Izenburua: “C’est la vie” kantatzen dute zaharrek
Idazlea: Karlos Zabala
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2020
Anton Pla, berrogeita bost urte inguruko hondarribiarra, bi seme-alabaren aita, lehen lorezain eta orain finka-administratzaile; larunbatetan aita alargunari bisita egiten dio Lesakan eta igande goizetan bere lagun Kinkori taberna garbitzen laguntzen dio Irunen. Gizon arrunta, inon arruntik bada, xehetasun txiki batengatik ez balitz: egun batez, hartarako arrazoi zehatzik eta bultzada jakinik gabe, atzeraka ibiltzen hasiko da. Xelebrekeria moduan hasi, eta azken muturreraino eramango du burutazioa Antonek, eta gauza bera nobelaren egileak: hari-muturretik tiraka, pertsonaiari segika ibiliko da hiru bat astez, uneoro gertatzen eta bururatzen zaizkionak kontatuz, eleberri umoretsu bezain harrigarria onduz. Baina nor da Anton Pla benetan? Ustekabean famatu bihurtzen den inuxentea? Pailazo sakratuen moduan gizartearen arauak zalantzan jartzen dituen transgresorea? Paradoxikoa, kaotikoa, xaloa, sarkastikoa, adar-jotzailea, zentzugabea… Ezaugarri horiek guztiek definitzen dute pertsonaia, zeinak, gure ispilu deformatzailea balitz bezala, noiz barre lasaia noiz irri urduria eginaraziko digun.









Baleko liburua Karlos Zabalaren lehenengo eleberri hau. Protagonista atzezka ibiltzen hasten da berak oso ondo jakin gabe eta fenomeno bihurtzen da bere herrian, Irunen. Bere bizitza berrian nola moldatzen den kontatzen digu idazleak.
Azkar irakurtzen da liburua, elkarrizketa asko dituelako, eta oso ondo idatzita dago.
Dena den, uste dut zer edo zer falta zaiola argumentuari. Batzuetan irrigarria iruditu zait eta beste batzuetan aspertu egin naiz. Gainera, amaiera erdipurdikoa iruditu zait.
Ondorioz gomendatuko dut liburu hau, lehenengo elaberria izateagatik, batez ere, eta zain geratuko naiz ea nolakoa izango den bigarren eleberria, hala denean.