“Arrastoa” gai hartuta egingo dituzte Oiartzungo Poesia Egunak irailaren 13tik 15era

0

2020az geroztik antolatzen dute Oiartzunen poesia erdigunean jartzen duen ekimen hau 1545 argitaletxeak, Hitzen Lihoak, Kantagiltzak eta Metrokoadroka kolektiboak. Irailaren 13tik 15erako iragarri dituzte aurtengo Oiartzungo Poesia Egunak, eta “Arrastoa” gai hartuta gauzatuko dute ekimeneko ekitaldi nagusietarikoa izan ohi den ibilbide poetikoa. “Azkenaldian sumatu dugu euskal kulturarekiko kezka bat, guk geuk partekatzen duguna. Ez ote duen sortzen denak gero eta arrasto txikiagoa uzten, ez ote diren berehala sormen lanak iraungitzen, sarritan oihartzunik, eztabaidarik, aldekotasunik edo kontrakotasunik apenas sortu gabe, kutsadura estetikorik edo ideologikorik eragin gabe. Ideia horretatik tiraka, aurten testuak irakurriko dituzten herritarrei haiei dena delakoagatik beren bizitzetan arrastoa utzi dieten poemak aukeratzeko eskatu genien”, azaldu dute.

Eako Poesia Egunak izan ditu inspirazio iturri ekimen honek, eta hark utzitako hutsunea. Ean bezala Oiartzunen ere, naturarekin erabat konektatutako egitaraua antolatzen dute, auzolanean eta hainbat elkarteren arteko lankidetzan. “Pandemia osteko giro hartan lehen pausoak eman zituen ekimenak, beraz, sustraiak bota ditu eta herritarren harrera eta parte hartzea gorantz joan da edizioz edizio baita Oiartzundik kanpo datozen pertsonena ere, azaldu dute.

Honakoa izango da, beraz, irailaren 13tik 15era Oiartzungo Poesia Egunek eskainiko dutena:

Irailak 13, ostirala:
19:00 ‘Arbasoak edo mamuak: Euskal literatura bere bidegurutzean’ hitzaldia Irati Jimenezen eskutik udalbatza-aretoan.
21:00 ‘Loaren defentsan’ errezitaldia Oier Guillanen eskutik Landetxen.
22:00 Loaldi poetiko kolektiboa Landetxen. Oier Guillan, Titika Rekalt, Lohizune Telletxea, Luix Mitxelena, Ainhoa Alberdi, Ananda Berasarte eta Metrokoadroka kolektiboa.

Irailak 14, larunbata:
11:00 Altzibartik Karrikara, ibilbide poetikoa. Herritarrek eta Oiartzungo idazleek “Arrastoa” gaiaren inguruko testuak irakurriko dituzte, eta idazle hauek beren liburu berrietako poemak irakurriko dituzte: Anjel Erro, Mikel Etxaburu, Aintzane Galardi, Maddi Sarasua, Oihane Jaka.
14:00 Bazkaria Artason. Sarrerak Landetxe tabernan (10 euro).
19:15 Kantagiltza, Arizmendienean. Erramun Martikorena.

Irailak 15, igandea:
19:00 ‘Galbahea’ poesia emanaldi musikatua Landetxen. Sarrerak: sarrerak.oiartzun.eus

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments