Izenburua: Coca-cola bat zurekin
Idazlea: Beñat Sarasola
Argitaletxea: Susa
Urtea: 2024
Frank O’Hara poetak zuzendutako lehen erakusketaren inaugurazio eguna New Yorken. 1960ko uda. Espainiako pintura eta eskultura berriaren lagin on bat biltzea da ideia, eta hautagaien artean daude nazioartean sona hartzen ari diren Oteiza eta Chillida izeneko artista bi ere. Artea erregimen frankista zuritzeko baliatu ez dadin adi daude, bestalde, beste zenbait. Eta, bitartean, O’Harak, lanak lan, Vincent Warren dantzari eta maitalearengan du jarrita bere gogo biziena.
New York, Madril, Irun, Montevideo, Donostia, Miarritze. John Ashbery, Grace Hartigan, Luis Gonzalez-Robles, Antoni Tapies, Diane di Prima, Ramos ahizpak. Iragan mendearen erdialdea igaro berritan, AEBetako eta Europako kultur mundua astindu zuten dozenaka izen sartu-irtenean dabiltza kontakizun honetan, argiaren —hala itsasertzeko egun batena, nola etxe-orratzen bitarteetakoa—, minduraren eta begirada ironiko bezain alai baten artetik. O’Hararen poemetan gertatzen den bezalatsu, hain justu. Haietako bati zor dio izena Beñat Sarasolaren bigarren nobelak
 




Liburu bikaina Beñat Sarasolaren bigarren hau. Frank O’Hara poetaren bizitzan eta hark antolatutako arte erakusketa batean oinarrituta dago eleberri hau. Izan ere, MoMA museoak 1960an zenbait margolari eta eskultore espainiarri buruzko erakusketa bat antolatu zuen eta Frank O’Hara izan zen horren komisarioa. Artista horien artean Chillida eta Oteiza izan ziren.
Idazleak jakinduria aparta erakutsi du garai horretako artisten gorabeherei buruz. Izan ere, erakusketa hori eratzeko Frankek egindako bidaiak eta elkarrizketak, eta aurreko urteetako arte lehiaketak (Veneziakoa, Sao Paulokoa), zehaztasun osoz azaltzen dizkigu Beñatek. Hori guztia tartekatuta Franken amodio harremanen kontakizunekin. Bai batak bai besteak guztiz interesgarriak izan dira.
Oso ondo idatzita dago laburra ez den liburu hau, bai paragrafo luzeak bai elkarrizketak erabiliz, eta gozagarria da erabiltzen duen euskara.
Ondorioz, biziki gomendagarria da liburu hau, 2024ko liburu onenetarikoa dena, onena ez bada.