Izenburua: Gu bezalako heroiak
Idazlea: Iñaki Irasizabal
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2009
1994. Aitonarekin bizitzen jarri da gazte bat: suizidiorako joera du agureak, eta psikiatrek uste dute gerrako oroitzapen isilduek zerikusi zuzena dutela horrekin. Aitona hobeto ezagutzen saiatuko da gaztea, 36ko gerraz eta Bizkargiko borrokez gehiago jakiten.









Liburu honek gerra zibilaren ondorioen gainean hitz egiten du. Protagonistaren aitona behin baino gehiagotan ahalegindu da bere buruaz beste egiten, gerra zibilean gertatutakoa dela eta.Horregatik, bere biloba berarekin bizi izatera doa. Esaten duen moduan, “Bere istorioa ahazten duen herria errepikatzera kondenatuta dago”. Hori dela eta 1936 eta 1939 artean jazotako gertaerei buruz idaztea ondo dago, nire ustez. Hala eta guztiz ere, “Gu bezalako heroiak” delako eleberriak oraingo arazoak ere aipatzen ditu.Horrela, protagonistak onartzen du bere bikotekidearen semearekiko jarrerak lotsatzen duela eta azkenean damutzen dela horrela jokatu izanaz.Izugarri atsegin izan dut protagonista ez dela burges bat eta lantegi batean egiten duela lan, tailer txiki batean. Gainera onartzen du lan nekea eta zikina dela, neurririk gabeko lan bat dela. Estiloaren aldetik, testu hau irakurtzean Azorinen estiloa datorkit burura, oso esaldi motzak erabiltzen baititu Irasizabalek. Hori guztia dela eta liburu hau irakurtzea merezi du.
Pertsonaia nagusia aitona dugu. Aitona horrek Gerra Zibilaren denborako sekretua bere baitan atxikitzen du; depresio sakonera darama sekretuak. Senideek lagundu egin nahi diote eta iloba -narratzaile duguna- aitonarekin biziko da. Gazteak Bizkargiko mendian dauden gerrako aztarnak bilatzen ditu aitona-gudariaren sekretua argitzeko itxaropenarekin. Debaldetan.
Istorio hori kontatzeko, Iñaki Irasizabalek narrazio tartekatuen teknika aukeratu du. Baina kontakizun desberdinak, amodioaren gorabeherak, lanaren arazoak, aitonarekiko bizitza, Gerra Zibilari buruzko inkesta… trenkatuegiak daude. Zati hauen arteko loturaren eskasa nabaritzen da. Azken finean, istorio nagusiari oinarrizko unitatea falta zaio, eta liburuari itxura artifiziala emaiten dio.
Liburu honi nik aprobatu bat emango nioke gehienez. Gaia interesgarria den arren, pertsonaiak ez zaizkit sinesgarriak iruditu (aitona goitik behera, protagonista eta lana, protagonista eta umea, umea bera…) eta erabili dituen gaiak topikoegiak iruditu zaizkit, eta batez ere idazkera aldetik dena iruditu zait ohikoegia. Berritasun gutxiegi.
Nobela benetan interesgarria Iñaki Irasizabal idazle durangarrak aurkezten diguna. Arratsalde batean erraz irakurtzeko denbora ematen du.
Istorioa bere aitonarekin bizitzera joaten den gazte bati buruzkoa da. Aitona suizidatzen saiatu da eta ondorioz gaztearen izebak eskatuta honen etxera joaten da. Aitonak zerbait dauka barrenean eta gazteak atera egin beharko dio. Zera hori Espainiako gerra zibilean gertatuko zerbait dela suposatzen da. Hasierako erlazioa hotza izango da baina gazteak gerrari buruz gero eta gauza gehiago irakurtzen dituen bitartean bien arteko erlazioa sakonagoa bihurtuko da solasaldiak gero eta serioagoak izango direlako.
Hori nobela honen ardatz nagusia da baina baditu beste azpigai batzuk ere: gazteak ETT baten bitartez lan egiten du lantegi batean, ume bat daukan emakume batekin erlazio bat mantentzen du eta etorkizunean gertatuko denaz beldur da… Beraz esan liteke gazte askori interesatzen zaizkigun gaiak jorratu dituela. Gainera ondo kontatutako istorio bat da eta istorio on batek bezala bat bateko aldaketak ditu.
Liburu hau irakurri ondoren gomendagarria dela esan dezaket.
Iñaki Irasizabalen azken liburuak gerra zibilaren gaia dakarkigu. Protagonistaren aitonak sekretu bat gordetzen du gerrako pasadizo bati buruz. Bestalde, protagonistaren bizitza ere (lana, maitasuna) azaltzen zaigu liburuan. Idazkera erraza eta arina da eta, nahiz eta zuku gehiago atera ahal izan gerrako istorioari, atsegina gertatzen da eleberria. Ez da maisulana baina gomendatzekoa bai behintzat.