Izenburua: Mikroipuinak
Idazlea: Idoia Torregarai
Ilustratzailea: Zaldieroa
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2024
Idoia Torregarai kazetari eta umoregile usurbildarraren lehenengo liburua, ipuin labur-laburrez osatua, eta Zaldieroa marrazkilari iruindarrak ilustratua. Aforismotik txistera, zorroztasuna, irudimena, ezustea eta umorea dira istorio txiki baina piperdun hauen ezaugarriak, Patxi Huarteren esku fin eta zoroak jantziak eta edertuak.









Liburuko kontrazalak esan bezala, irakurgai daude bertan hainbat esaldi labur, aforismo edo dena delako. Zerbait komentatze aldera, hauxe nik.
Izugarri gustatu zait esaten dugu zerbait asko gustatu zaigula adierazteko, edo pila bat gustatu zait. Apur bat kamuts geratzen gara, asko hori beste modu batera adierazteko ahaleginean. Eta Idoia Torregaraik eskaintzen du beste modurik. Asko hori indar handiko esaldi baten bidez esatea. Adibidez, izugarri maite duela esateko, Aterki bakarra genuenean nire pausoa berera egokitzen nuen. Edo, Egunero ohera maindire garbiekin sartzea baino gehiago. Edo, Ogia nire gorringoan bustitzen uzten nion.
Alegia, eskertzen da euskararen esanahi-indarra handitzeko proposamena.
Beste esaldi batzuk, gogoratzekoak. Maitea, joan gaitezen wifirik gabeko leku batera. Edo: Begizuloetan gordetzen ditut zurekin pasa ez ditudan gauak. Edo: Etxeko zapatilak dira nire aberria.
Hitz berri bat ere sortu du idazleak esaldi honetan: Bihotz taupadak txalapartatzen dizkidazu. Torregarairen esaldia aldatuko nuke apur bat: Bihotz taupadak txalapartatzen dizkiogu elkarri. Izan ere, txalaparta jotzeko bi lagun behar dira derrigor, eta horrek egiten du bakar munduan. Ez diot ezaugarri hori kendu nahi txalapartari.
Eta fini. Perla gehiago, liburuan.