Martxoaren 1etik 23ra bitartean egingo da Loraldiaren X. edizioa

0

Munduari begiratzeko modu bat lelopean dator aurtengo Loraldia. Festibalaren X. edizioa izango da martxoaren 1etik 23ra bitartean Bilbon egingo dena. 23 egun horietan 28 ekintza antolatu dituzte, eta horietan euskal kulturako diziplina ezberdinetako 120 sortzaile baino gehiago ariko dira.

28 ekitaldi horien artean, lau dira literaturarekin zerikusia dutenak:

Sustraien Matxinada

Martxoaren 5ean, 19:00etan, Bidebarrieta liburutegian.
Parte-hartzaileak: Garikoitz Mendizabal, Gorka Hermosa, Leire Bilbao, Nerea Arrien, Toti Martinez de Lezea.

Garikoitz Mendizabalek eta Gorka Hermosak proiektu berri bat plazaratu dute. Sustraien Matxinada ikuskariak tradizioa eta modernitatea korapilatzen ditu euskal kulturaren XXI. mendeko ikuspegi berri bat bilatuz. Honetan, folklorea, jazza eta musika klasikoa uztartzen dituzte. Bide berritzailetatik abiatzen dira askatasun osoz.

Bi musikariak ez datoz bakarrik. Haiekin batera hiru idazle igoko dira eszenatokira. Leire Bilbao, Nerea Arrien eta Martinez Toti de Lezea itzal luzeko sortzaileek testu eta poemak aukeratu dituzte musikarekin partekatzeko.

Garikoitz Mendizabal txistularien artean erreferenteetako bat da. Gorka Hermosak, berriz, azken bost urteotan mundu osoko berrogei orkestrekin kolaboratu du. Biak ala biak musika sortzaile apartak eta emankorrak. Idazleei dagokienez izenak ere oso deigarriak dira. Leire Bilbaok, hain zuzen, 2022an Haur eta gazte literaturako Euskadi Saria eskuratu zuen. Beste aldetik, Nerea Arrienek hainbat sari ere eskuratu ditu: Lizardi saria, Julene Azpeitia, Gabriel Aresti eta Xabier Lete poesia saria, besteak beste. Toti Martinez de Lezeak, berriz, oihartzun handia sortu du nagusientzako nahiz gazteentzako idazlanekin.

Belarriko kilkerra

Martxoaren 7an, 19:00etan, Elkar dendan (Poza lizentziatua kalea, 14)
Parte-hartzaileak: Uxue Alberdi eta Begoña Durruty.

Belarritik sartzen diren ipuinak urre pipitak dira literaturaren erreka zaharrean, geroz eta bakanagoak. Ahoz kontatu eta belarriz jasotako testuak dira liburu honetakoak, ahozkoak idatzira ekarriz, ahotsa begira, belarrikoa paperera. Entzuten dakienari kantatu ohi dio kilkerrak; horixe da emanaldi honen funtsa, ahozko istorioak partekatu eta gozatzea.

Uxue Alberdi idazlea, alde batetik, eta bestetik, Begoña Durruty ilustratzailea ditugu lan honen sortzaileak. Haiekin batera liburuaren sortze prozesua ezagutzeaz gain, dibertitzeko, hunkitzeko eta oro har, bizitzaz hausnartzeko parada izango du publikoak.

Liburuaren istorioak norbaitek apartatu zituen eguneroko bizitzako gertakari-sailetik eta gorde ditu memoriaren kaiolatxoan. Gogoratzea merezi zuten. Akorduan hartu zituenak ez zituen beretzat gorde, ordea, eta, aldian-aldian, lagunen konpainia noblean, ahora ekarri izan ditu txitean-pitean.

Munduari begiratzeko

Martxoaren 13an, 19:30ean, Arriaga antzokian.
Parte-hartzaileak: Alphax, Rafa Rueda, Jon Cañaveras, Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Mikel Valverde.

“Euskara, Euskal Herria, agian, zaharregia, txikiegia dela gaur egungo garaietarako, baina azken finean, euskaldunok munduari begiratzeko modu jakin bat eskeintzen dugu, bizitzeko eta sentitzeko modu bat” dio Kirmen Uribe idazleak.

New Yorken hasi zen bidaia artistikoa orain dela 20 urte. Sagar Handia euskaraz mintzo zen bost sortzaile garaikideren eskutik. Euskal kulturaren hainbat eremutan lanean ari ziren: poesian, kantagintzan, zineman, rock alternatiboan eta ilustrazioan. Bi hamarkada igaro dira Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Bingen Mendizabal eta Mikel Valverde batu eta Zaharregia, txikiegia agian kontzertuak eta disko-liburua plazaratu zirenetik.

Itzuli dira. Mundua begiratzeko modu bat gaurkotu dute. Diziplina artistiko uztartze zirraragarria berriro eszenan izango da. Kirmen Uriberen poemak, Mikel Urdangarin eta Rafa Ruedaren kanta eta musikak eta Mikel Valverderen irudiak. Tamalez, Bingen Mendizabalek ezin izango du eszenatoki gainean izan. Ez onena agian, ez ederrena agian kantatuko diote gure hizkuntzari eta sormenaren konpromisoa eguneratuko dute. Mugarri bat izan zena mugarri izatera dator, berriro ere.

Bihar, atzo, gaur, bihar

Martxoaren 17an, 12:30ean, Guggenheim Bilbao Museoko Entzungelan.
Parte-hartzaileak: Alaia Martin, Amaia Agirre, Iban Zaldua, Ibil bedi, Miren Artetxe.

Geroari begira jartzea eskatu diote Iban Zalduari eta hortik Bihar, atzo, gaur, bihar ipuin originala sortu du idazleak. Idazkia abiapuntua da ikuskizun hau ontzeko. Testu literarioarekin batera bi bertsolari (Alaia Martin eta Miren Artetxe), gai jartzaile bat (Amaia Agirre) eta musika talde bat (Ibil Bedi) arituko dira eszenan. Etorkizunari buruzko ipuin hau kate begi bat da orain arte Loraldiaren edizio guztietan lotu duten amaiera ekinaldian. Bertan literatura, musika eta bertsolaritza uztartzen dira eta datorren geroari begira paratzen dira. Geroa eta oraina gurutzatzen diren lekua izango da berriro ere Guggenheim Bilbao Museoaren auditorioa

Ikus hemen egitaraua osorik.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments