Irailaren 13tik 15era egingo dituzte Oiartzungo Poesia Egunak

0

Irati Jimenez, Oier Guillan, Titika Rekalt, Luix Mitxelena, Angel Erro, Mikel Etxaburu, Oihane Jaka, Maddi Sarasua, Aintzane Galardi, Gotzon Barandiaran, Rafa Rueda, Izar Azpiroz, Malen Elizasu, Ekhi Arizmendi, Miren Azkarate… Horiek guztiek eta gehiagok hartuko dute parte irailaren 13tik 15era Oiartzunen antolatu dituzten Poesia Egunetan.

Antolatzaileek azaldu dutenez, orain arte ‘Arte Egunak’ ekimenaren barruan antolatu izan da Poesia Eguna, baina aurten Arte Egunak ekimena itxuraldatu eta hiru jarduneko Oiartzungo Poesia Egunetan bilakatuko da. “Bertan, errezitaldiak, performance parte hartzaileak, hitzaldia eta bazkari herrikoia antolatuko ditugu. Irailaren hasieran emango dugu ezagutzera egitaraua osorik, baina orain, parte hartzeari begirako bi deialdi zabaldu nahi genituzke”. Honakoak dira bi deialdi horiek:

  • Irailaren 13rako: iluntzean Loaldi Poetiko Herrikoia antolatuko dute. Oier Guillanek “Loaren defentsan” poema sorta errezitatuko du, eta ondoren, publikoari elkarrekin lo egitea proposatuko zaio. Errezitaldiaren ostean, horretarako berariaz atondutako espazio batean, gaubeila hasiko da: jendeak aukera edukiko du afaltzeko, solasteko edo beste edozein proposamen egiteko (kantatu, marraztu, errezitatu…). Ordu erdiro Oiartzungo aktore batek loaren poema sortako ale bat hartuta pieza labur bat eskainiko du. Tarte honek goizeko ordu biak arte iraungo du, gehienez. Ondoren, loaldia hasiko da: jendeak lo egiten duen bitartean, argazkilari batek jendearen loa erretratatuko du, eta etorkizunean material horrekin pieza artistiko bat sortuko da. Loaldian edonork har dezake parte, adin mugarik gabe, baina lekuak mugatuak izango dira, eta izena eman beharra dago: poesiaegunak@gmail.com
  • Irailaren 14an: aurtengoa laugarren poesialdia izango da Oiartzunen, eta hastapenetik bidegorriko ekitaldia izan da ardatza. Urtero bidegorriko zati bat egiten du jendeak elkarrekin oinez, eta aurten ere hala izango da. Bidean hiru errezitaldi egingo dira: lehenengoan herritarrek poemak irakurriko dituzte, bigarrenean herriko idazleek berariaz aurtengo gaiaren inguruan (“Arrastoa”) idatzitako testuak irakurriko dituzte, eta hirugarrengoan aurten poesia liburuak plazaratu dituzten Euskal Herriko hainbat idazlek beren liburuetako aleak errezitatuko dituzte. 11:00etatik aurrera izango da ekitaldia, Cadarson jarri dugu zita, eta bertatik mugitu egingo gara. Poemak irakurri nahi dituzten Oiartzungo herritarren izen ematea ere zabalik da: poesiaegunak@gmail.com

Honakoak dira ekimen honen antolaketan dabiltzanak: 1545 argitaletxea, Metrokoadroka kolektiboa, Hitzen Lihoa, Oiartzungo Udala eta Oiartzungo kulturzaleak.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments