Ekainaren 19rako iragarri du Igela etxeak Adania Shibli idazle palestinarraren Detaile xume bat liburuaren aurkezpena. Aitor Blancok ekarri du euskarara Shibliren lana, eta Ane Irazabalek idatzi du liburuaren hitzaurrea. Biek hilaren 19ko aurkezpenean parte hartuko dute Inazio Mujika editorearekin batera.
Detaile xume bat
1948ko arabiar-israeldar gerran zehar zazpiehun mila palestinar baino gehiago izan ziren beren etxetik egotziak. Hondamendi horri deitzen zaio Nakba edo palestinar exodoa. Handik urtebete pasatxora, 1949ko udan, Israelgo estatu sortu berriak destakamentu
militar bat bidali zuen Negev basamortura Egiptorekiko hegoaldeko muga zaintzeko, baita ingurua arakatzeko ere, han gelditzen ziren arabiarren bila. Espedizio horietako batean, soldaduek beduino talde bat aurkitu zuten, eta aurkikuntza hura krimen baten abiapuntua
izan zen.
Zenbait hamarkada geroago, XXI. mendearen hasieran, emakume palestinar batek gertakari horri buruzko artikulu batekin egin du topo, eta, harekin lotutako detaile xume batekin obsesionaturik, bidaia arriskutsu bati helduko dio lurralde okupatuetan zehar,
egiaren bila.
Adania Shibli
Adania Shibli (Palestina, 1974) Palestinar narratzaile, antzerkigile eta saiakeragilea da. AM Qattan Fundazioak Palestinako Idazle Gazteen Saria eman zion bere lehen bi eleberriengatik: Masaas (2002) eta Kulluna Ba ‘eed Bethat al Miqdar ‘an al Hub (2004). Beirut39 izendatua izan zen, 40 urtetik beherako 39 idazle arabiarrek osatutako taldea,
Banipal aldizkariak eta Hay Festivalek aukeratuta.
Euskaratuta argitaratu den Detaile xume bat Shibliren hirugarren eleberri hau dozena bat hizkuntzatara baino gehiagotara itzulia izan da, eta finalista geratu zen National Book Award 2020 Estatu Batuetan eta International Booker Prize 2021 Erresuma Batuan. 2023an, LitProm alemanezko plataformak emandako LIBerarturpreis saria irabazi zuen, baina antolatzaileek bertan behera utzi zuten saria ematea, Palestinan urrian berpiztutako indarkeria dela eta. Liburuaren munduko mila profesional baino gehiagok, tartean zenbait Literatura Nobel saridunek, manifestu bat sinatu zuten Shibliri saria ematea exijituz.
Aitor Blanco
Aitor Blanco Leoz (Iruñea, 1992). Itzulpengintza eta Interpretazioko Gradua eta Euskal Hizkuntzalaritzako eta Filologiako Masterra egin zituen Euskal Herriko Unibertsitatean. 2017az geroztik, Itzultzaile eta interprete dihardu Nafarroako Unibertsitate Publikoan. 2022an, Gazte Literaturako Vitoria-Gasteiz saria irabazi zuen Sherlock Holmesen
memoriak liburuaren itzulpenagatik. EIZIEren zuzendaritzako kidea da, baita 31 eskutik blogaren editorea ere.