Asier Serranok irabazi du Xabier Lete III. Poesia Saria

0

Eibartarraren Linbotarrak lana Pamielak etxeak kaleratuko du

Asier Serranok irabazi du Xabier Lete Poesia Sariaren hirugarren edizioa. Idazle eta musikari eibartarraren Linbotarrak lana saritu du Joxerra Garziak, Lourdes Otaegik, Iratxe Retolazak, Tere Irastortzak eta Igor Estankonak osatutako epaimahaiak. Haien arabera, izenburuak besterik iradoki badezake ere, “kontu mundutarrak” dira Serranoren poemetan aurkituko ditugunak, “eguneroko jokabideetatik hasi eta kritika sozial eta politikorainoko esparru guztian. Askotarikoak dira irudi poetikoak, erreferentzia eta estilo arras desberdinetakoak, eta gehienetan ageriko loturarik gabe, collage moduan uztartuta”.

Irun Hiria Poesia Saria eman zion Ate osteko itzalak lanaren jarraipena da Linbotarrak Serranok azaldu zuenez, “nahiz eta hura barrokoagoa edo jantziagoa izan”. Linbotarrak “libre” idazten saiatu omen da, “filtrorik gabeko kamera” erabiliz. “Horrek min handiagoa ematen du, baina askoz ere garbiago iristen da mezua”.

Asier Serranok Jose Ramon Andaren eskultura bat eta 12.000 euro jaso ditu. Diru hori eta Irun Hiria sarian jasotakoa kulturarako erabiliko omen ditu: poesia eta musika uztartzen dituen ikuskari bat onduko du. Bestetik, Linbotarrak lan saritua Pamiela etxeak kaleratuko du datorren hilean.

Hirugarren edizioa izan du aurtengoa Gipuzkoako Foru Aldundiak bi urtez behin antolatzen duen Xabier Lete Poesia Sariak. Aurreko bi edizioetako irabazleak Karlos Linazasoro eta Luis Garde izan ziren.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments