Engainuaren xarma

0

Ipuina engainua da
Iban Zaldua
Elkar, 2022

Ziburuko euskal liburu eta diskoaren azoka kari, azokaldia antolatua izan da maiatz honetan, auzo herrietan asteroko ekitaldiak eskainiz.

Horietako batera hurbildu nintzen, Urruñako Berttoli elkartera, Ipuina engainua da irakurraldi musikatua ikustera,  zeinetan idazleak eta Miren Narbaizak esperientzia berria biziaraziko zien ikus-entzuleei.

Azokako antolatzaile gisa hurbildu nintzen bertara, gogotsu eta jakin minez, eta ikusgarritik atera nintzen aulki gogorren deserosotasuna ahantzi eta atseginez betea. Txalo zaparradaren ondotik, liburua erosi eta sinarazi nion idazleari, nola ez.

Erosi eta irakurri, nahiz lehenagotik ere banuen irakurri beharreko liburu andana itxaron zerrendako apalean, haiek guztiak aitzindu zituen Iban Zalduarenak, bezperako esperientziaren gustua iraunarazi nahi bainuen beharbada.

Diskotekarenaren lehen lerroan ohartu naiz. Lehen ipuineko lehen lerroan, irakurri ahala Zalduaren ahotsa entzuten ari naizela, bezperako ahots sarkor hura bera ari zaidala ipuina irakurtzen, geldiuneak narratzaileak dituela markatzen. Harritu egin naiz, usaian ez baita hori gertatzen. Usaian, nire boza baitut aditzen irakurtzerakoan, edo ahots neutrala, identifika ezina hain segur. Hor aldiz, dudarik ez dago, idazleak dit ipuina irakurtzen! Ipuinak irakurtzen, hobeki erranda. Hamasei ipuinek osatzen baitute liburua.

Guztietan sartu naiz, idazleak gidatuta. Zaldua betaurreko biribilen gainetik bekainak altxatzen ikusi dut behin baino gehiagotan eta Txio ipuineko Aitorren ahalegin hutsalek, bere gezurretan ez itotzeko, irria eragin didate.

Ipuin bakoitzak bere sorpresatxoa dakar, ongi bildua, eta ipuin batetik besterako bidean, ezustezko hori asmatzen saiatu naiz, bertso bazkarietan gertatzen zaidan bezalaxe, baina lortu, gutxitan haatik.

Maiz ipuina ustez garrantzi handirik ez duten errutinek sorturiko eguneroko kontutxo arruntetik abiatzen da. Hortaz, pertsonaiekin aise identifikatu ahal izan naiz, eta umore fina ez da faltatu irakurketan zehar. Umorea bai, baina hersturarekin eta absurdoarekin maisuki josiak dira testuak.

Hamasei ipuinak zein baino zein gogo biltzaileagoak dira, erokeria punttu bat ere atzeman daiteke batzuetan.

Gure jendarteko gai anitz tratatzen ditu idazleak, eta ederki eramaten du irakurlea gutxien espero duen lekuraino. Bikotearen oreka hauskorra, monogamiaren eta bizi osorako monogamiaren arteko nabardurak finki ekarriak dira Buztangorri ilunak ipuinean.

Marta Harnecker en liburuan, alaba nerabearen odolberoa eta hautsi-mautsietara eramana den aitaren arteko eztabaida politikoaren bitartez, garai bateko abertzale borrokalarien bilakaera epeldua gordinki agerian uzten digu.

Zalduaren irudimena eta antizipaziorako gaitasuna ere harrigarriak dira. Bisita bat Arma museora testuek etorkizunera daramate, gure herria klima beroketaren ondorioz gertatuko den Hondamendiaren ondoko garaia aipatzen du, sekta giroa nagusi delarik, pentsamenduen kontrola eztiki inposatua izanki, armagabetutako munduak bilatu duen bakearen izenean.

Liburu honek gogoetarako parada ematen du, eta nik plazer gehigarria izan dut: ipuin batetik besterako tartean Mirenen kantu zoragarriaren belarri fereka.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments