Maddi Zubeldia: “Nire buruari eskubidea eman diodalarik gertatu da aldaketa”

0

Maddi Zubeldia (Donostia, 1961) artista geldiezina bihurtu da azken urte hauetan, hiru disko, bi eleberri eta antzerki bat plazaraturik. 111 Akademiaren Sariaren finalistetan iritsi zen 2017an ‘Deserria haurtzaro’ lehen eleberriarekin. Azkaineko ikastolan irakasle da bestalde, baita Ziburun Baltsan elkartean ere, euskarari dagokion lekua ematen. Irakurzaletasuna euskaraz ere segurtatzea duela erronka, baita memoriaren transmisioa ere. Plazera nehoiz ahantzi gabe.

Idazle ibilbideari begira…
Bueno, ibilbide…

Bai, ez? Ongi kalkulatu badut 2013an atera zenuen lehen diskoa, orduan egin zenuen plaza publikora lehen saltoa eta geroztik beste bi disko, bi eleberri eta antzerki bat kaleratu dituzu. Pasa dituzu 52 urte deus atera gabe eta geroztik, berriz, geldiezina zara?
Ireki da iturria (irriak). Ireki dira ateak eta ari naiz.

Modu informalean musikan eta idazten beti aritu zara, baina zerk eragin du plaza publikora salto egin izana 52 urtetan?
Uste dut ontze bat badela. Idaztea beti izan dut lagun. Horren beharra dut, baina nire prozesu pertsonalagatik. Sentitzen dudana azkarregia baita askotan. Hitzetan emateak edo musikatzeak, distantzia bat emateak, laguntzen nau ulertzen. Beste kontu bat da hori plazaratzea. Orduan, beldurra ere bada. Lotsa. Nik zer aterako dut hemen? Prozesua izan da… kantuekin hasi eta inguruko jendeak izan zuen harrera baikorrak animatu ninduen. “Bai neska!”… “Baina idazten duzu bestela?” Eta nik baietz, zerbait bai. Horrela izan da. Kate bat da, hasi zerbaitetan eta gero bestea. Nire buruari eskubidea eman diodalarik gertatu da aldaketa.

Zein desberdintasun ikusten duzu plaza publiko eta ez publikoaren artean?
Gauza batek motibatzen nau: Euskaraz irakurtzen ez zuen jendeak, ezagutzen ninduelako edo adiskidetasunez edo, ba, irakurtzen hasi eta plazera hartzeak. Orduan, hurbiltze lan hori betetzen ahal badut, bikain. Ipar Euskal Herri honetan aski maiz gertatu izan zait hori entzutea. Ez da ahantzi behar hemen ez dela halako ohidurarik euskaraz irakurtzeko. Bada beldur hori: zailegia delakoan, edo urrunegi delakoan hizkuntzagatik. Irakurlegoa bada, baina frantsesez gehiago, nahiz eta euskaldun jendeen artean izan.

Lotsa aipatzen duzularik, kontu hori generoari lotua ere izan daiteke? Emazte anitzen diskurtsoetan entzuten baita hori. Zer diozu horretaz?
Bai, ezin gara eskapatu, nahiz eta ez dudan sufritu nire familian eta. Gero, nik txikitatik bizi izan dudana izan da etorkin izatearen esperientzia. Nahiz eta nire herrian izan. Baina badakit nire buruan pentsatu izan dudala: “hau ez da niretzat”. Inork ez nau kanporatu. Inork ez dit erran. Uste dut inkontzienteki sartua nuela. Gauza zozo bat… Izan beharko nituen 8 edo 9 urte, eta eskolako gelako batzuk joaten ziren kontserbatoriora musika ikastera. Ba nik pentsatzen nuen hori niretzat ez zela, hemengoa ez nintzelako.

Plaza publikoa hartzea ere, ezin, beraz?
Hori biziki errotua denean zaila da gainditzea. Denbora behar da. Kokatu. Zure txokoa egin. Eta Ziburuk hori eskaini dit. Leku bat. Erroak hemen sartuak ditut berriz. Hemen bizitza egin dut eta ongi sentitzen naiz.

Ez zara etorkin sentitzen orain?
Ez, ez. Gero, nik argi nuen hemen ez nintzela etorkin. Etorkin sentiarazi nahi ninduten. Euskaldun askori bezala. Etorkin izan gabe ere arrotz sentiarazten gaituzte gure herrian. Edo kulturalki ere gutxiago dela gurea. Dena nahasketa bat hor. Horrek jartzen zaitu halako leku deseroso batean. Nahiz eta nik beti argi ukan euskaldun izateak mantendu nauela zutik. Horrek atxiki gaitu. Etxean guk biziki argi genuen euskaldunak ginela. Ez genion inori uzten espainolak ginenik erraten. Hori oinarri finkoa da. Baina gero hori pertsonalki nola garatu? Zer baimentzen diozun zeure buruari, hori konplexua da.

Entzuna zaitut erraten orain denbora gehiago duzula idazteko.
Bai, hori beste arrazoi oso pragmatikoa da. Seme alabak txikiak dituzunean, ikastolako guraso zarelarik, ikastolako irakasle, inplikatua ez dakit zenbat elkartetan… betiko berak daude denetan sartuak. Orduan noski denbora aldetik ere… ez duzu.

Entzun zaitut ere erraten orain berinak zikinagoak direla agian, baina asumituagoa duzula.
Bai (irriak) hori da!

Etorkin izatearen kontu hori aipatzen duzula, ‘Deserria haurtzaro’ liburuan aipatzen duzu gaia, nahiz fikzio moduan izan.
Bai. Lehenbizi egin nahi nuena zen horrelako kontakizun errealista bat, seme alabei uzteko. Baina ez nuen lortu. Aspertu nintzen.

Fikzioak eman dizu ez aspertzeko aukera?
Fikzioak eman dit, alde batetik, ez aspertzeko aukera, eta bestetik, distantzia gehiago hartzekoa. Ez bainintzen prest oraino lehen pertsonan emateko. Minbera zen batzuetan. Behar nuen distantzia bilatu. Nahiz eta gauza anitz autobiografikoak diren. Behin kontakizun pertsonala uztea erabaki nuela, gero hasi nintzen fikzio modura idazten, eta dena galdu nuen. Gako batean sartu nuen eta erdia baino gehiago idatzia nuelarik dena galdu duen. Gauza kurioso bat. Urtu zitzaidan gakoa. Zinez ikaragarria izan zen niretzat. Dolu bat bezalakoa. Beraz, utzi nuen hilabeteetan. Behar bada seinale bat zela, ez dudala idatzi behar. Baina halere, lanean ari zen barnean nuen hori eta berriz lotu nintzen. Eta lotzen hasi nintzenean atera zen haur lapurtuen gaia. Hor jakin nuen sare hori nola Landesetaraino joaten zen, Akizeraino. Nire ahizpa gazteena han jaioa da. Eta pentsatu nuen: “Horrelako bat? Guri?”. Gertatzen ahal zitzaigun, segur. Familia etorkina, pixka bat galdua… Horrela lotu ziren istorioak. Eta arrunt beste zerbait gelditu da.

Errealitatetik hain hurbil non irakurle batzuek aurkitu duten beren istorioa liburuan.
Garai hartan Landesetan bizi izan emakume bat etorri zitzaidan. Liburuarekin oso hunkituak izan zirela erran zidaten. Haiek bizi izan dute haur lapurtuarena. Eta noski, nola frogatu? Horrelako zauri handiak gelditzen dira.

Inportantea zaizu erraitea hau ere gertatu dela?
Bai, nahiz eta inongo misiorik ez gogoan izan.

Zuek joan behar izan zenuten Landesetara Francorengatik?
Bai hori da.

Eta Landesetan ez zen giro…
Niretzat Landesetan ikaragarria izan da. Txikia nintzen baina harrigarria egin zait beti nola sentitzen nuen herrimina hain txikia izanda. 6 urtetatik 8, 9 urtera. Ez zen nire txokoa. Alta, integratu nintzen, frantsesa ikasi nuen zoragarri, eskolan bikain, nahi duzun guztia. Baina nire barnean… ez zen hori. Beste gai bat zen ere erbestearena. Asko aipatu den gaia da baina haurraren ikuspegitik uste dut ez dela asko tratatua izan. Nik behintzat ez dut anitz ikusi. Maiz entzuten da: haur hori ez dakit nondik datorren baina egokituko dela, gaztea dela. Bai, egokituko da, baina ez ahantzi, txikitako arraildurak hor daude. Ez da hain sinplea afera. Interesatzen zitzaidan hori aztertzea.

Haurtzarotik zahartzarora, eleberritik antzerkira, ‘Oroitzen naizeno’ antzerkian, zure ama duzu abiapuntu, nahiz eta hor ere fikzioarekin nahasi.
Lehenbizi oso zuzena zen. Amari Alzheimerra diagnostikatu zioten. Eta nik, betikoa. Nik hori irentsi ahal izateko hasi nintzen testua idazten. Ez nekien zer forma hartuko zuen. Baina idazteak lagundu ninduen egoera pixka bat argitzen. Nuen galdera zen: zer gertatzen da joaten ari den memoria horrekin ? Non gelditzen da? Zer pasatzen da hor? Eta aldi berean pentsatzen duzu… memoria galtze hori… Emakume horiek, emakume diot baina gizonezkoekin berdin, bizi izan duten guztia –89 urte ditu amak– galduko da? Alde batetik horri eutsi nahi nion, eta bestaldetik, emakume euskaldunen ohoretan egin nahi nuen. Forma hori hartu zuen antzerkiak: Emakumea bere egunerokotasunean eta beste pertsonaia bere memoria, joaten dena osatzen ahanzten dituenak. Eta duintasuna berreskuratzen.

