Eraikuntzarako materiala

5

Izenburua: Eraikuntzarako materiala
Idazlea: Eider Rodriguez
Argitaletxea: Susa
Urtea: 2021

Harea, zementua, karea. Zerekin taxutu absentzia? Nola zutitu ez dagoena? Zegoenean ere, maiz erortzear zena? Etxeak egiteko behar den guztia saltzen zuen aita bat. Alkoholak blaitutako aita bat.
Heriotzaren atezuan abiatzen du kontakizuna liburu honetako narratzaileak. Heltzear da, helduko da, eta hainbestetan sofatik lan handiz altxatzen ikusitako aita, kalea balantzaka zeharkatu eta bulegoaren iluntasunean gotortzen zena, hitzekin laztantzeko modu bat entseatuko du alabak. Batera eta bakarka izandakoaren memoria sortu.
Zaldiak, igerilekua, kaleko jendea, bigarren etxe izandako almazena, sua, azulejuak, soldaduskako eskutitzak, Benicassimeko apartamentua, gasolina, landareak. Aita baten puskak bildu ditu Eider Rodriguezek bere aurreneko nobelan. Denboran luzatutako gainbeheran murgildu, eta, izendatu ezin direnen aurrean, eremu laiotz bat argitu.

Subscribe
Notify of
guest

5 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Mutiloa-Aranguren 34.1

Liburu berezia da, halabeharrez irakurri dudana. Katarsi ariketa eta dolu adierazpen bat da aldi berean. Izugarri ausarta eta hunkigarria. Aita alkoholikoa hil hurren dagoelarik, idazlea murgiltzen da harekin izan zituen bizipenen eta izan nahiko zituzkeenen gaineko barne-hausnarketa batean. Eta bidenabar bere familia hurbilarekin -ama, amatxi, atautxi, arreba, izeba-osabak- izan dituen harremanak, portaera kodeak, familiako “konstituzioa”…, berrogei urtean zeharreko sentipen bidaia batean. Hagitz erakargarri eta zirraragarria da nola deskribatzen duen bere aitarekiko maite-gorroto sentipen hura, zeinean, hondo-hondoan, garaile atera zen ezin ulertuzko maitasuna; egilea bera harrituta gelditzen da horrela gertatu izanarekin. Ezin sinetsirik baitago nola hainbertze min, lotsa eta gaitzespen sortu dizkion aitarekiko baldintza gabeko maitasuna sentitzeak; nola iragan den gaztetan eta handitan aita sahiestu eta izkin egin nahi izatetik, hura hil ondoren sekulako hutsunea sentitzera. Sentipenen adierazpen esku-liburu bikaina suertatu da kontakizuna, ausardiaz, onestasunez eta bihotzez idatzi izanaren ondorioz.

Nire iduriko, liburuaren gaia eta estiloa direla eta, jarrera bereziki enpatikoaz irakurri beharrekoa da, egileak harreman hartan jasan dituen gorabehera emozionalak hobeki ulertzeko. Gozamena da irakurtzea idazleak sortzen dituen zirrara adierazpen zehatzak eta hunkigarriak, horregatik hutsagatik leitzea merezi du. Baina, horretaz landara liburua oso txukunki egina dago eta baliabide literario jatorrizkoez eta interesgarriz hornitua. Hitz batean, irakurri.

Andoain 25.4

Liburu berezia Eiderrek eskaini diguna. Aita (eta ama) eta bere arteko harremana kontatzen digu, xehetasunez, obsesioz. Aurrena desegiten duena: aitarekiko harreman hotza, afektibitate gutxikoa, aitaren alkoholismoarekiko lotsa eta higuina, gaixo dagoenean ere zaintzeko duen ezintasuna. ..; aita hil ondoren eraiki nahi duela dirudi, dena maitasun, gorazarre, hutsune eta falta bihurtzen da, hau ere modu obsesiboan esango nuke.
Idazkera aldetik gustatu zait, estilo landu eta orijinala erabili duela iruditu zait. Bere barrua biluztu du gure aurrean, oso modu ausartan.
Bukaerarako gaia astuna eta errepikakorra egin bazait ere, liburu gomendagarria.

Gasteiz 9.5

Liburu hau amaitzean, sentsazio gazi-gozoa izan dut: argudio nagusia aita alkoholiko batek alabarekin duen harremana da. Bere aitaren portaeraz lotsatzen da eta ez du berarekin ikusterik nahi. Hala ere, hiltzen denean, maitatzen eta onartzen hasten da. Kikok Venenok esango lukeen bezala “Orain faltan botatzen zaitut, lehen faltan gehiago botatzen zintudan bezala”.
Egia esan, eleberri hau autofikzio bat da egileak bere bizitza kontatzen digu-eta, batez ere aitaren irudiari erreparatuz.
Hasieran aita eta pertsonaia nagusia ospitalean daude, aita iktusak jota baitago. Nabaria da euren arteko harremana ez dela oso ona. Geroago, idazleak flashback batean bere familiaren istorioa deskribatzen digu, non bizi izan ziren, bizilagunak batez ere emigranteak… Honakoa irakur dezakegu 29. orrialdean: “Ez dugu harreman handirik bizilagunekin… Askok balkoitik ballkoira hitz egiten dute haien kontuez edota oihuka deitzen diete… Ez dakite euskaraz …Ez dauzkate gureak bezalako izenak”. Familia osoak eraikuntzarako material lantegi batean egiten du lan, eta hortik dator eleberriaren izenburua. Berak idazten du 18. orrialdean: “Familia basati batera jaio nintzen.”

Nabari da egilea emakume ikasia dela, Donna Haraway filosofo amerikarraren aipu batekin hasten baita liburua. Gainera, 48. orrialdean zirrosi hitzaren etimologia hainbat hizkuntzatan aztertzen da.

Zenbait pasarte azpimarratuko nituzke, besteak beste, amak Benito Lertxundiri 78. orrialdean eskaintzen dizkion laudorioak: “Zein ederra den kantu hau, honek bai kantatzen duela ongi”. Edo idazten duenean zergatik bihurtu zen idazle: “Zure zamaz libratzeko, egin nintzen idazle”, 184. orrialdean. Eider Rodriguezek bere aita definitzen duen modu berean deskribatuko nuke nobela hau: gazia eta mingotsa. Aitortzen dut plazera izan dela irakurtzea.

Bilbo 54.3

Oso liburu on eta hunkigarria Eider Rodriguezen azkena. Bere aita da liburuko protagonista eta maisuki kontatzen digu haren autosuntsiketa alkoholaren erruz, eta Eiderrek harekiko zuen harreman berezia.

Oso ondo idatzita dago, estilo berezi batean (hainbeste Diot, Diozu, …), eta literatur-tresna desberdinak erabiliz: solasaldiak, kontakizun luzeak, eguneroko baten iruzkinak eta gutunak. Hunkigarria da ikustea zer nolako eragina izan zuen aitaren heriotzak Eiderrengan eta zein ondo azaltzen digun hori irakurleoi.

Azkar irakurtzen da eleberri hau eta inoiz ez da interesa galtzen. Beraz, biziki gomendatzen dut.

Urnieta 49.2

Bikaina.
Diot.
Etsipenaren eta oroiminaren arteko eremu lausora eramango zaituen literatur lan ederra. Idazkera neurtua eta neurritsua. Diot. Estilo aparta. Sakonera handiko erauzte psikologikoa. Maisulana.