Izenburua: Lautadako mamua
Idazlea: Xabier Montoia
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2024
XIX. mendea sartuxea da; modernitatearen zantzu batzuk han-hemen barrundatu arren, lur-lanari eta betiko ohiturei loturik bizi da jenderik gehiena. Gizarte tradizional hura goitik behera inarrosiko du, ordea, hilketa sorta batek. Hildakoak prostitutak izan diren bitartean axola handirik ez agintariei zein legea zintzo betetzen duten kristau prestuei; halako batean, baina, emakume ondraduak akabatzen hasi dira, etxekoandre kabalak nahiz neskatila gazteak.
Lautadako paisaiaren soiltasunaz eta negu mineko hoztasunaz kontatu ditu Xabier Montoiak kondaira bihurturiko gertakariok, istorioaren laztura agerian uzten duen idazkera doi, zehatz eta ia-ia lehorrez. Krimen beldurgarrion atzean dagoen hatsa sentitzeraino, giza arimaren barrunbeetan datzan amildegiaren ertzean.
Liburu interesgarria Xabier Montoiaren azkena. Juan Diz de Garaio Sakamantekasen bizitza zehaztasun osoz kontatzen digu idazleak, bai hirugarren pertsonaren bidez bai lekuko askoren ahotsen bidez. Dokumentazio lan eskerga egin omen du Xabiarrek liburua osatzeko.
Azkar irakurtzen da liburua, nahiz eta ahotsen hainbeste aldaketek pixka bat zaildu.
Idazkeraren aldetik esan behar da oso txukuna dela, Xabierrengan oso ohikoa den bezala, idazle aparta baita.
Ondorioz, oso gomendagarria da liburu hau, Xabier Montoiaren gehienak bezala.
Arin irakurri dut Montoiaren azken liburua. Liburu mehea da, apaingarri gutxi erabili dituelako istorio gordin eta krudel bat kontatzeko.
Halere, bitxia egin zait Montoiak gizon nekazari horren istorioa kontatzea. Izan ere, nekazari xume eta apala izanik ere, krimen eta bortxaketa ugari egin zituen Gasteizko lautadan barrena eta horiek guztiak egin ondoren, errurik edo damurik erakutsi gabe preso hartu eta herriaren aurrean hil zuten. Era berean, bitxia egin zait protagonista horren emazteak (lehenengoa izan ezik) mozkorrak eta alferrak izatea eta hori izatea bidetik topatzen zituen emakumeak hiltzeko arrazoia edo mendekua.
Pentsatu nahi dut ezjakintasunak eta heziketa faltak bultza dezakeela pertsona bat horrelako izugarrikeriak egitera, edo batek daki zerk! Eta jakin badakit horrelako pertsona basatiak lehenago ere bazeudela, baina emakumea naiz eta apur bat uzkurtuta irakurtzen ditut horrelakoak. Liburuak apur bat aztoratuta utzi nau, baina, akaso, guztioi astindu moduko bat eman nahi izan digu idazleak eta jarrera aktibo bat gugan probokatu.
Ez dakit, akaso.