Lierni Ibargutxi

0

1975ean Eibarren jaioa, EITB taldeko emisoretako erredaktore-lokutore lanak egiten dihardu hainbat saio eta formatutan; besteak beste, Euskadi Irratiko ‘Baipasa’ saioan entzun dezakegu arratsaldero. Irakurzale amorratua, bere garaian Lubaki Bandaren parte izan zen.

Honakoa da bere HIRUKOA:

BAR GLORIA. Nerea Ibarzabal (Susa, 2022).
Egunaren zurrunbiloa noiz apalduko daude Ana, Rakel eta Migel, patxaran gozotan hirurei eusten dien sarea ehuntzen segitzeko. Idi buru bat dute zelatan –gorputz gaixo baten itzala ilunpean–, eta distantzia gutxira dute Paradise, desira ukatuen dantzaleku, gela erreserbatu eta moketazko hormekin; eta baita hiria ere, lagunarte berri, arrotz denaren aire urduri eta modernitatearen lokalizazioekin.
Mundu bat kabitzen da Gloria tabernako azuleju gorri eta gainazal koipetsuen artean, eta denboraren ate ezberdinetatik sartuko da irakurlea bertara kontakizun honetan. Jendea da haren zimendu, eta konplizitate uneek, isildutako bortxa-markek, lanordu konpartituek zein elkarrizketa tarteka mutuek epeldu bezala erreko dituzte habe horiek, beste batzuk eraikitzeko, akaso. Iragan hurbil baten hitzezko filmatze bat dakar Nerea Ibarzabal Salegiren estreinako nobelak.

OSPA. Juan Luis Zabala (Susa, 2017)
Telefonoz deitu dio Wim Wenders zinegileak. Kanpinean Bob Dylanen kantu bat entzutean hunkitu egin da. Bartzelonatik bueltan, Mikel Laboa hil dela jakin du irratiz. Eduardo Txillidaren eskultura famatua rotaflexarekin apurtzea erabaki du…
Juan Luis Zabalaren 23 kontakizunetako pertsonaiaren bat ezagutuko duzu ziur aski. Litekeena da zeu izatea horietako bat, edo zure lagunen bat, edo auzokoa bestela. Ez dago liburuko 23 narrazioak batzen dituen gai bakarra, nahiz eta denen artean baden ahaidetasuna: ezinegonak iheserako gogoa edo premia pizten du pertsonaia gehienengan, baina ihesa batzuetan ezinezkoa da, ezustekoen iturri ere bai inoiz, eta beste askotan abiaburura itzultzeko lehen puasoa.

MARTUTENE. Ramon Saizarbitoria (Erein, 2012)
Martutene. Dadoa zenbait aldiz jaurti ondoren, bosta atera da: Julia, Martin, Pilar eta Abaitua dira lau kantoietako puntuak; erdikoa, Lynn. Julia itzultzailea da, Martin idazlea; Pilar eta Abaitua medikuak. Berriro osatzeko (edo desegiteko) prozesuan dauden bi bikote. Horretan, neska amerikar bat agertzen da haien bizitzan; soziologoa da, Marx Frischen eleberri bateko protagonistaren izena du. Lynnek ez du nahi, baina aspalditik lokartuak zeuden harreman haien zimenduak astinduko dituzten erreakzioak abiaraziko ditu haiengan: alaitasuna, desira eta bizi berri bati ekiteko poza eta ilusioa.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments