Izenburua: Desertuan behatxuloan
Idazlea: Anjel Lertxundi
Argitaletxea: Alberdania
Urtea: 2022
Gutxitan gonbidatzen gaitu idazle batek bere etxera, bere laneko mahaira, bere ohe eta ametsetara; gutxitan erakusten dizkigu idazle batek zuzen-zuzenean bere baitako labirintoak, bere bihotzeko txokoak. Liburu honek ostatu ematen dio irakurleari idazlearen etxean eta gogamenean. Aldi eta alde askotako gonbidatuz beterik dauka etxea. Agapea, prest.
Anjel Lertxundik baliabide literarioekin pentsatzen du, gizateriaz, munduaz, euskal giroaz, irakurketaz, pandemiaz, heziketaz, gaur-gaurko arazoez. Pentsamenduaren eta literaturaren tradizioa baliatzen du, aipuz aipu, txoko-miran. Hatza mingainean busti, orriak pasa, azpimarrak errepasatu, Anjelen liburuetan garai orotako liburuen oihartzunak entzuten dira, milaka orriren xiri-xarak, bihotza goxatuz, azalean dardara arinak eraginez, eta tarteka erraiak irauliz.
Hausnarketak, aipuak, ideiak, eskarmentuak, oroitzapenak, familia, galerak edo bizitzaren aroak teseletan bildu ditu Anjel Lertxundik, literatura-mosaiko zoragarri bat osatuz, klasizismo eta humanismo ezagutza handia duen idazle batek baizik adieraz ez dezakeen bezala. Gozamen bat izan da mosaikoan barna bidaiatzea, teselaz tesela, bizitzaren abiadurak baztertuta eta lausotuta uzten dizkigun funtsezko ideiei eta sentipenei erreparatzeko, egilearen eskutik; nahiz eta mosaikoan hutsuneren bat edo bertze aurkitu. Nire iduriko, baldintza guziak betetzen ditu liburu honek gomendatua izateko: euskara ederra eta aberatsa, estilo eredugarria, ikasbide bikaina, adierazpen argia eta erabat interesgarria.
Edukiari buruzko iritzirik ezin eman, luzeegia litzateke. Liburuko pasarte baten moduan ematea hobetsi dut:
Baga: erdia irakurtzerako banekien oporretarako liburutegian maileguan hartutako liburu hau bueltan herriko liburu dendara zuzenean jo eta erosi egingo nuela.
Biga: behin baino gehiagotan 111 Akademiako urteko liburuaren hautagaitzaren bozka txuriz eman dut, ez nuelako hautagaitza egokirik aurkitzen. Aurten ez zait horrelakorik gertatuko.
Higa: behin baino gehiagotan irakurri beharreko liburua. Zatika, patxadaz eta hausnartuz.