Izenburua: Ahaztuen mendekua
Idazlea: Alberto Ladron Arana
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2009
Iratin dabiltzala, eztabaidan hasi dira Ana eta Oskar, neskak deskubritu baitu mutilak
harremanak dituela beste gizonezko batekin. Liskarraren ondotik bereizi egiten dira
mendian: Oskar autoa utzia duten lekura itzultzen da; Ana, berriz, ez da inondik ere
agertzen. Foru Polizia hasiko da desagertzea ikertzen, baita Oskar bere kasa ere,
hilketa baten errudun egingo duten beldurrez. Egunek aurrera egin ahala, pertsonaiak
gero eta katramilatuago aurkituko dira, hainbat hari-mutur dituen matazan: jelosia,
diru-interes ilunak, iraganeko gertakari are ilunagoak…









Liburu interesgarria iruditu zait. Berehala harrapatzen zaitu eta amaiera zirraragarria. Gomendatzen dizut!
Niri liburu hau oso entretenigarria iruditu zait bainan azkeneko 5-6 orriak ez ditut ondo ulertu, gehiegi enrebesatzen du Xabierren bizitza
Polizia-eleberria bada ere, gai franko aipatzen ditu Alberto Ladron Aranak, homosexualitatea eta gerra zibila, besteak beste. Oso erraz irakurri dut eleberri hau, hiztegia apala baita, baita egiturak ere, eta gainera, oso atsegina da. Estilo aldetik, esaldi motzak eta elkarrizketa asko erabiltzen ditu egileak, adibidez, 114., 83., 60. eta abarretako orrialdeetan. Bestalde, errepikapenak usatzen ditu, adibidez 37. orrialdean: “Gogoak ematen zionean joanen zen mendira, eta gogoak ematen zionean oheratuko Xabierrekin”. 64. orrialdean: “Pikutara Armentiaren susmo ilunak, pikutara Marisa eta bere argazki nazkagarriak, pikutara mundu guztia”. Horrez gain, nabaritzen da idazlea Iruñekoa dela, “izanen”, “emanen”, “erranen”, “joanen” eta “karrika” idazten ditu. Asko atsegin izan dut protagonista bikote homosexuala izatea: Xabier eta Oskar hain zuzen ere. Hala eta guztiz ere, idazleak ez du gai homosexualean sakontzen, nekez hitz egiten du gai horretaz eleberri honetan. Nik nahi nuke idazle batzuek egiten duten legez, balore, ohiturak eta bizitza ikuspuntu homosexuala aldarrikatzea. Adibidez, Frantziako Marcel Proustek “Denbora galduaren bila” izenekoan, Kataluniako Lluis Mª Todok “Fiziozko plazerrak” eta “Frantziako zorigaitza” delakoetan, Espainiako Lluis Antonio de Villenak “Gainbeheraren eguzkia” deritzona eta egiptoar Andre Acimanek “Llámame por tu nombre” izenekoan.
Gustatu egin zait polizia-eleberri hau. Autoreak ederki erakusten du Euskal Herriak ere parada ematen duela intriga istorio politak asmatzeko. Gainera, ederto narraturik dagoenez, eta atal baten amaierak hurrengoan zer gertatuko den jakin nahi izatera eramaten zaituenez, di-da batean irensten da.
Liburu hau entretenigarria egin zait, gaiak eta suspenseak harrapatu nautelako, baina “baina” asko ditu. Batzuk aipatze arren: protagonisten arteko ustezko erlazioa ez zait bikote erlazio bat iruditu; bigarren mailako pertsonaiak sakondu gabe daudela iruditu zait (polizia estereotipatuegia adibidez); eta bukaera, batez ere bukaera. Idazleak ezusteko handiegia eman nahi izan duelakoan nago eta ikerketaren amaiera ere sinestezina iruditu zait.
Nobela hau gustatu zait, zeren eta hasieratik enredatzen zaitu Ana eta Oskarrek duten munduak. Gainera, gauzak gero eta azkarrago gertatzen direnez, ezin duzu aurkitu irakurtzeari uzteko unea. Eta euskaldun berriontzat oso nobela ulergarria da ere bai. Gustatu zait.
Entretenigarria. Gaurkotasun handiko gai ezberdin asko, agian gehiegi, erlazionaturik osaturiko intriga eleberri bat da; tartean, gerra zibila eta ondorengo garaietako fusilatuen “azaleratzea”, korrupzio urbanistikoa, homosexualitatea, maitasun minetatik sortutako mendeku gosea…Aipagarriena, azkeneko kapituluko sorpresatxoa.
Eleberri beltz bikaina ekarri berri digu Alberto Ladronek. Oso azkar irakurtzen da eta oso ondo josita dago istorioa. Amaieran, ustekabea gertatzen da, eleberri beltz onenetan bezala. Gai asko jorratzen ditu Albertok: homosexualitatea, gerra zibila eta han gertatu ziren fusilaketak, hirigintzaren gehiegikeria, etab. Gai guztiak ondo kokatuta daude, orkestra batean bezala. Beraz, oso gustura irakurtzen den liburua eta guztiz gomendagarria.
Oso gustura irakurtzen den suspentse nobela. Hasieratik bukaeraraino suspentsea mantentzen du idazleak. Oso-oso entretenigarria.