[2003ko martxoan Beterriko Liburua aldizkariaren 17. zenbakian argitaratutako elkarrizketa]
Azkoitian jaio zen Felipe Juaristi, egun Intxaurrondon bizi bada ere. Kazetaritza eta Soziologia ikasketak egin zituen Madrileko Unibertsitatean. Hainbat komunikabidetan zutabegile modua lan egiten badu ere, poeta moduan da ezaguna batez ere. Haur eta gazte literaturan dihardu batik bat azken boladan. Lan ugariren egilea da, azkena argitara eman duena Itzarri nahi ez zuen printzesa fantasiaz beteriko eleberria da. Azken lan horren bidetik, Feliperen langintzaren berri bildu dugu.
Idazle moduan, zein izan ziren zure lehenengo pausoak?
Ez dakit seguru aski zergatik hasi nintzen idazten, gauza asko nituen buruan. Berandu hasi nintzen idazten, hogeita zortzi urte nituenean argitaratu nuen nire lehenengo liburua eta ordura arte idatzi, idazten nuen, baina ez argitaratzeko, niretzako baizik. Garai hartan izugarri irakurtzen nuen eta nik Madrilen ikasi nuenez, oso gutxitan etortzen nintzen Euskal Herrira. Gero, batetik bestera ibili nintzen lana aurkitu nuen arte. Egunen batean idatzita neukana atera eta lehenengo poema liburua, Denbora, nostalgia prestatzen hasi nintzen. Hasiera batean ez nuen lana argitaratzeko asmorik; lagun batzuei utzi nien lana eta “zergatik ez duk argitaratzen?”, pausoa ematera animatu ninduten. Horrela hasi nintzen lanak argitaratzen. Orduan konturatu nintzen benetan gustatzen zitzaidana idaztea zela eta nire bideak alde horretatik joan behar zuela.
Lortu duzu, beraz, zure gustuko bideari eustea…
Saiatu naiz, egin ditudan gauzen artean, idazteko denbora edukitzen. Azken urte hauetan idaztetik bizi naiz; ondorioz, esan dezaket nahi nuena lortu dudala. Idaztea argitaratzea baino gehiago gustatu izan zait betidanik. Gertatzen dena da argitaratu gabe ezin duzula ezer egin, beraz argitaratu egin behar da, eta ez liburuak bakarrik; egunkarietarako edo beste komunikabideetarako ere idatzi egin behar da bizi ahal izateko. Barruan berez sortzen dira esateko kontuak, arrazoi horregatik sortu zitzaidan idazteko beharra, baina ez argitaratzekoa. Esan dut gainera, ni berandu hasi nintzela idazten eta ordurako jada euskal literaturak bazeukan maila bat; Bernardo Atxagarekin, Pott Bandarekin… Ni kanpoan egon nintzen eta ez nuen izan hemen gertatzen ari zenaren berririk.
Poesia, eleberria nahiz haur eta gazte literatura idatzi izan duzu… Denetik pixka bat, zein generotan aritzen zara erosoen?
Genero gehienetan saiatu izan naiz; hasieran poesia idazten hasi nintzen, eta egia da lau poema liburu dauzkadala. Poesia barneko kontuak izaten dira, kanpora ateratzen diren barne gogoetak. Nobela ere idatzi izan dut eta genero horrekin ez nago hain pozik, nobela egin dudanean ez delako nobela tipikoa izan, gehiago kostatzen zait nobela idaztea. Ipuinaren generoa zaila iruditzen zait, ez naiz gehiegi sartu genero horretan; errespeto handiegia diot ipuinari, genero gisa. Antzerkigintzan ez naiz saiatu ere egin. Gazte lieteraturarekin oso pozik sentitzen naiz, nire tokia aurkitu dudalako.Uste dut maila horretan lortu dudala halako ikuspegi eta mundu bat. Hasierako lanak ez dira normalean perfektuak izaten, oro har nahikoa kaskarrak izaten dira, baina ikasi egiten da eta azkenean zuk nahi duzuna egitea lortzen duzu. Azken liburu hau gazte eta helduei zuzendutakoa da, hamalau urtetik aurrerako irakurleentzat egokia da eta genero hori helduei ere irakurtzea aholkatuko nieke. Ingelesek esaten duten moduan, gazte-helduentzat da genero hori eta horixe da nik egin nahi nuena.
Nolakoa irizten diozu euskal literaturaren osasunari?
Egungo euskal literaturan oso sortzaile onak daudela uste dut. Literatur maila une honetan irakurlearen maila baino handiagoa dela esango nuke. Normalizazioaren bidean, sortzaileak daude batetik, eta sortzailearen lana hartzen duena bestetik. Mementu honetan sortzailearen maila oso handia da eta hartzailearena oso txikia. Hori ikastetxeetan, esaterako, gomendatzen dituzten liburuak zein diren ikusita antzematen da, salbuespenak salbu. Literatura txikiek arazo handiak dituzte garatzeko; literatura txikiak ez dira garatuko ez badute lortzen horrelako lotura bat sortzaile eta hartzaileen artean. Literatura ona egiten den arren, oihartzun gutxi izaten du. Beterriko Liburuan adibidez, liburuak komentatu edo kritikatu egiten dira. Kritikak ez du zertan txarra izan beharrik, onak ere izaten dira. Liburua komentatzerakoan, kritikatu egiten da; liburua gureganatu egiten da eta liburu horri nahi dizkiozun aitzakiak jartzen dizkiozu. Hori normalizatzen ez den bitartean, alde batetik sortzaile ona egongo da eta hartzailea beste aldetik. Har ditzagun adibide moduan Bernardo Atxaga, Anjel Lertxundi, Ramon Saizarbitoria edo Koldo Izagirre, edozein literaturatan tokia izango luketen idazleak. Gertatzen dena da edozein literaturatan tokia izango luketen horien liburuak ez dituela edozeinek irakurtzen, beste literaturetan gertatzen den bezala. Literatura txikien arazo hori konpondu beharra dago, bestela literatura hil egingo da edo sortzaile handi horiek beste hizkuntzatan gero eta sarriago argitaratzen hasiko dira. Nik somatzen dut idazlea bere lanarekin gustura dagoela, berak nahi duen hizkuntzatan idatzi behar du idazleak. Gure kasuan, euskaraz idazteko behar moral bat badugula uste dut, baina gizarteak horri erantzun egin behar dio. Liburu horiek eta idazleen pentsakizunek eragina izan behar dute gizartean.
Ez da erraza horri irtenbide egokia aurkitzea!
Ez dakit nola konpondu daitekeen kontu hori. Nik uste dut zuek aukeratu duzuena bide bat dela. Euskal Herria ez da herri homogeneo bat; Euskal Herri asko daude, bailara asko daude, pentsakera asko daude… Alperrik da liburuak irakurtzera behartzea, azpitik sortu behar da sortzaileenganako edo euskal literaturarenganako pasioa. Gure sortzaileekin elkarrizketan hasi behar dugu; azken finean, literatura elkarrizketa baita eta elkarrizketa ez den mementutik, dagoeneko ez da literatura, beste gauza bat izango da.
Liburu gomendagarri ugari dagoela esan duzu, bat edo beste gomendatuko al zeniguke?
Oso gustura irakurri dut Juan Kruz Igerabideren Mailu isila liburua. Baita Ana Urkizaren Bazterreko ahotsa ere. Josu Landaren Odolbildua edo Imanol Zurutuzaren Errautsera arteko sugarra liburuak ere oso gustura irakurri ditut. Liburu horiek edozein hizkuntzatan onak izan daitezkeela uste dut, ez euskaraz bakarrik. Askotan konplexuz jokatzen dugula iruditzen zait, euskaraz gauza onak egiten dira eta esan dezagun hori ozen.
Zer eskaintzen dizu zuri idazteak?
Idaztea nire nortasunaren barruan sartu da; ni naizena, Felipe Juaristi, idazlea da. Ni idazlea naiz eta idazlea ni da, ez dago bereizketarik. Horrek ez du esan nahi eguneko hogeita lau ordutan idazle naizenik, baina bai ari naiz pentsatzen zer idatzi. Idazlea naiz idazle izaera neureganatu egin dudalako. Idazteak poz eta atsegin gehiago eman dit tristura baino. Pozik nago, zaila delako idazle izatea eta are gehiago zuk egiten duzun lanaren errekonozimendua izatea. Hori jaso dut nik eta pozgarria baino gehiago, eskertzekoa da. Zer gehiago eska daiteke zure ofizioan?
Azaroan kaleratu zenuen zure azken lana, Itzarri nahi ez zuen printzesa. Garai beretsuan Leer es Vivir saria irabazi zenuen El loro de Haydn lanarekin. Urte amaiera emankorra iazkoa, ezta?
Bi kontu oso ezberdinak dira. Seguru aski horrek markatuko du datozen urteetarako lerroa. Itzarri nahi ez zuen printzesa istorio fantastiko bat da, poetiko-sinbolikoa. Ez dago lurralde ezagunik, nahiz eta denak sartzen diren bertan. El loro de Haydn kontaketan, geografia konkretu bat dago, Zarautz, Euskal Herria, nahiz eta oraindik fantasia asko dagoen. Idazten hasten garenean, izaera batek beste bat ekartzen digu, aldatuz goaz etengabe; azken lan horrek datozen lanetarako bidea markatuko duela uste dut. Horrek aldatzeko gauza izan naitekeela erakutsi dit, beti gurpil berarekin bide beretik jarraitu gabe.
Azkoitian hasi, Goizuetan segitu eta Donostian amaitu zenuen iaz Itzarri nahi ez zuen printzesa eleberria…
Azkoitian egin nituen lehenengo bi kapituluak eta ideia. Goizuetan idatzita dago liburuaren zatirik garrantzitsuena. Lan hau idazteko leku lasai bat behar nuen eta Goizueta horretarako oso egokia da. Donostian azken zuzenketak egin nituen. Egia da nik gehien maite ditudan istoriak Goizuetan idatzi nituela.
Zein izan da lan horren sortze prozesua?
Istorioak nituen hasiera batean eta horiek lotuz joan nintzen pixkanaka. Azkena sortutako istorioa Joanes eta Justinaren artekoa izan zen. Istorio bat bestearekin lotzeko modua izan zen gehien landu nuena.
Istorioak herrialde ezberdinetan gertatzen dira, deskribapenak oso landuak dira. Atzeko ikerketa lana handia izango zen, ezta?
Bai, ikerketa lana egon badago. Historia liburu asko irakurri nituen, baina ez bakarrik lan horretarako, beste lan batzuk ere idatzi behar bainituen. Egia da, historikoki datuak nahikoa lotuta daudela. Denbora asko igaro nuen gertaerak bere tokian kokatzen. Gertaera txikiak garaian zehazteko denbora asko behar da. Datu historikoak atzean daude, nik ez dut datarik idatzi, zegokion garaiarekin lotu ditut kontaketak. Historiako datuez gain, garaiko janzkerak ere zehaztu ditut edo itsasontzi mota ezberdinen berri ere eman dut. Detalle txikiak dira horiek, baina istorioa osatzerakoan, elkarren artean jostea gehien kostatzen direnak. Nobelan agian ez dute garrantzia handirik, baina niretzat, sortzaile moduan bai.
Lehen orritik fantasiazko mundu batean sartzeko gonbitea egiten du liburuak. Zergatik fantasia?
Halaxe atera zitzaidan eta nahikoa erraz gainera. Ez nuen nire burua batere behartu, ez nuen aurrez pentsatu lan errealista edo fantasiazkoa idatziko nuen. Errealismoa aukeratu izan banu, ez lirateke lan horretako pertsonaia gehienak egongo. Ez dut esango errealismoa edo fantasia zein den hobea, baina bai batak zein besteak markatu egiten du.
Azken batean, eleberri hau maitasun istorio bat da, ezta?
Bai, eta hori nahi nuen. Maitasun istorio horren barruan beste maitasun istorio asko dago.
Zergatik alde egiten du benetako printzesak?
Idazten ari nintzela bururatu zitzaidan polita izan zitekeela benetako printzesak alde egitea. Horrek bidea zabalik uzten zidan Justinarekin jokatzeko, azken finean printzesa bera baita, Joanes berandu konturatzen den arren. Politagoa iruditu zitzaidan aukera hori eta gainera beste jauzi bat ematen zion kontaketari.
Eleberriaren amaieran izango dugu bere berri berriro ere…
Bai, korapilatsua ez zen bukaera bat behar nuen. Errazena eta politena iruditu zitzaidan, liburuari hasiera eta bukaera printzesaren aipamenarekin ematea, bide ona iruditu zitzaidan. Beste bukaera batzuk banituen arren, fantasiarekin hasi zenez, modu berean amaitzea iruditu zitzaidan egokiena. Literaturan, zalantza artean, bide errazena aukeratu behar da beti.
Hizkuntza guztiz zaindua erabili duzu eleberrian, deskribapen zehatzez beteta, naturarekin lotura duten aipamenak ere sarritan ageri dira…
Istorio zaharretan asko erabili izan dira naturako elementuak, oso modu sinplean. Begiak eta itsasoa alderatu izan dira, hortzak eta perlak, masailak eta sagarrak… Naturako elementuekin egiten diren deskribapenak jendeari oso hurbilekoak egiten zaizkio. Literatura horrela sortu zen, Bibliako testuak edo Iliada bera hartzen badugu, konparazioak naturako elementuekin eginikoak dira. Herri poesiaren oinarria da hori, elementu gutxirekin eta ezagunekin gauza asko esaten da.
Elkarrizketa mota hori bi maiteminduen artean ageri da liburuan…
Bi pertsonaien artean bereizketa egiten dela adierazten du horrek, bata eta bestea edozein ez direla erakusten du joku horrek. Hizkuntza horrek berezia egiten du bien arteko harremana.
Izengoitien erabilera ere nabarmena da liburuan zehar…
Gure herrian oraindik oso zabalduta dagoen kontua da eta oso polita da gainera. Pertsonaiak identifikatzea errazagoa egiten dute ezizenek. Beste kasu batzuetan errepikapenak ere erabili ditut, kantutegi zaharretan eta koplatan egiten zen bezala. Ohitura horiek galdu egiten dira bestela. Idazten ari zaren istorioa berriro ere harira ekartzeko korapiloak dira.
Ba al duzu beste lanik esku artean?
Bai, beste nobela bat idazten ari naiz. Azken honen bidea jarraituko duen arren, oso ezberdina izango da. Fantasia eta errealitatea nahastu egingo dira, baina hasieratik markatzen du tonua ez dela errealismoarena, fantasiarena baizik. Hizkuntza barrokoagoa izango da eta oraindik, hau baino poetikoagoa.