Egañak 3.000 euroko saria jasoko du eta udazkenean kaleratuko du liburua Elkar etxeak
Arrate Egañak (Errenteria, 1963) irabazi du 2015eko haur literaturako Mikel Zarate Saria. Lehiaketara aurkeztu diren hemeretzi lanen artetik Egañaren Patioan kontakizuna saritu du Leire Bilbaok, Miren Agur Meabek eta Antxiñe Mendizabalek osatutako epaimahaiak. Irabazleak 3.000 euroko saria jasoko du eta liburua udazkenean kaleratuko du Elkar argitaletxeak. Lezamako Udalak eta Elkarrek antolatzen duten sariketa honek bosgarren edizioa izan du aurtengoa.
Patioan izeneko istorio honek neska koxkor bat aurkezten digu, Malen, eskolako jolas-orduan, mutilak patioan futbolean ari direnean, patioaren erdian jartzea erabakitzen duena, hortxe egon nahi duelako. Malenen jarrerak hainbat arazo eta buruhauste sortuko ditu, eta horren aurrean modu batera nahiz bestera erreakzionatu beharko dute irakasleek, ikaskideek, gurasoek… Ausardia erakusten du egileak gaia hautatzean, eta trebezia berau lantzean. Haurrentzako istorio batek eskatzen duen sinpletasunean baina sinplekerian erori gabe.
Errenterian jaioa, Arrate Egaña Bermeon bizi da gaur egun. Filologia Hispanikoan lizentziatua da, eta urte batzuetan irakasle jardun ondoren gaur egun Hezkuntza sistemaren ebaluazioan egiten du lan. Paradisua ipuin-bilduma idatzi du helduentzat, eta hainbat istorio haurrentzat: Kixmi elurpean, Hizkuntza sekretuak, Giltza, Simon ipuinen munduan… Sari ugari irabazitakoa da: Baporea nahiz Lizardi haur literaturakoak, Kutxa antzerki saria, Gabriel Aresti ipuin lehiaketa…