Lan horretan oinarrituriko hainbat errezitaldi eskainiko ditu datozen asteetan
Azaroaren 13an aurkeztu berri du Jose Luis Otamendik Kapital publikoa, bere zortzigarren poesia liburua, hiru ataletan banatuta datorrena: Bake hotza, Jendea oinez eta Gosaria eta legea. “Denona den hori da kapital publikoa” azaldu du Otamendik, “inork beretzat bakarrik hartzerik ez daukana: gabiltzan kalea, arnasten dugun airea, mintzo garen hizkuntza, pertsonak, oroitzapenak, egunkaria, sentimenduak”. Gogoeta sozial eta politikoetatik abiatu eta eguneroko bizimodu intimorainoko bidaia bat erakusten du poetak. “Galtzerik nahiko ez nituzkeenak, salatzeko modukoak iruditzen zaizkidanak, babestu beharreko jotzen ditudan gauzak dira poema hauen muina. Kapital publikoa zaindu beharreko mundu egingarrien aukera da”.
Behin liburua aurkeztuta, hainbat errezitaldi eskainiko ditu idazle azpeitiarrak datozen asteetan:
– Azaroaren 30ean Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, 19:00etan.
– Abenduaren 8an Durangoko Ahotsenean.
– Urtarrilaren 15ean Larrabetzun.
– Urtarrilaren 22an Oreretako Mikelazulon.
Kapital publikoa osorik irakur liteke Susa etxearen web gunean