Izenburua: Zer barkaturik ez
Idazlea: Alberto Ladron Arana
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2011
Bolada txarra darama Mikel Izuk: andreak utzi zuen, lanean ez da agertzen depresioagatik, bere anaia Julenen alprojakeriak jasan behar ditu… Hain zuzen, anaiaren etxean behatz moztu eta odoldu bat aurkitzen duenean hasiko dira gauzak are gehiago okertzen eta aldrebesten.
Akademiaren aldizkarian irakurri nituen kritikek animatu ninduten liburu hau irakurtzera eta ez naiz damutu. Misteriozko eleberrien oso zalea ez naizen arren, liburu honek hasieratik niregan interesa piztu duela aitortu behar dut. Nobela beltzek behar dituzten osagai guztiak dauzka. Giroa oso hurbila da (IruÃ’ean kokatzen da istorioa) eta idazkera arina, oso egokia gertakizunen tenpoari lgauntzeko. Guztiz gomendagarria.
Erabat entretenigarria. Egun bitan irentsi dut; jazarpena, hilketak, polizia pseudo-inozoak, neska-mutlen arteko hastear dagoen maitasuna…, liburuak thriller poliziakoak behar dituen elementu guztiak ditu. Bestetik, historia ere ez du albo batera uzten Albertok; izan ere, nazien garaiko juduei buruzko erdi isilean gorde den informazioa dakarkigu. Aurreko lau eleberrien antzera, gazte eta nerabeek irakurtzeko ezin aproposagoa dugu azken argitaratutako hau; baita eleberri poliziakoa gustuko duen edozeinek ere.
Alberto Ladron Arana thriller generoko eleberrigilerik onenetarikoa dugu. Berriki itzuli da bere azken eleberriarekin eta berriro asmatu du guztiz. Izan ere, eleberri honek Albertoren ezaugarri guztiak ditu: istorio oso ondo harilkatua; idazkera erraza, txukuna eta bizia; eta oso gai interesgarria (kasu honetan, naziak, juduak, kontrabandoa, droga eta maitasuna, dena era bikain batean nahastua). Amaiera, beti bezala, ustekabea izan da, genero honen eleberri onetan gertatzen den moduan.
Bi egunetan irentsi dut mardula den eleberri hau eta asko gozatu dut, oso zapore gozoa geratu zait liburua amaituta. Beraz, oso gomendagarria eleberri hau eta ea laster itzultzen den Alberto beste liburu batekin!