetik. Harenak dira, besteak beste, honako eleberri hauek ere: The Autograph Man (2002), On Beauty (2005), eta NW London (2012).

Garazi Ugalde
Garazi Ugalde Pikabea (Lezo, 1988). Itzulpengintza eta Interpretazioko ikasketak eta Hizkuntzalaritza eta Euskal Filologiako Masterra egin ditu. Itzulpengintzaren inguruan jardun du hainbat aldizkari eta gunetan, baita itzultzaile gisa ekarpenak egin ere. Gaur egun, itzultzaile-interprete lanetan aritzen da Gipuzkoako Foru Aldundian. Literatur itzulpenaren arloan, May Ayim poeta afroalemanaren antologia (MPK, Susa, 2020), Louise Glück nobel saridunaren Basairisa poema-liburua (2021) eta Basati (2023) album ilustratua ekarri ditu euskarara.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments