Francesco Pasqualeren bosgarren arima

1

Izenburua: Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Idazlea: Unai Elorriaga
Argitaletxea: Susa
Urtea: 2024

Zerriak, heriotza goiztiarregiak, gogotik joaten ez diren umetako lagunak, erdiminak, esnea, gurdiak, askotariko gaitzak eta ur-azalean barreiatutako partiturak. Irudi horiek gailendu ziren, besteren artean, Francesco Pasqualeren egunetan.

Saprin jaio zen, Italia hegoaldean, eta Richard Wagner, Robert Schumann eta Giuseppe Verdi konpositoreekin konpartitu zuen bere mundualdiaren parte handi bat. Galdaragile familia bateko semea, orduko giro politikoan nahasi, eta Mediterraneo itsasoaz bestaldera jo zuen, harik eta Bermeora heldu zen arte.

Haren arrastoari segika, XIX. mendeko Europa mendebaldean zabaldutako giza mapa bat eskaintzen du Unai Elorriagaren zazpigarren nobelak. Beregainak diren atalekin eraiki du kontakizuna idazleak, elkarren segidan jarrita oihartzuna puskaz harago hedatzen dutenak; hitz lauz eta urarena halako musika itsaskorrez.

Subscribe
Notify of
guest

1 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Bilbo 54.3

Oso liburu ona Unai Elorriagaren azkena. Hogei ipuin ditu, denak Francesco Pasqualeren bizitzaren ingurukoak, nahiz eta iruditu ipuin independenteak direla. Izan ere, askotan, ipuinaren amaieran bakarrik argitzen da zein den Francescorekiko lotura, ematen zuelako ez zegoela inolako loturarik.

Batzuetan, zaila egin zait argumentuaren haria hartzea, makina bat pertsonaia agertzen direlako, denbora-jauzi askorekin. Horrek mantsotu egin dit irakurketa, atzera egin behar izan dudalako pertsonaia hori dagoeneko agertu ote den jakiteko.

Idazkeraren aldetik azkar irakurtzen da, elkarrizketa asko daudelako. Halaber, Unaik bizkaierazko hitz polit batzuk erabiltzen ditu, nahiz eta batzuk ez agertu hiztegietan eta testuinguruaren languntzaz asmatu behar esanahia.

Laburbilduz, aipatutako zailtasunak zailtasun, gozatu dut liburu honekin.

Ondorioz, oso gomendagarria da Unai Elorriagaren azken eleberri hau.