Izenburua: Izan bainintzen Nafarroako errege
Idazlea: Aingeru Epaltza
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2009
“Ez zen lehen aldia Nafarroa ñimiñoko tronuaren oinordekoak Frantzia alimalekoko erregeren arreba
esposatzen zuena. Oraingoan, Henrike Borboikoak ez zuen etxe bazter bateko kapare landerraren itxuran
agertu nahi bere koinatua izanen zenaren parera. Margarita Valoiskoarekin uztartzera abiatzen zen
egunean, Vianako printzeak zaldun talde bat nahi zuen berarekin lekuko, bakoitza Albret-Borboi leinuaren
menpeko lurralde baten ordezkari: Nafarroa Beherea, Biarno, Bigorra, Foix, Labrit, Vendôme…”
Bikaina, gozagarria. Mailuaren odola irakurri nuenean ere asebete ninduen Epaltzaren obrak, gutxitan bezala gozatu nituen haren hizkera eta kondaeraren erritmoa. Bigarren emanaldi honek lehena gainditu du eta zirto harrapatu nau hasieratik. Agian eskertuko niokeen hainbeste pertsonaia dantzarazten duen eleberri historiko batean luzexeago joatea, pertsonaia bakoitza gehixeago definitzeko mami eta denbora gehixeago ematea. Horrek, zalantzarik ez, astunago egin lezake. Trilogia honen lehenengo bi obrak irakurri aurretik ez nuen Epaltzaren literatura lanik ezagutzen, bai, ordea, bere kazetaritza lanik. Ezusteko handia izan dut; liburua neguko arratsalde lanbrotsu hauetan irentsi egin dut. Zer ekarriko digu hirugarrenak?
Hasieratik aitortu behar dut ez naizela batere objektiboa Epaltzaren, bere aspaldiko ‘Sasiak ere begiak baditik’ irakurri nuenetik, nire idazle kuttunen multzo txikian tokia egin niolako. Gero ‘Ur uherrak’ zoragarri eta hunkigarri hura etorri zen, merezi zuen onespena izan ez zuena, ordea. Beste proposamen on batzuen ondoren, oraingo trilogiari ekin zion duela urte gutxi, eta hauxe da hirukote horretako bigarren osagaia, lehenengo kontakizunari segida kronologikoa ematen diona. Istorioa batez ere Parisko gortean kokatzen da, Nafarroarentzat eta, oro har, Europarentzat garrantzia handia izan zuen garai batean, XVI. mendearen bigarren erdian, alegia, erlijioen arteko gerlak bere gordinean daudelarik. Historiako pertsonaia eta gertakari asko baliatzen ditu idazleak bere sorkuntza lan hau eskaintzeko. Fideltasun handia historiari, baina fikziozko pertsonaia baten bitartez kontatua: Joanes Mailu. Idazkerari dagokionez, ahalegin bat igarri diot Aingeruri garai hartako esamoldeak eta estiloa gaur egungo batuarekin uztartzeko, ohi duen bezala bere Nafarroako batutik abiatuta. Horrek liburuaren mamiari sinesgarritasuna ematen diola iruditzen zait. Antzeko ahalegina egin zuen bere garaian Joan Mari Irigoienek ‘Lur bat haratago’ idatzi zuenean.
Eleberri historikoa, genero gisa, gutxi jorratu da euskaraz eta trilogia honek hutsune hori betetzen lagunduko du. Hirugarrenaren zain gelditzen gara. Ailedi fite jin!
Lehengo atalean, Migel Mailu eta bere iloba Joanes ezagutu genituen XVI. mendean Nafarroako errege-erreginek beren erresuma osoa berreskuratzeko eta fedea zabaltzeko egindako saioetan. Bigarren honetan, Henrike III.a Nafarroako erregea Paris aldera doanez, hara eramaten du Joanes Mailu zerbitzari leiala ere. Fikzioa lantzeko toki ona omen da iragana esan zuen egileak elkarrizketa batean. Horrela izango da, baina eleberria irakurtzean fikzio horretan murgilarazten gaitu egileak eta, nahi gabe eta arian-arian istorio horiek errealitate historikotzat hartzeko arriskura ere eramaten gaitu, hain dira ikusgarriak egiten dituen deskribapenak. Aurrekoa asko gustatu zitzaidan eta oraingoa, berriz, gehiago. Ez dut jarri nahi bete-bete egin nauenik, horretarako hirugarrenaren zain geratzen naizelako. Askotan uste dugu oraina iraganean oinarritu behar dugula, hau da, iragana mistifikatuz eraiki behar dugula gure oraina. Egileak liburua idazterakoan, iragana desmitifikatu nahi zuela esan zuenez, nago eleberria irakurtzean beti present eduki behar dela gogoan desmistifikazio ahalegin hori. Nire ustez eta zalantzarik gabe, Aingeru Epaltza lehenengo mailan dago euskal literatura garaikidean
Erresuma eta Fedea trilogiaren bigarren ale hau bikaina begitandu zait. Joanes Mailu fikziozko pertsonaia Parisko gortean ibili da eta bertako gorabeheren eta giroaren berri eman digu lehen pertsonan. Ez dakit zenbat izango duen egiatik istorioak eta zenbat fikziotik; nolanahi ere, ahaztuxea dugun garai bateko kontuak modu interesgarrian hurbiltzen dizkigu egileak. Irakurketa lasaia eskatzen du liburuak, baina ekintza eta tentsioari ongi eusten dio 351 orrietan barrena. Pertsonaia eta memento historiko asko biltzen ditu 1571tik 1576 urterako bidaian. Aingeru Epaltzak berebiziko ahalegina egin du garaiko pentsaera eta ikusmoldera hurbiltzeko, hizkuntzatik bertatik hasita. Neguko goxoan irakurtzeko, primerakoa! “Mailuaren odola” lehen zatia irakurria ez duenari hortik hasteko gomendatuko nioke.
Aingeru Epaltzak bere trilogiako bigarren liburua ekarri berri digu eta izugarri ona dela esan behar da. Joanes Mailu erabiltzen du Nafarroako Erresumako historia kontatzeko eta guztiz lortu du ni harrapatzea. Eleberri historikoen zalea naiz eta onartu behar dut hau dela irakurri ditudanetatik onenetarikoa. Frantziako Gortea ikaragarri ondo deskribatuta dago, baita Henrike erregearen fede aldeketak ere, orain papista, orain higanota. Irrikan nago jadanik hirugarren liburua noiz agertu. Beraz, biziki gomendagarria da liburu hau.
Noiz argitaratuko du Aingeru Epaltzak trilogia honen hirugarren liburua? Desiatzen nago. Benetan gozatu dut hau irakurtzen. Berak eraman nau lehenengora, hau da, Mailuaren odolera, eta hura ere irrikaz irakurri dut. Pertsonaia oso interesgarria asmatu du, eta gainera Euskal Herriaren historia ezagutzeko modua. Ez da lan makala, uste dut errekonozimendu haundiagoa behar lukeela.