Eta hor ere publikotik oihartzunak izan dituzu.
Erizain batek baino gehiagok erran didate obra honek berriz ere oroitarazi diela aurrean dituztenak ez direla pertsona eriak, pertsonak baizik, beren osotasunean. Ez zen nire lehen asmoa hori aldarrikatzea baina bai, egia da. Gero, bada ere… gai horrek hainbeste jende hunkitzen du! Horretaz ere ohartu naiz. Zer da hau? Sekulako jendea da horrekin hunkitua.

Duintasuna ematea inportanta zaizu.
Bai, eta bada beste zerbait ere inportanta dena: muga ezabatzearena. Hegoalde-iparralde kontu hori. Ez dakit ahalegin inkonzientea ez ote den muga hori kendu eta bi historiek bat egin dezaten. Mugarekin beti badago istorio bat.

Muga aipatzen duzula, Gipuzkoan sortua zara baina Lapurdin daramazu anitzez urte gehiago. Idazten duzularik, hitzak aukeratzeko mementoan, nor duzu gogoan?
Norbaitentzat idazten banu inguruko jendeentzako idatziko nuke. Batueraz idazten dut baina hala ere saiatzen naiz hemen inguruan entzuten direnak sartzen, hiztegi aldetik, erran moldeak eta. Ez daitezen galdu. Nortasun txikiak dira hauek ere. Batuera handi horretan, nortasun txiki horiek ere azaleratzea gustatzen zait.

111 Akademiako irakurleen sariaren finalistetan iritsi zinen 2017an; Euskal Herri osoko irakurleak biltzen ditu.
Bai, harrigarria egin zitzaidan. Uxue Alberdiren parean, pentsa! Ez dakit ere Akademiaraino nola iritsi den nire liburua. Ezagutuko zutenik ere… Muga hau muga baita. Zaila da. Literatura ez da horrela pasatzen, eta artea orohar. Zirkuituak ez dira eginak. Aipatu egiten da, Euskal Herria bere osotasunean eta, baina ez dut uste horrela denik.

Azkenean Gipuzkoatik Lapurdira etorri eta artean zegoen muga hautsi nahian aritu zara, eta orain segitzen duzu hautsi nahian, baina beste aldetik…
Bai, bai! (irriak) Hor dago muga eta horrekin bizi behar dugu birusarekin bizi behar dugun bezala! Horrela gaude.

Irakur klubek ere gonbidatu zaituzte, ez? Hain segur Hegoaldekoak gehienak.
Bai, Hegoaldekoak. Donostian, Lazkaon, Iruñean. Zein polita den! Zinez. Batetik, ni emozionatzen naiz aldi oroz ikusten ditudalako dozena bat lagun nire liburuarekin… Urrats hori egin izanaz. Liburu hori hautatu, irakurri, gogoetatu eta gonbidatzen zaituzte… Eta partekatze hori. Egia da suertez edo, biziki harrera ona egin izan didatela beti.

Hortaz, muga pasatu du liburuak?
Eta ez dakizu zein interesa duten, gainera. Gehienek zioten hemengo kutsua duela liburuak baina ulertzen dutela. Badute alde hau: “Zuri oso ongi ulertzen zaizu, baina beste batzuei…” Eta nik: “Bai eta zuei?” Ireki pixka bat! (irriak). Talde batzuk oso zorrotzak dira. Batek ekarri zuen ‘Deserria haurtzaro’ko lexikoa egina: liburuan erabili Lapurdiko hitzak eta haien hitzak ondoan, taldearentzat. Bada horrelako irudi erromantiko bat ere Ipar Euskal Herriaz. Ongi kantatzen dugula, eta zein goxoak garen… Hizkuntza goxoa dugula.

Eta zuk ongi kantatzen duzu eta hizkuntza goxoa duzu…
Bai, sartzen naiz topikoetan bete betean!… nire amets gaiztoak dira topikoak… Gero, euskalkiek duten grazia, niri ere gustatzen zait. Bizkaieraz berdin, e! Zuberotarra ere bai. Erran nahi dut ematen diola euskarari  nortasun berezi bat. Kokatzen du.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments