A. Etxeberria: «NOMADA idaztea erronka berezia izan da, 9 urtez luzatu baita»

0

Aitziber Etxeberriak (Zarautz, 1973) joan den urteko azaroan argitaratu zuen bere hirugarren eleberria, Nomada. Tango urdina eta31 baioneta liburuen argitalpena eta gero, Vietnam, Sobiet Batasuna eta Euskal Herria uztartzen dituen intriga nobela idatzi du.

Ia hamarkada bete egin du Nomadak labean…
Nomada idaztea erronka berezia izan da: duela bederatzi urte hasi nintzen eta azkenean denboran asko luzatu zait. Oso mantso idatzi dut: lana aldatu nuen, ama izan nintzen…, gauza horiek bere eragina izan zuten. Eta egia esanda, bukatutakoan satisfakzio pertsonala sentitu nuen.

Duela hamaika urte Vietnamera egindako bidaia izan zen nobela idazteko ideia eman zizuna…
Bai, Vietnam izugarri gustatu zitzaidan eta pentsatu nuen ondo egongo zela nobelaren batean sartzea, baina ez nekien nola. Oso urrutiko lekua da eta bidaia horretan pixka bat ezagutu nuen baina ez gehiegi. Pixkanaka buruari bueltak ematen lortu nuen sartzea.

Intriga liburua da…
Sailkatzea zaila egiten zait, baina bai, intriga liburu bat da. Nikolay Zaitsev pertsonaia nagusiaren eta Hanoira joan den errusiar enbaxadore berriaren artean buruz buruko bat dago. Enbaxadore berriak, enbaxadan satzean, paperak txukuntzen ditu eta konturatzen da 1970. hamarkadako enbaxadorea hil egin zela. Txosten batek dio bere heriotza normala izan zela. Baina badago zerbait txosten horretan enbaxadore berria erabat konbentzitzen ez duena. Nikolay Zaitsev lekuko izan zela dio txostenak. Hain zuzen ere, orain bidaia bat egin behar du Zaitsevek Europara eta horretarako pasaportea eskatu behar du. Elkarrizketa bat egingo diote, eta horren harira sortzen da intriga istorioa.

Aurretik idatzi zenuen eleberria, 31 baioneta genero historikoaren barruan dago. Nomadarekin hasi zinenean hasieratik al zeneukan argi intriga liburu bat egin behar zenuela?
Ez, idazteko orduan ez dut generoan pentsatzen. Gehiago izaten da idazten hasi eta istorioaren ondik norakoak bide batetik edo bestetik eramatea. 31 baioneta idatzi nuenean, 1813. urtean Donostia erre zenean girotua, momentu historiko hori hartu nuen istorioak harrapatu ninduelako. Gero nire pertsonaiak momentu historiko horretan sartu nituen, baina lehenengo pentsamendua ez zen izan nobela historiko bat idaztea; istorioak berak bultzatu ninduen horretara.

Eta kasu horretan zergatik aukeratu zenuen garai hura?
Kasualitatea izan zen. Notizietan eman zuten Gasteizen obraren bat egin zutela eta lurra prestatzen hasi zirenean soldadu frantsesen hezurrak aurkitu zituztela. Orduan kontatu zuten Gasteizen bataila handi bat izan zela eta handik tropa horiek Donostiara etorri zirela. Nik zehatz-mehatz zer gertatu zen ez nekien eta kuriosoa iruditu zitzaidan. Horregatik hasi nintzen gai hori aztertzen.

Azkeneko eleberrian herrialde asko elkartu dituzu pertsonaia nagusiaren baitan: Sobiet Batasuna, Vietnam, 36ko gerratik ihesi kanpora bidali zituzten haurrak…
Bai, pixka bat kondentsatu egin dut dena. Vietnam sartu nahi nuen, esan dudan bezala, baina leku exotikoa da, urrutikoa; eta berari buruz idaztea zaila egiten zitzaidanez pentsatu nuen errazagoa izango nuela nik ezagutzen nuen edo gertuagokoa zen zerbaitekin lotzen banuen. Gero, gerrako haurren gaia azaldu zen, batzuk Ingalaterrara joan zirela, beste batzuk Sobiet Batasunera. Vietnam nola herrialde komunista den, Sobiet Batasuna bezala, iruditu zitzaidan posible izango nuela hortik lotura bat egitea, eta azkenean horrelaxe egin nuen.

Zer da idaztea gehien kostatu zaizuna?
Sobiet Batasuneko zatia izan da idazten zailena, ez dudalako ezagutzen, horrekin lotu nuen arren. Leningradon kokatu nuen, egungo San Petersburgon, umeak hara joan zirelako. Leningradoren inguruko informazioa bilatzen hasi nintzenean setio bat bizi izan zuela jakin nuen kasualitatez, Donostiak bezala. Hor erabaki nuen ez nuela nahi berriro setioari buruz gehiegi hitz egin, aurreko nobelarekin alderatuta zerbait ezberdina egin nahi nuelako, eta beste elementu batzuk bilatu nituen: Hermitage museoa, adibidez. Han gertatzen zen istorioa Vietnamekin eta Euskal Herriarekin lotzea izan da gehien kostatu zaidana.

Eta ederrena?
Ederrena baino gehiago, emotiboena esango nuke: hemengo haurrek nola hemendik alde egiten duten, Bilbotik barkuan nola joaten diren…, zati hori kontatzea.

Aurreko bi eleberriekin alderatuta, idazketa prozesua ezberdina izan al da?
Niretzat prozesua beti nahiko antzekoa izaten da. Azkenean ez diot egunero denbora gehiegi dedikatzen, ordu erdi inguru, edo ateratzen zaidan tartea, eta ez dut egunero idazten. Kasu honetan, are gutxiago. Ni saiatzen naiz libre daukadanean idazten, eta idazteko leku jakin baten beharrik ez izateak gauzak errazten dizkit. Nomada liburua idazten ari nintzela nire alaba oso txikia zen, eta kalera ateratzen ginenean bera lo zegoen bitartean nik terrazaren batean zerbait hartzen ari nintzela koadernoa atera eta idatzi egiten nuen. Gero etxean ordenagailura pasatzen nuen. Baina orokorrean abstraitzeko erraztasun hori badaukat.

Lehenengo bertsioa, beraz, leku ezberdineta idatzia izan zen…
Bai. Lanera trenez joaten naiz. Oso bide motza da, baina ideiaren bat etorriz gero idatzi egiten dut. Hasierako bertsioa horrela idatzia izan zen. Gero ordenagailuaren aurrean jartzeko ordua iritsi zen, metodikoagoa izatekoa. Beste eleberriekin ere gutxi gorabehera horrela egin izan dut.

Zu botikaria zara lanbidez eta denbora librean idatzi egiten duzu…
Bai, txikitatik gustatu zait bai irakurtzea, bai idaztea. Nire etxean ere hori asko bizi izan dugu, bi anaia dauzkat bikiak eta biak idazleak dira. Nire aita ere idazlea izan zen eta horrek erraztu egiten dizu idaztea. Zaletasuna da.

Opera Prima saria bi aldiz irabazi duzu…
Bai. Lehenengo aldian aurreneko nobela saritu zidaten. Bigarrengoan, 31 baioneta ez zen nire lehenengo lana, baina 35 urte baino gutxiago nituen, eta horixe zen bete beharreko baldintza. Bai batean bai bestean sorpresa izan zen.

Tango urdina da lehenengo Opera Prima saria eman zizun lana. Nola gogoratzen duzu?
Oso nobela zuzena da. Irakurri dutenek diote erraz irakurtzen dela, azkar, eta ailegatzen den istorioa dela. Gainera, nahiz eta urte dezente pasatu diren idatzi nuenez geroztik, gaurko gaia da, tratu txarrak jorratzen baititu. Jende gaztea ere azaltzen da, eta kapituluak motzak dira. Irakurterraza, beraz.

Zein da eleberri bat idazteko behar duzun hazia edo ideia?
Ez daukat gai jakin bat. Izan behar du zerbait jakin-mina sortzen didana, edo interes berezia, baina ez ditut beti gai berak jorratzen. Uste dut gai ezberdinak landu izan ditudala. 31 baioneta liburuaren kasuan izan zen albisteetan entzundako notizia txiki hori. Lehenengo eleberria, berriz, Iruñean dago inspiratuta. Karrera ikastera hara joan nintzen. Etxetik ateratzen nintzen lehenengo aldia zen, herri batetik hiri batera… han bizitzen egon nintzen etxe handi batean, eta goiko bizilagunek izugarrizko eztabaidak izaten zituzten. Horretan dago inspiratuta Tango urdina.

Ba al duzu idazle kuttunik?
Denetatik irakurtzen dut. Adibidez, nobela beltza asko gustatzen zait, nobela historikoa ere irakurtzen dut, baita fantasiazkoa ere… Liburu batean aurrean jarri, sinopsia irakurriko eta lehenengo paragrafoak engantxatzen banau, horixe hartzen dut. Aldatzen joatea gustatzen zait. Zientziari lotutako liburuak ere gustuko ditut.

Zuk zientziak ikasi zenituen, baina letren munduan aise moldatzen zara…
Bai, azken finean hezkuntza modeloagatik-edo, aukeratu behar zenuen zientzietatik edo letretatik joan. Baina aukerarazi egiten zizuten, eta ematen du zientziak gustatzen bazaizkizu letrak ez zaizkizula gustatu behar, edo alderantziz. Nire ustez hori absurdoa da. Letrak eta zientziak uztartuta doazela iruditzen zait, ez direla kontrakoak, osagarriak baizik: biak gustatzen zaizkit.

Orain beste ideiaren bat al daukazu buruan?
Ideiaren bat badaukat, baina idazmenari dagokionez deskantsatzen ari naiz. Nomada orain atera da, gainera. Pertsonaia pare bat badauzkat buruan eta ideia bat ere badut. Hori lantzen ari naiz, eskema bat egiten.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments