Bertsolari eta kazetaria (Oiartzun, 1987). Bertsolaritzan zentratua badabil ere, sormenarekin zerikusia duen alor asko lantzen ditu: ikus-entzunezkoak, artikulugintza, ipuingintza… Euskadi Irratiko Zubiak saioko gidoigile eta kazetari da.
Gustuko izan dituen euskarazko hiru libururen izenak eskatu dizkiogu. Hauxe da bere HIRUKOA:
MIÑAN. Amets Arzallus/Ibrahima Balde (Susa, 2019)
Gineako hiriburutik Nzerekorera mila eta hirurehun bat kilometro daude. Ibrahima han ibili zen hiru edo lau urtez, kamioi batean, gidari batek aprendiz onartu zuelako. Aste batean Konakrytik Nzerekorera joaten ziren, eta hurrengo astean Konakryra itzuli. Egun batean amak deitu zuen arte: anaia txikia falta zen etxean. Eta haren bila abiatu zen. Basamortua gurutzatu; pasatzaile, polizia, bahitzaileekin topo egin; egarria, gosea, mina ezagutu. Afrikatik Europarako bidea.
Mediterraneoa zeharkatzen dutenak deshumanizatzea ezinbestekoa da haien heriotzen, kanporatzeen, ilegalizatutako bizitzen gaineko ezaxola zabaltzeko. Baina bizitza horietako bakoitza bakarra da eta, beraz, unibertsala. Eta kontatzeak hori azpimarratzen du. Ibrahima Balderen bizitzaren kronika da nobela hau, hark ahoz eta Amets Arzallusek letraz idatzia. Berezia duelako zauria, eta berezia kontatzeko manera. Hitz egitean han balego bezala.
EZ DA ERDITZEA. Ione Gorostarzu (Elkar, 2019)
Amatasuna gai zentraltzat hartzen duen poema-bilduma: ama bihurtu aurreko emearen sentipena; haurdun bihurtzeak sortzen dituen larritasunak, pozak eta beldurrak; ama bilakatzearen sentimendu kontraesankorrak, maitasun eta ukazioen koktelaz; norbere amarekiko alaba izateak dakartzan buruhausteak?
Gorputzaren presentzia eta sentsazioak oso nabarmenak diren 61 poema, erritmoz beteak, ama izan zein ez izan, esperientzia horren aberastasun ñabar guztia indarrez transmititzen dutenak eta enpatia pizten dutenak.
AIREA EZ DA DEBALDE. Joseba Sarrionandia (Pamiela, 2019)
Ez zekiela –zioen Bizitzea ez al da oso arriskutsua? liburuaren sarreran autoreak– irakurtzeak askeago egiten gaituen ala gure arazoez kontzienteago bakarrik.
Egunerokotasunez eratutako saiakera literarioaren ubera hari jarraitzen dio Airea ez da debalde honek ere. Kronika asko daude Habanakoak, hiriak 500 urte betetzen dituen urtean senitartekorik zaharrena balitz bezala: lekua, gauden lekua izateaz gainera, garen lekua da.
Indigena, beltz, nazio baztertuko, diru gutxiko, emakume edo errebelde izatearen zoritxarrez eta dohainez arituko gara. Noizean behin, telebistan bizi nahi ez duen eta kosmonauta izan nahi lukeen ume bat pasatuko da. Bizitzaren eta aniztasunaren aldeko erresistentzian, pertsonaia biziekin batera, mamuak ari dira: Eguzkia errona edatera gonbidatu eta goizaldetik zain dagoen Enriquito, Anaïs Ninekin besotik helduta Vedadoko 11 kalean barrena ibiliko den Bartolome Santa Teresa edo Carel Fabritiusen kardantxiloa.
Lezio batzuk ere izango dira, konfusioan. Esate baterako, Onelio Jorgeren eskutik ikasiko dugu bizitzan bi gose daudela, ogiarena eta koral zaldiarena. Errealitateagatik ez ezik, imajinazioagatik ere bizi garela.
Eta hitzak leku konpartituak direla, eta hizkuntza munduaren tamainako bizilekua dela. Eta agian konturatuko gara, Jose Lezamari esker, mihia haginen artean atxilotuta daramagun arren, mintzairena dela bizi dezakegun abenturarik handiena.