Izenburua: Gurpilak
Idazlea: Eztizen Artola Iturrate
Argitaletxea: Txalaparta
Urtea: 2024
Autoa, haurra, bidaia. Zenbat falta da? Nola azaldu distantzia ume gosetu, nekatu, urduri bati. Nola neurtu denbora? Zenbat abesti, zenbat urtebetetze, zenbat herri-izen kabitzen dira espetxealdi batean? Kartzelara bisitan joatea ohitura baino gehiago bizimolde duen haur bat, gero nerabe, gero gazte. Eta kartzelan baizik ikusten ez duen aita. Xalotasunetik abiatzen da liburu honetako narratzailea, berak aukeratu ez duen matazan puskaz puska bidea aurkitu nahian. Mansilla de las Mulas. Daroca. Aranjuez. Etxea. Ezin ulertuak, gaizki ulertuak eta ulertu nahi ezak. Etxe izandako kartzela nola bihurtzen den badena. Errepide bazterreko jatetxeak eta harrapaketan jolastea. Etxea!
Ume motxiladun baten bizipenak jaso ditu Eztizen Artolak bere aurreneko nobelan. Denboran luzatutako sakabanaketan murgildu, eta orain arte literaturan kontatu gabeko espazio bati hitzak jarri.
 




Euskal Herrian bizi izan dugun gatazka, betidanik “helduen” ahotik irakurri eta entzun izan dugu. Familiakoen lekukotasunak entzun izan ditugu, baina ume motxiladunen iritzia eta bizipenak?
Artolak biziki ondo azaldu digu zer sentitzen duen haur motxiladun batek, bere kezkak, bere galderak, bere bizipenak…
Di-da batean irakurtzen den liburua, hausnarketarako ematen duena. Irribarrez zein malkoz betetzen duena irakurlearen aurpegia.