Elurra sutan

4

Izenburua: Elurra sutan
Idazlea: Juan Kruz Igerabide
Argitaletxea: Alberdania
Urtea: 2009

Yoga-maisu bat Bilbon trantsizio-garaian, semearekin Indiatik etorria. Bakezaletasuna eta mistika, industria-gainbeherak eta trantsizioak berekin dituzten gatazkekin nahasturik. Aldi berean, mendizaletasunaren eta eskaladaren mistika, yogarekin, astrologiarekin eta New Age joerekin bateraturik. Eta euskal esoterismoa loratzeko ahalegina, gatazkaren aldeko apustu etsiezinarekin kontrastean.

Horretan guztian, eta batez ere, pertsona zenbait, bizitza grisetik aterako dituen bidearen bila, elkar maitatuz, elkarri min eginez, tragedian, eta batik bat transzendentziazko fartsan barregarri bezain maitagarri.

Subscribe
Notify of
guest

4 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Andoain

Bukatu berri dut liburua. Gustura irakurri dut, arin arin, baina utzi didan arrastoa berezia izan da, liburua bera bezalaxe. Gai asko tartekatzen da bertan : transizio garaiko (berriro ere transizioa Igerabideren lanean) giro politiko eta soziala (lan-gatazka, bereziki), yoga mundua, bakezaletasuna, euskal mistika eta (euskal) arraza berri bat sortzeko ametsa (?)…eta batez ere, niretzako, arestian aipatutako guzti horretan kokatutako bikote harreman bat, dependentzian oinarritua; neskak bere ni-a bilatzeko alegin bat hasiko du eta orduan tratu txarrak (Zoaz infernura laztana eleberrian Lertxundik ere jorratu zuen gaia) pairatuko ditu mutilaren partetik.
Oso ondo idatzia: euskara jasoa alde batetik, aldaerarik zabarrena bestetik (birao mordoska bat tartekatuz), jatorrena ere…eta errematatzeko, yoga munduko espresio ugari. Egitura ere aberatsa eta ondo jorratua: pertsonai ezberdinen ikuspegiak, garai batetik bestera saltoak…
Finean : Interesgarria eta irakurterreza.

Gasteiz

Balekoa
Liburu hau ondo idatzia dago, hizkuntza ona, eta idazleak erabiltzen dituen baliabideak denak onerako izan direla uste dut. Baina istorioak ez dauka funtsik, ez da sinesgarria eta serio hartzekoa (idazleak beste era batera irakurtzea nahi balu, niretzat behintzat argiago jarri beharko luke). Beraz horixe, balekoa.

Irakurle

2005 urtean Beterriko Liburua jaso zuen “Hauts bihurtu zineten” hura gehiegi gustatu ez bazitzaidan ere, egunkarian irakurritako aipuak ¬–Yoga-maisu bat Bilbon trantsizio-garaian, semearekin Indiatik etorria. Bakezaletasuna eta mistika, industria-gainbeherak eta trantsizioak berekin dituzten gatazkekin nahasturik– bultzatu ninduen liburua irakurtzera. Nola uztartuko ote zituen itxuraz hain desberdinak diren bi gai idazleak, horra jakin-mina piztu zidana. Hasteko esan behar dut, gauzak horrela, bai azalak eta bai lehenengo atalak erabat jokoz kanpo utzi nindutela; agian, egunkariko aipua osorik irakurri ez nuelako. Iñigo eta Mirentxu eta Lidia eta Xabierrekin sortutako harremanak eta ideiak ere hanpatuegiak iruditu zaizkit hasieran; baina, narrazioak aurrera egin ahala, zentzua bazutela eta idazleak ongi harilkatu dituela iruditu zait. Egiari zor, bakezaletasuna eta Euskal Herriaren aldeko borrokak lotura izan zutela ere gogoratu ahal izan dut, baita garai bateko nuklearren aurkako borroka, naturismoa– Integral aldizkaria– etab. Narratzaileaz gain, Ananda eta Kandidoren ahotsak dira istorioan barneratu eta Sararen, nobelaren protagonista nagusiaren, ahotsa azaltzen digutenak. Beren kontakizunean, beste askoren oihartzuna ere jasoko dugu: Miranderena, Gandhirena, Ken WilberrenaYoghi zaharrarena… Ekintza eta istorioaren azalpena modu paraleloan garatzen dira, aldi berean, Kandidok hitanoa erabiliko du hurbiltasuna eta indarra azaltzeko; Anandak hizkuntza neutroagoa, baina biek hala biek Sararekin batera osatzen duten hirukotearekiko maitasun-gorrotozko istorioa azaleratuko digute. Trantsizio garaiko kontu garratz batzuk gogoratuz, errealismoz beteriko istorio gogor bezain interesgarria argitaratu du Igerabidek, patxadan eta etenik egin gabe kateatzen zaituena. Oso gomendagarria. 2005ean Beterriko Saria irabazi bazuen, oraingoan ere ez luke urruti ibili behar.

Bilbo 54.3

Oso liburu bitxia Igerabideren azken hau. Gaia oso arraroa da euskal literaturan: yoga, ekialdeko sineskerak eta esoterismoa, euskal gatazkarekin nahastuak. Liburuaren hasierak guztiz lekuz kanpo utzi nau, istorioarekin zerikusirik ez duela ematen baitu, baina amaieran dena argitzen da. Bestalde, hiru narratzaile egoteak (Kandido, Ananda eta narratzaile orojakilea) pixka bat zailtzen du irakurketa, baina argigarria ere bada, ikuspuntu guztiak agertzen baitira. Laburbilduz, liburu gomendagarria, baina patxadaz eta arretaz irakurtzeko.