Kutsidazu bidea, Maria

0

 

Euskaraz egindako ikuskizunak ez direla zama moduan hartu behar, jakin badakigu. Eta ekoizleak dudak baditu, esan diezaiola Demode Produkzioak taldeari. Joan den urriaren 4an Espainiako Arte Eszenikoetako Max Sarien gala ospatu zuten Bilboko Arriaga antzokian, eta Demoderen ‘Kutsidazu bidea, Ixabel’ obrak irabazi zuen ikuskizun musikal edo liriko onenaren saria. Joli Pascual eta Patxi Barco zuzendariek jaso zuten saria eta kulturaren defentsa sutsua egin zuten. Joxean Sagastizabalek 1994an argitaratutako izen bereko umorezko eleberri ospetsua oinarri hartuta sortutako musikala da. Erabat arrakastatsua, euskal literaturak izan duen best-sellerrik salduena da: ia 100.000 ale!

Kike Amonarrizek Tribuaren berbak saioan behin esan zuen bezala, ‘Kutsidazu bidea, Ixabel’ euskaldunon Harry Potter da. 2003an estreinatu zen lehen antzezlana eta, ondoren, 2006an aurkeztu zuten filma Donostiako Zinemaldian. Antzerki obra musikala ikusteko aukera dago orain. Duela urtebete estreinatu zuten, 2020ko urriaren 15ean, Arriaga antzokian. Maria Redondo Mujika (Legazpi, 2000) ETBko ‘Go!azen’ telesailean agertzeagatik da ezaguna, eta antzezlanean Ixabel da, Juan Martin euskaldun berriari gehien laguntzen dion neska gaztea. Kazetariak elkarrizketa egin zion egun berean ospatu ziren Max Sariak. Gauean ‘Kutsidazu bidea, Ixabel’ musikalak ezusteko handia eman zuen Bilboko Arriagan. Whatsappez urriaren 5ean idatzi zuen Redondok mezua: “Milesker zoriontzeagatik, emozionatuak gaude!”.

Pandemiak ‘Kutsidazu bidea, Ixabel’-en ibilbidea oztopatu du? Bai. Gu pandemia garaian hasi ginen. Entseguak pixka bat lehenago izan ziren eta gogoratzen naiz Xanti Korkostegik eta biok entseguak Tabakaleran egiten genituenean konfinatu gintuztela. Ordenagailu batekin hasi ginen etxetik lanean… Garai zail samarra izan zen guretzat. Antzerkia egiterakoan askoz ere jende gutxiago gerturatu da, erdi hutsak egon dira eserlekuak edukiera mugatua baitago. Egia esan, antzerkia egiteko ez da momenturik onena. Pena da. Jendea musukoarekin ikusten duzu eta ez dakizu zer sentitzen ari den.

Gertutasun hori nolabait galdu da.  Antzerkian oso sentsazio polita da jendearen gertutasuna eta erreakzioa zuzenean ikustea. Musukoak hori ezabatu egin du, ezinezkoa da jakitea zer pasatzen den ikuslearen burutik. Begitxo batzuk ikusten dituzu baina ez dakizu gustura dauden, grazia egin diezun… Antzerkia maite dugunontzat alukeria bat da, zer egingo dugu!

Max Sarietan izateak seguru bultzada handia emango diola musikalari. Bigarren aukera bat izango duela uste duzu? Nik baietz espero dut. Pare bat data daude aurreikusiak urrian eta azaroan, baina oraindik ez zaizkigu emanaldi asko atera. Gaurko galaren ondoren jendea gehiago enteratuko da seguru asko.

Ezetz esango didazu, baina benetan espero zenuen Max Sarietara iristea? Whatsappeko taldean izendatuak geundela esan zutenean broma bat zela uste nuen. Galdetu nien ea txantxetan ari ziren. Inork ez zuen espero halako zerbait gertatuko zenik. Euskal produkzio bat da eta… Ez, ez… Antzerkia oso ondo dago eta nahiko harrera ona izan du, egia esan. Baina Max Sarietara iristea beste gauza bat da, pausoa handia da. Uste baino gehiago lortu du.

Iazko urriaren 15ean estreinatu zenuten obra Arriaga antzokian. Zeintzuk izan ziren zure sentsazioak egun hartan? Arrakasta usaintzen zenuen? Kontuan hartu behar da obra hau nire lehen lan profesionala izan dela ‘Go!azen’ -etik at, zuzendari batek deituta eta, hori gutxi balitz, Arriagan estreinatua! Ez zen izan Legazpiko antzokian, eta errespetu osoz esaten dut, oso ondo baitago. Baina ulertu didazu. Ez da gauza bera. Gainera, aktore ezagun asko zeuden geure artean. Niretzat bidaia oso dramatikoa izan zen. Ni neu oso dramatikoa naiz. Oso urduri nengoen. Gurasoekin joan nintzen kotxez Bilboraino eta ez nekien antzerkia ondo aterako zen edo ez. Nire lehenengo aldia zen, ez nekien nolakoa izango zen jendearen erreakzioa… Baina nik jada arrakasta lortua nuen: Arriagan da estreinua, zer da hau!

Ez dakit eleberria irakurri duzun… Ez, ni pelikulara iritsi nintzen. 

Une batean esaten da euskara ez dela zapata berriak bezalakoa; asko erabili arren ez dela inoiz zahartzen. Bai, hala da. Momentu honetan nire inguruan oso euskara gutxi entzuten dut. Unibertsitatean asko erabiltzen dugu, baina nire kuadrillan ez da horrela. Legazpin denetarik dago. Gazteen artean asko jaitsi da euskararen erabilera eta pena ikaragarria ematen dit.

Zeintzuk izan dira zure erreferenteak Ixabelen papera egiteko?  Patxi Barco zuzendaria niregana etorri zen eta esan zidan: “Bide propioa egiten duen pertsonaia sortzea nahi dut, zurea dena”. Euskaldun guztiok edo gehienok ezagutzen dugun istorioa da eta ukitu pertsonala eman behar nion. Jakina, aurreko antzezlana ikusia daukat eta musikalarekin hasi aurretik begiratu bat eman nion nondik nora zihoan ikusteko. Ixabelen pertsonaia guk sortu dugu, Patxiren eta talde guztiaren artean.

Zergatik da agortezina Joxean Sagastizabalen liburua? Orain dela 25 urte kaleratu zen eta kontakizuna 70eko hamarkadaren bukaeran dago girotua. Euskaldun berri baten inguruan sorturiko irudi bat da eta guri, niri behintzat, grazia handia egiten digu. Errealista da puntu bateraino eta sortu dugun klitxe baten inguruan barre egiten dugu. Istorioa berez oso polita eta dibertigarria da. Euskaldun bezala harrotasun puntu bat ematen digu hemen sorturiko istorioa izateak. Geurea da, geurea sentitzen dugu.

Alkiza zibilizazioaren azken portua bezala aurkezten da. Gaur egun landa munduaren eta hiriaren arteko mugak ezabatu direla uste duzu? Nik uste dut baietz. Lehen ez zegoen hainbeste erraztasun komunikabide aldetik herritik hirira joateko. Kontuan eduki behar da liburua 1994an idatzi zela. Beste garai bat zen. Baina lehen esaten genuen bezala, arrakastaren gakoetako bat da hori. Klitxeak egiten digu grazia. Horrelako Euskal Herri bat aurkezteak barregarria izaten jarraitzen du.

Gogoan izango duzu orain dela urte batzuk I can see no way, I can see no way estribilloa abesten zenuela ETBko Bago!az lehiaketan. Egiten ari zara bidea, Maria… [Barreak] Oso pertsona aktiboa naiz, batzuetan aktiboegia agian. Nahiko agobiatuta bizi naiz. Mila gauza egin nahi ditut, uneoro. Hala ere, ez dut kexatzeko arrazoirik nahi dudana egiten ari naizelako. Batetik, Filosofia ikasketak ari naiz egiten Euskal Herriko Unibertsitatean, mundu zeharo desberdina dena baina asko gustatzen zaidana. Bi mundu horiek, ikasketarena eta aktorearena, aldi berean egitea oso zaila da. Gustura ari naiz, baina nire gauzetarako eta lo egiteko oso denbora gutxi daukat.

Nolakoa da zure egun arrunt bat? Nire eguneko errutina gaur bertan (urriak 4, astelehena) hasi da. Astelehenetik ostegunera goizetan unibertsitatera joaten naiz eta arratsaldetan, TAE Donostiako antzerki eskolara. Ostiral goizetan aurreratu ezin dudan proiektu batekin hasi naiz eta gero, arratsaldez, piano klaseak ditut. Normalean asteburuetan emanaldiak izaten ditugu, ‘Kutsidazu’-ko funtzioak edo ‘Go!azen’-eko kontzertuak. Udan telesailaren denboraldi berria grabatu dugu, eta berehala prestatuko ditugu entseguak Euskal Herrian barrena bira bat egiteko, azarotik ekainera arte.

Filosofiako zenbatgarren mailan zaude? Aurten bi mailen arteko zubia egiten ari naiz. Bigarren mailan gainditu ez nituen bi ikasgai ari naiz errekuperatzen eta hirugarren mailako bi ikasgai ere aukeratu ditut: lau, guztira. Lasaiago ibili nahi dut. Pixkanaka joan behar dut. Behin antzerki eskola bukatuta, hirugarren maila osorik hartuko dut.

Zer ikasi duzu Basakabi udalekuetako istorioekin? ‘Go!azen’-ek gynkana artistikoa dirudi: dantza egiten duzue, abestu, antzeztu… Nire oinarri guztia bertan dago. Egin dudan lehenengo gauza da ‘Go!azen’. Hori, hasteko. Horrez gain, bizitzaz eta ogibideaz asko ikasten da. Ia hiru hilabete dira, astelehenetik ostiralera, goizeko 8etatik arratsaldeko 8ak arte. Ikasketa intentsibo bat da. Errodaje profesional batean zaude; fikzioan lan egiten duten adituz inguratua, gehienak zu baino helduagoak direnak; egunean 12 orduko lanaldiak direnez, gure artean bizikidetza dago… Oso gazte sartzen zara telesailean, 17-18 urterekin. Horrek harremanak izateko bideak irekitzen dizkizu eta oso jende politarekin egiten duzu topo.

‘Kutsidazu’-ko Juan Martin (Xanti Korkostegi) ‘Go!azen’ telesailean ezagutu duzu. Ez da gutxi. Hori da. Nik Xanti maite dut ikaragarri.

Hasieratik kointziditu al zenuten?  Lau urte daramatzat ‘Go!azen’-en eta Xantik bi denboralditan hartu du parte. Uda honetan ez da grabazioan egon, baina orain nire alboan daukat ‘Kutsidazu’-n; egia esan, oso gustura nago.

Udako grabazioekin hain lanpetuta zaudenez, ezingo zenuen beste askok bezala Cadizko hondartzetara alde egin. Hain zuzen ere, aurten astebete pasatu dut Puerto de Santa Marían!

Hau kasualitatea! Errodajea apur bat lehenago bukatu dugunez, tartetxo bat izan dut. Aurten telesailak kapitulu gutxiago izango ditu eta hori izan da arrazoia. Baina azkeneko lau urtetan ez dut izan opor luzerik.

Musikaria ere bazara. Berriki hasi zara piano klaseekin; zure kantu propioak konposatzeko? Ez naiz sekula musika eskola batera joan. Solfeoa ikasten aritu nintzen urtebetez,  baina utzi egin behar izan nuen denborarik ez nuelako. Eta orain piano eskolak hartzen hasi naiz lagun batekin. Hain zuzen ere, horregatik eman dut izena; nik neuk abestiak sortzeko. Erromeria talde bat daukat, Garilak 26 izenekoa, bizkaitarra da. Ez dugu oraingoz abesti propiorik sortzen, ea etorkizunean… Pandemiarekin ezin izan dugu ia ezer egin, baina berehala berriz ere martxan jartzea gustatuko litzaiguke.

Bakarlari moduan hasi nahiko zenuke? Printzipioz, bai.

Zer estilotara joko zenuke?  Ez dakit. Gitarra jotzen nuenean abesti melodikoagoak egiten nituen, ondoren pop eta trapean murgildu nintzen, azkenaldian Bruno Marsek egiten duena asko gustatzen zait, Recyled J oso elegantea dela iruditzen zait…

Eta C Tangana?  Gustatzen zait. Baina momentuan iruditzen zaidana egingo dut. Ez dut nire musika estilo zehatz batera lotu nahi, iruditzen zait horrek ateak ixten dizkizula. Musika bakoitzak zerbait ezberdina aportatzen du, hori da duen gauzarik ederrena. Eta hiru hizkuntza ezagutzen ditudanez (euskara, gaztelania eta ingelesa) haien arteko nahasketa bat egingo nuke.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments