Peru Abarka
Juan Antonio Mogel
Elizalde, 1881
“Aita-semeak tabernan daude / ama alabak jokoan / berriro ere ez da faltako / trapu zikinik gakoan”. Oskorrik eta Laboak halaxe kantatu zituzten Mikel Zarateren koplak, argiro-argiro Peru Abarka deritzoten liburuko beste batzuen aldaera zirenak. “Aita semiak edanda dagoz / Ama alabak jokuan; Ostera bere egongo dira / Soñoko zaarrak kakuan”, horrelaxe dago idatzita jatorrizkoan. Hala bada, gordinagoa zen zaharra moldatua baino. “Edanda dagoz” idaztetik “tabernan dagoz” idaztera aldea eta berrehun urteko tartea dagoz. Traizioa?
Nobelatzat jo izan bada ere, estu hartuta elkarrizketa liburua litzateke Peru Abarka, hura idatzi zuen Juan Antonio Mogel hil baino laurogei urte geroago argitaratua. Nik neuk, bigarren iritzi horren alde eginez, antzezlantzat daukat, jatorrizko titulu osoak dakarrenarekin bat: ‘El doctor Peru Abarca, Catedratico de la Lengua Bascongada en la Universidad de Basarte o Diaologos entre un rústico solitario bascongado y un barbero llamado Maisu Juan’. Beraz, laburturik Peru eta Juan / Elkarrizketak litzateke titulu egokiagoa Peru Abarka baino. Horretara laburtu zuenak traizio egin zion liburuaren erdiari eta, nago ni, izpirituari. Alabaina, ez naiz ni izango gure eztabaiden kakoan gai berria eskegiko duena.
Kopletara itzulita “aita semeak edanda dagoz” hori indartsua da, gordina bezain. Hori non da eta, Bizkaian XVIII. mendean. “Uri barruan”, liburuan bertan idatzita dagoen bezala. Uri (hiri) barru haietan euskaraz egiten baitzen, Juanen hitzetan “erdera askogaz nasteta” bazen ere. Hori horrela, hizkuntzaren eztabaida baino are garrantzitsuagoa da moralari buruzko tesia liburuan. Hots, non diren gaiztakeriak eta zitalkeriak, non zintzotasuna eta ontasuna.
Maiz idatzi eta aipatu izan dena da Beterri erdalduna eta Goierri euskalduna dikotomia Txomin Agirreren ‘Garoa’ eleberriak ezarri zuela, idatzian behintzat, eta dikotomia horri uztarturik hirialde erdaldunak, etorkinen eraginez hain zuzen, gaiztakerien eta beste bakatu guztien paradisua liratekeela eta, aldiz, enparauak, euskaldunak alegia, erabat garbiak. Halakoetan ahaztu egiten da aipagai dugun Peru eta Juan, “gaiztoak erdaldunak” eta “zintzoak euskaldunak” binomioak asmatu baino lehenagokoa. Gaiztoak eta zintzoak, denak euskaldun ziren denbora jakin baten idatzia da Mogelena.
Horren harira beti iritzi diot zoragarri liburuaren lehen erdiari. Hirietako taberna haietako baten giroa erakusten digunari alegia. Era berean, beti egin zait hein batean behintzat frustragarri bigarren zatia, hots, basoan hasten den munduaren idealizazioa. Oi, hiriko giro hari buruzko testua egin izan balu Mogelek. “Edanda dagoz” gordin horren tonuari eutsiz idatzia. Oso proiektu polita iruditu zait. Utopiak irudikatzeko eta irakurtzeko modu berriak probatzeko.
Daukaguna daukagu, ostera, eta horrexetan dugu dibertimendurako aukera ez makala. Esaterako, medikuntzari buruzkoekin. Pandemiaren aro honetan beste irakurkera bat eskaintzen dute. Eta zer esan orain ostatuetan eskatzen diren prezioak liburuan ageri direnei alderatuz gero. Eta ez naiz ahaztuko tabernako ugazabandreaz eta neskatila langileaz. Berrehun urte igarota ardandegiak eta zerak beren bidean.
Badakit liburuak zein euskara dakarren gogoan hartuta “Guztiz zailak / Gaitzak” atalean sailkatuko duzuena irakurle gehienok. Haatik, pandemiaren garaian Peru eta Juan bidaide hartuta iraganera egiteko aukera honek merezi du ahalegina. Abiatzeko, jar Oskorri zein Laboa belarrietan: “Aita-semeak tabernan daude”. XVIII. mendean.
Bidaia on.