Oier Aranzabal

0

1988an Bilbon jaioa eta Zarautzen hazia. Musikaria, kazetaria, dokumentalgilea eta kultur eragilea. Lou topet musika taldeko kidea, ‘Artxipelagoa’ podcastaren zuzendaria eta ‘Margolaria’ dokumentalaren egilea, besteak beste. ULU Media ekoiztetxean dihardu egun.

Honakoa da bere HIRUKOA:

BIZIKLETA BAT EGINGO DUT ZURE IZENAREKIN. Martin Etxeberria (Elkar, 2005).
“Nire liburu kutunen artean dago Martin Etxeberriaren hau. Soiltasunez eta sentsibilitate finez nola kontatzen dituen bizitzako gauza konplexu eta handienak. Ederra da”.

Gaien artean egunerokotasuna eta maitasuna bezalakoak agertzen ditu egileak, gertukoenera begira beti, arazo handietarako ezintasuna edo axolagabezia balu bezala: nahiago objektu hurbilak eta konkretuak, sentimendu ia primarioak. Formaren aldetik, berriz, sinpletasunaren alde egin du poetak: poema narratiboak dira oro har, naif samarrak ere bai, haiku itxurakoren bat, baina soiltasuna nabarmentzen da beste ezeren gainetik, biluztasun horren bila zebilelako edo “poetikotzat” jo ohi dugun hizkeratik ihesi balebil bezala.

LAGUN MINAK. Jon Benito (Farmazia Beltza, 2022)
“Memoriaren eta fikzioaren arteko generoan mugitzen da Benito. Marabilla bat da artefaktu hau. Eta nola egiten duen pertsonala kolektibo eta alderantziz”.

15 ipuin, poema, kontakizunek osatzen dute bilduma hau. Prosaz zein poesiaz, laguntasuna eta mina dira protagonista, bizitzan bananduezinak diren osagaiak. Ez da, haatik, kontakizun latza edo pesimista. Pertsonala eta kolektiboa baizik. Hari zehatzak zeharkatzen du liburua, bi modutara. Batetik, olerkiek hezurdurarena egiten dute; eta horretan gorpuzten dira narrazioak. Bestetik, hizkuntza. Hizkuntza modernoa ez ezik, modernizatua da. Berritzailea izateraino askotan. Idazkeragatik nahiz hitzen erabileragatik.

FAKIRRAREN AHOTSA. Harkaitz Cano (Susa, 2018)
“Euskal musikaren anti heroi eta ikono handi baten bidez, Imanol Larzabalen bidez, maisuki egiten du gure historia hurbileko korapiloen kontakizuna Canok. Beharrezko irakurketa”.

Zer egin dohain bat daukazunean? Erabili, munduari eskaini, eta, trukean, inoren arreta jasotzera ohitu. Horixe egiten du Imanol Lurgainek bere ahotsarekin kantagintza konprometitua besarkatu eta frankismoaren kontra borrokan hasten denean. Garai horretan jasoko du bigarren larru izango duen goitizena: Fakirra.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments