Presio itzela ezarri digu Joxean Agirrek bere literaturaren irakurle garenoi, jubilatu zenetik urtero argitaratu baitu nobela bat. Aurrean daukat wikipedia: azken zazpi urteotan sei nobela. Laugarrena nik irakurri dudan azkena, ‘Nobela errealista bat’.
Egin/Garako kazetaria zen bitartean ere argitaratzen zuen, denbora tarte handiagoarekin, baina sumatzen nion, hala iruditzen zitzaidan, behintzat, kazetari haren atzean bazegoela idazle bat, literatura maite zuena, zentzu estetiko baten jabe zena. Haren idazteko estiloa ere berezia zen, heldua, umotua, eta, kazetari finari dagokion gisan errealitateari atxikitzen bazitzaion ere, hori gainditzen zuen literatura bat idazteko gaitasuna zeukan, irudimen beroarekin hasi eta gustukoak zituen idazleen erreferentziekin amaitzeko; Saizarbitoria aipatzen zuen maiz, eta XX. mende erditik aurrerako idazle europar batzuk.
Agirreren nobela batetik bestera jauzi egiten dudanean, inpresioa daukat liburuz liburu ‘obra magna’ bat idazten ari den norbaiten aurrean nagoela. Ez da beti liburu berbera idazten duela, baizik eta proiektu bat osatzen ari dela, eta bere nobelak 2.000 edo 3.000 orriko bi tomotan-edo jaso zitezkeela, hori editorialki posible balitz. Zeren bere orrietan Euskal Herria ikusten dut, Agirreren begirada bereziaren pean, noski, behar duen bezala. Gure nortasun garaikidea, introspekzio lan zorrotza pertsonaien nortasunean, gure klixeak hartu, destolestu, eta uste ez genituen ondorioak erakutsiz.
Borroka zaharren oroimen herdoildua aurki dezakegu haren orrietan, umorea, pertsonaien jarrera lotsagarriekiko erruki neurtua, esajerazioak, neurosiak, amets umelak, sedukzio bide inposibleak… gogora datorkit nobeletako batean supermerkatu baten aparkalekuan ligatzen hasten den gizajoaren oroimena. Izan ere, Agirreren pertsonaiek gauzarik errealistena egiten dute: errealitatearekin ez konformatu, eta beste zerbait bilatu, bizigarriagoa, ahal bada.
Halere, literaturari onartzen zaion klabe errealisten antzaldatzearen gainetik, lortzen du Agirrek erraz identifikatzeko moduko pertsonaiak sortzea, zure auzokoak balira bezala, kalean egunero gurutzatzen duzun hori, mahai inguruan noizbait agertzen den istorio kontalari hori.
Alegia, pertsonaia horiek euskaldunak dira, edo izan litezke, garaikideak dira, gaurko biztanle edota aurreko hamarkadetan onanak eman zituztenak, eta gaur hartaz harrotzea edo lotsatzea dagokienak. Soziologo ona izan behar du hori lortzeko. Eta kontatzeko daukan moldeak, eta begiradak, nik uste pertsonaiei beste dimentsio bat ematen diela: euskaldun izanik unibertsal izatea, natural.
Eta urte askotan zorroztutako begirada hori, jakinduria literarioak horniturik eta luma sakontasun psikologikoan bustirik, izango da, agian, bere liburuen ezaugarririk interesgarriena: niri, bederen, liburu berri bakoitza irakurtzeko gogoa aldiro pizten didana.
Joxeanen martxa jarraitzea erraza ez bada ere. Gaurko jubilatuak holakoa dira!