Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama

3

Izenburua: Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama
Idazlea: Alaine Agirre
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2017

Gauza asko da batean nobela hau: egileak bere amari eskainitako maitasun-kanta luze bat; familia osoaren historia eta istorio sorta txirikordatu bat; gaixotasun baten etorkiaren bila haurtzaroko oroitzapenetan barrena egindako introspekzio ariketa bat; ama izan ezin eta ahal eta nahi izatearen edo ez izatearen inguruko gogoeta zalantzazko, sigi-sagatsu bat… Alaine Agirrek aurreko eleberrietan erakutsi dituen dohainak agerian daude lan honetan ere: berben bitartez edertasuna, erritmoa, musikaltasuna bilatzea, sentimenduak leungarririk gabe espresatzea… horiek guztiek ematen diote intentsitate eta emozio berezia kontakizunari. Proiektu honek irabazi zuen 2016ko Joseba Jaka beka.

Subscribe
Notify of
guest

3 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Andoain 25.4

Liburu honi buruzko iruzkin batean irakurri dut idazleak “pairamena eta oinazea adierazten badakiela”. Ados nago ni ere, maisuki asmatzen du barne-min hori nola helarazi irakurleari. Liburuaren lehen erdia edo gogotsu, interes handiz irakurri dut, bere sentimendu, interpretazio, sufrikarioaren bidetik erraz eraman nau Alainek, enpatia eta konpasioz, baina oso erraz. Onartzen dut, eta hala dio berak ere, psikiatriko batean zaudenean eta erraietan infernu hori bizi duzunean liburu asko idatz ditzakezula. Terapia ederra bihur daiteke norberarentzat bizipen horiek espazio zuriaren gainean jartzea. Baina, barkatuko dit idazleak, nik irakurle moduan, horren ondoan beste zerbait ere aurkituko nuela pentsatzen nuen. Liburuaren orriak jaten ari nintzela, ezinaren eta nahigabearen ondoren beste zerbait ere egongo zela espero izan dut, horren zain eta bila aritu naiz etengabe, baina ezer ere ez. Behin eta berriz obsesio berdina modu astunean.
Alaineri gonbitea: seguru nago zure barruan argiak ere badaudela, esperantza elikatzeko motiboak ere badituzula. Irakurle moduan alderdi baikor horiek adierazteko duzun gaitasunaz gozatzeko gogoz nago. Laster izan dadila.

Bilbo 54.3

Oso ederra iruditu zait Alaine Agirrreren azkena. Emakume baten arazoak maisuki azaltzen dizkigu: bere haurtzaroko harremanak senideekin, amarekin batez ere; txikitatik hasitako bere arazo psikologikoak/psikiatrikoak; ama izateko bere ezintasuna, buruko arazo horiek direla eta; eta abar.
Oso azkar irakurtzen da, nahiz eta batzuetan Bermeoko euskarazko zatitxoak zailak izan.
Asko gozatu dut irakurtzen, Alainek lortu baitu oso gai intimo bat era bikain batean azaltzea, eta pena sentitu dut hain goiz amaitzeagatik liburua.
Ondorioz, oso gomendagarria da liburu hau, maisulana izatetik oso hurbil dagoena.

Gasteiz 9.5

Alaine Agirreren hirugarren eleberriak hiru zati dauzka. Lehenengoa ‘Lehen erditzea’ da. Parte horretan Bermeoko idazleak narratzailearen amaren istorioa kontatzen digu: bi alaben jaiotza, lehenengoz erditu ondorengo depresioa, senarraren absentzia eta independentea izateko denda bat irekitzeko bere ausardia.

Gehien gustatu zaidana bigarren partea da, ‘Seinalekoak’ izenekoa. Ia atal guztiak “haurra” hitzarekin hasten dira. Protagonistarentzat haurtzaroa infernu bihurtu da: besteak beste, auto-estimu baxua du haurrak, ez dakielako bere sentimenduak adierazten. Bestalde, bere ahizparekiko harremana ez da ona, ez da ongi konpontzen beste umeekin. Baina protagonistak irtenbidea literaturan eta ikasketan aurkitzen du. Zati hau laket izan dut, idazleak pairamena eta oinazea adierazten badaki.

Hirugarren zatia bigarren erditzearen ingurukoa da. Protagonistak kontatzen digu zertan den amaren bigarren erditzea eta haren ondoan egotea, bere gaixotasunarekin. Hemen oso hizkuntza abstraktua erabili du idazleak. Agirrek narratzailearen gaixotasuna modu metaforikoan azaltzea erdiesten du, morborik gabe.

Estiloari dagokinez, esan behar dugu batzuetan esaldi luzeez baliatzen dela, adibidez, 13. orrialdean. Beste ataletan elkarrizketak bakarrik daude. Nabaritzekoa da lengoaiaren aberastasuna: esaterako, Bermeoko euskaraz idatzita dauden hainbat kapitulu, letra etzanaz izkiriatuta.

Elkarrizketa Alaine Agirrek dio eleberri hau ez dela autobiografia, ez autofikzio, ez autolaguntza. Hala ere, nik ez diot sinesten. Bere olerki liburua irakurri eta gero (‘Txoriak etortzen ez diren lekua’) uste dut biografikoa dela.

Testua hain atsegin izan dut, bere aurreko liburuak irakurtzera bultzatu bainau: ‘Odol mamituak’ eta ‘X hil da’.