Ruben Ruizek irabazi du Mikel Zarate saria

0

Ruben Ruizek idatzitako Pellokeriak ipuin-bildumak irabazi du 2024ko Mikel Zarate haur literatura saria. Hala erabaki du Leire Bilbaok, Maribel Aiertzak eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak, eta berak eramango du 3.000 euroko saria. Liburua, berriz, Elkar argitaletxeak kaleratuko du.

Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak sortu zuten sariketa hau, Lezamako seme eta euskal kulturako sortzaile eta bultzagile handi izandako Mikel Zarateren omenez, eta hamaikagarren ekitaldia izan da aurtengoa. Lur Gallastegik irabazi zuen duela bi urte, eta epaimahaiak hutsik utzi zuen saria iaz.

Hamaika lan lehiatu dira guztira, eta horien artean Ruizek idatzitako ipuin-sorta hautatu du epaimahaiak. Pellokeriak hainbat ipuin laburrez osaturiko kontakizuna da, denetan Pello izeneko mutikoa dela protagonista. Ipuin horietan zehar hainbat gai agertzen dira, hala nola eskola, familia, bullying-a, zahartzaroa eta beste, denetan nabarmentzen direla umorea eta samurtasuna.

Ruben Ruiz 1973an jaio zen Gasteizen eta Nafarroako Basaburuan bizi da gaur egun. Irakaslea da lanbidez, eta hainbat libururen egilea, hala nola Anekdotak haur literatura ipuin-bilduma edo Beti mugan abenturazkoa.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments