Maite Rosendek eta Nerea Ariznabarretak aurtengo Etxepare saria irabazi dute

0

Maite Rosendek eta Nerea Ariznabarretak elkarrekin ondutako Mamuki albuma saritu du 2024ko Etxepare Sariko epaimahaiak, Miren Asian ilustratzaileak, Idoia Sobrino liburuzainak eta Patxi Zubizarreta idazleak osatuak.

Sariketara aurkeztu diren 31 lanen artean Rosenderen eta Ariznabarretaren albuma hautatzeko honako arrazoiak eman ditu epaimahaiak: “Narrazioa paralelismoetan eta hitz jokoetan eraikia dago, erritmoa eta errima erabiltzen ditu eta haurrei oso gertukoa eginen zaie; barrea eraginen du ustez beldurra nagusi den kontakizunean. Testua, finean, beldurrari buruzko gogoeta jostagarria bilakatuko da, gertukoa eta goxoa. Bitxia da, baina erritmoa eta errima horiexek ere dira ilustrazioen ezaugarriak, benetan dira samurrak eta maitagarriak, dibertigarriak eta ganberroak. Horregatik da bikaina Mamuki albuma, testuaren eta ilustrazioaren arteko uztarketa aparta delako.”

Mamuki beldurrari buruzko album umoretsua da. “Gau Beltza da, eta mamuek sustoak eman behar dituzte, ingurumarian ikara eragin beharra daukate. Baina mamu txikia gaixorik dago eta hainbat pertsonaia beldurgarri saiatuko dira hura osatzen edo sendatzen: banpiroa, zonbia… edo geureago ditugun Zakuzahar edo Otsoko, baina alfer-alferrik. Gaixoa! Zer egingo du Mamukik Gau Beltza ospatu ezinik…?
Etxeko agertoki minimalistan txakur jolastia ere saiatuko da Mamuki sendatzen, baina orduak joan, orduak etorri, munstroak joan, munstroak etorri, ez da konponbiderik inondik ere agertuko. Edo bai…”.

Saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du, euskaraz, aurtengo udazkenean.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments