Lurraz beste

3

Izenburua: Lurraz beste
Idazlea: Garazi Arrula
Argitaletxea: Txalaparta
Urtea: 2023

Zimendu anitz pitzaturik dituzte bilduma honetako pertsonaiek, edo pitzatzear dituzte, afektu-dardaraldi betean direla. Zimendu egonkortzat zituzten horiek zimendu hauskor eta urrakor bilakatu zaizkie, deserrotze-sentimendu kontraesankorrak zeharkatzeraino. Askotariko pitzaduretan arakatzen dute narrazioek: besteak beste, helduleku afektiboetan, senidetasun-harremanetan, bizi-lekuetan, babes-espazioetan, lan-jardunetan gertaturiko pitzadurak irudikatzen dira. Aldaketa biziko gizarte-testuinguru batean kokaturik daude narrazioak, eta halakoetan deserrotzeak eta pitzatzeak aurreikusgarri bezain aurreikusezinak dira. Hain zuzen ere, zimendu aldakorren tolesdura horietan zehar bidaiatzen dute pertsonaiek: behinolako errotzeek gorputzean utzitako arrastoez dihardute, eta aldi berean, errotze horien galerek edo urratzeek sorturiko ezinegonak zein arinduak dituzte kontagai. Heldulekuez beste egitearen sentsazioetan arakatzen duen inarrosaldi literarioa.

Subscribe
Notify of
guest

3 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Gasteiz 9.5

      Zortzi ipuinek osatzen dute Garazi Arrula Ruizen azken liburua. Bertan Tafallako idazleak neska baten esperientziak kontatzen ditu hainbat egoeratan.

       Guztiak desberdinak dira, ez bakarrik edukian, baita forman ere. Adibidez, “Hau bukatzen denean”, ama batek bere alabarekin duen telefono bidezko elkarrizketa bat da, baina benetan bakarrizketa bat da, ama ez baita inoiz komunikatzen beti erantzungailua jarrita duen alabarekin. Paragrafo handi batzuek osatzen dute, gidoirik gabe, zeinetan ama barrua hustu egiten baita.

        Lehenengoan, “Habitatak” izenekoan, pisuak bisitatzea gustatzen zaio pertsonaia nagusiari, eta ondoren pisuak aitari kontatzen dizkio. Hau aitzakia bat da Iruñeko auzo batzuk ezagutarazteko.

        “Mendebaldea” fakultatean gertatzen da. Gema, protagonistak bulego bila dabilen lankide berri batekin komunikatzen da eta Virginia Woolf edo Sylvia Platz bezalako idazle garrantzitsuak ateratzen ditu hizpidera. Remedios Zafra eta Donna Haraway ere aipatzen dituzte, “Cybor manifesto” -ren egilea. Kultura-lezio bikaina.

           “Andreak nora ezagutu zuenekoa” elkarrizketa moduan idatzita dago. Asko gustatu zait Trumpen emigrazioaren inguruko politikari egindako kritikengatik eta Silvia Federici idazlea aipatzeagatik.

        “Felicidad” gutxien gustatu zitzaidan ipuina da. Egia esan, ez nau erakarri protagonistek udako oroitzapenak canping batean kontatzen dituzten istorio honek.

      Hala ere, “Zu zara nagusia” eta “Bataioa” dira nire ipuin gogokoenak. Lehenengoa, oso ondo egituratuta dagoelako: argudioa 2001etik 1988ra doa, atzetik aurrera. Oso originala iruditu zaidan.

       “Bataioa” irakurtzean etorri zitzaidan gogora “Gertakizuna” Annie Ernauxen. Bietan, emakume bat mediku baten kontsultan dago, emaitza batzuen zain: harreman bera bizi izan duten beste emakumeekiko enpatia-sentimenduak erakusten dituzte biek.
 
        Gehienek umore kutsua dute, nahiz eta batzuetan gai mingarriak jorratzen dituen, minbizia kasu. Estiloa nahiko erraza da eta modu erraz batean leitzen da. Neska baten esperientziak kontatzen ditugunean, emakume asko identifika gaitezke gertatzen ari zaionarekin. Benetan merezi du ipuin liburu hau irakurtzea.

Alegia 41.1

Ez nuen idazlea ezagutzen eta ezusteko atsegina izan da. Orokorrean nahiago izaten dut elkarrekin lotura duten istorioak irakurtzea baina kontakizun labur hauek gustatu zaizkit. Eguneroko bizimoduarekin eta inguruan ditugun arazoekin zerukusia dute, eta nahiz eta kontakizun pare bat gogor edo triste samarrak iruditu zaizkidan, erraz irakurri ditut kontatzeko era eta erabili duen hizkuntza oso egokiak iruditu zaizkidalako.

Bilbo 54.3

Oso liburu interesgarria Garazi Arrularen azkena. Zortzi ipuin ditu eta den-denak oso onak dira.

Gainera, oso ondo idatzita daude ipuinak eta, ondorioz, gozatu egin dut liburua irakurtzen eta oso zapore ona utzi dit irakurketak. Liburua amaitzean, pena sentitu dut ipuin gehiago ez egoteagatik.

Garazi Arrula oso noizbehinka agertzen da helduentzako euskal narratibagintzara eta uste dut merezi dugula bere liburu gehiago irakurtzea. Ea hurrengoa laster ikusten dugun!