Virginia Woolf-ek jakingo balu

1

Farorantz
Virginia Woolf
Itzul.: Antton Garikano
Elkar, 2016

Gauzak mugitzen ari dira munduko literaturan. Badago formak eta gaiak aldarazteko joera argi bat. Ari naiz Bernardine Exposito-ren ‘Neska, emakumea, bestea’ eleberriaz edo Olga Tokarzcuk nobel saridunaren ‘Errariak’ liburuaz. Lehen liburuan emakume desberdinen bizitzak datoz harilkatuak, bata bestearen ondoan, poema luze baten itxura hartzen duen nobelan. Bigarrenean, Tokarzcuk-ek idazteko askatasun osoa aldarri egiten du, oroimena, fikzioa eta erudizioa eta kronika liburu berean nahastuz. Nobelan ez da ezer gertatzen, gaiak biltzen ditu zati desberdinak. Ematen du badagoela askatasun gose bat, aske izan gura du idazleak, edukia hautatzerako orduan eta forma libreak erabiliz. Adituen ustez, 20ko hamarkada hau hasi da duela ehun urteko mugimendu modernistari beha, XX eta XXI mendeen bueltan hain modako izan zen errealismo klasikoa ahaztuz.

Virginia Woolf-ek zabaldu zituen askatasunerako bide horiek pasa den mendeko hogeiko hamarkadan. Poesiatik hartu zituen baliabide asko, elipsia, denboraren tratamendua, ahotsen aniztasuna. Antton Garikanok bikain euskaratutako ‘Farorantz’ nobelan, Ramsay familiaren ibilerak kontatzen dira hiru ataletan. Lehen atalean eta hirugarrenean Eskozia iparraldeko Skye irlara egiten dituzten oporrak kontatzen dira, eta beti dago halako obsesio bat itsasargira ontziz bidaiatzeko. Atzealdean, familia barruko harreman toxikoak daude, eta mundu gerraren tragedia. Lehen eta hirugarren atalen artean hamar urteko aldea dago, pertsonaia berak ageri dira baina hamar urteko jauziarekin. Bigarren zatia aldiz, halako akotazio luze bat da non argitzen den zer gertatuko zaien pertsonaia guztiei etorkizunean. Dena kontatzen da, intriga guztia deseginez. Eta hori, nobelaren erdian. Bizitzako une jakin bi eta pertsona horien etorkizuna aurrez aurre ageri dira. Agi denez, Virginia Woolf-ek ez zion tramari garrantzirik ematen, ez du irakurlea bahitu nahi. Pertzepzioari ematen dio garrantzia, gogoetari, sentipenei. Hizkuntzak berak, esaldiek, begiradak hartzen dute horrela indarra. “Bizitza badoa, une jakinek dute garrantzia, xehetasunek, heldu itzazu, hori da inportanteena”, esango baligu bezala.

Publizitatea

Woolf-ek bere buruaz beste egin zuen ezin zuelako jasan bere gaitza. Erotzera zihoala ikusten zuen. Michael Cunningham-ek ‘Orduak’ nobela ederrean jasotzen du nola harriz betetako beroki handi batekin sartu zen Virginia Woolf etxe ondoko ibaira. Woolf-ek uste zuen idazle frakasatua zela, bere ahaleginek ez zutela ezertarako balio izan, lelokeriak baino ez zituela idatzi. Pentsa. Jakingo balu zer gertatuko zen etorkizunean… baina berak ez zekien zer jazoko zen. Ez berak, ezta ‘Farorantz’ nobelako pertsonaiek ere.

Harpidetu
Jakinarazi
guest
1 Iruzkin
Berrienak
Zaharrenak Bozkatuenak
Inline Feedbacks
View all comments
zendo

Orduak (The Hours) filmean oinarrituta:
https://amuitz2.wordpress.com/2020/11/16/orduak/