Ilunpeko zelataria

4

Izenburua: Ilunpeko zelataria
Idazlea: Alberto Ladron Arana
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2022

Iruñea, 1948ko Gabonak. Gosea eta tristezia darizkio giroari, pobrezia eta zikin usaina dago karriketan, zapalketa eta beldurra jendearen begiradetan. Eskolako lagunak dira Iñigo eta Jokintxo; gerrako irabazleen kasta aberatsekoa da bata, galtzaileen semea bestea, baina Hollywoodeko filmen lilurak elkartzen ditu biak, inguratzen dituen mundu hotz eta grisetik ihes egitearren edo. Beste zerbaitek hautsiko du beraien bizitzen gurpil errepikatua ordea: neskatxa baten bahiketak. Haur desagertuaren musuzapia zineman topatu, eta haren arrastoaren atzetik saiatuko dira bi adiskideak, beste zenbaiten laguntzaz, ezustez eta zirrikituz beteriko bidean. Gaizkiaren hats ustela eta naturaz gaindiko indarren esku izoztua topatuko ditu irakurleak eleberri honetan, egilearen ohiko thriller-en aldean fantasiazko ukitu nabarmena baitu istorioak. Horrez gain, baina, idazlearen marka diren ezaugarriak nagusitzen dira: ekintza ugari, solas biziak, jakin-min eutsiezina eta erritmo burtzoragarria.

Subscribe
Notify of
guest

4 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Eibar 101.1

Hau da 2022an Alberto Ladronek idatzitako best-seller berria, urteroko bere liburu hitzordua betez. Kasu honetan, umeak jarri ditugu protagonista detektibe bezala (“Stranger things” edo “It” moda amerikanoa jarraituz?), eta aurreko liburuak baino pixka bat infantilagoa atera zaio. Aurreko liburuetan elkarrizketa arinek gidatzen zuten trama, eta oraingoan elkarrizketak gutxitu eta gehiago saiatzen da gerra zibil osteko Iruñeako kontestua deskribatzen (nolabait Antxiñe Mendizabalen “Odolekoak” kokatutako garaietan), aldi berean zinemari omenalditxo bat eginez. Izan ere, argi dago pelikula kutsua eta erritmoa dariela bere liburuei. Ohi bezala, oparitzeko liburu bat.

Mutiloa-Aranguren 34.1

Sensibilitate eta ahalmen bereziak dituen protagonistak kontatzen ditu berak eta bere hiru lagunek 1947an, Iruñean, izandako bizipen ikaragarriak. Egileak askotariko baliabideak erabiltzen ditu istorioa ehuntzeko: gerra ondoko pobrezia eta miseria, gerran gertatutako basakeriak Nafarroan, zerrenda beltzak, irabazleak eta galtzaileak, baliabide bereziko jendea, irudimen fantastikoko haurrak, sexu jazarpenak, gerran Erorien Aldeko Monumentua eta abar. Liburuaren zenbait pasartetan Enid Blytonen Bostak sagarekiko antzekotasuna igarri dut, baina jenero beltzean. Kontakizunak segidan ebasten dizu arreta eta piztu irakurtzeko premia. Irakurketa arina da bere esaldi laburrei esker. Hala ere, ez da suertatzen adierazpen kalitateren kaltetan, haren mesedetan baizik. Gainera, espero ez daitekeen akabaila harrigarria ere eskaintzen du. Liburua entretenigarria da hagitz eta edozein asebeteko du, baina, nire iduriko, egokia ere izan liteke irakurle gazteendako.

Roberto

Lanak izan nituen Ladronen azkena dendetan aurkitzeko, seinale ontzat hartu nuena. Eta behin nobela irakurrita, esan dezaket arrakasta ziurtatuta daukala. Asiainen nobelekin engantxatu ostean, mesfidantza pixka bat ematen zidan enfoke berriak (haurrak protagonista? Mamuak…?), baina lehen kapitulua irakurritakoan, Iruñea ilun-gotiko horretan murgildurik nengoen.

Oso nobela zinematografikoa da, zinemari buruzko erreferentzia ugariez gain, ikusi egiten dituzu eszenak, eta elkarrizketak oso biziak dira, pelikula batean zaudela sinesten duzu. Errealitatea eta fantasia nahasteko moduak Stephen Kingen liburuak ekarri zizkidan burura, baita Ruiz Zafonenak ere, baina thriller ukitu batekin.

Nahiko nobela luzea da, baina pena eman zidan amaitzeak. Euskaraz irakurtzen dudanean batzuetan sentsazioa dut gauza traszendenteak bakarrik daudela, edo fikzio ez oso konbentzigarriak. Hau bezalako nobelak beste liga batean daude.

Bilbo 54.3

Beste liburu bikain bat ekarri digu Alberto Ladronek. Asiain inspektorearen istorioak aldi baterako alboan utzi eta Iñigoren eta Jokintxoren istorioa ekarri digu. Thrillerra da, beti bezala, baina naturaz gaindiko ukitu garrantzitsu batzuekin.

Tentsioa ez da inoiz amaitzen irakurketan eta amaiera bikaina iruditu zait, generoak eskatzen duen bezala. Hala ere, ez dut bere beste liburuak bezain azkar irakurri liburu hau deskripzio asko dituelako, gehienak Iruñeari buruz. Horregatik, batzuetan, horiek alboratzeko tentazioa izan dut, argumentuak kitzikatuta, baina zintzo jarraitu diot idazlearen asmoari eta den-dena irakurri dut bere ordenean.

Bestalde, bikain azaldu digu Albertok gerra ondoko Iruñeko giroa, jendearen beldurra, gorroto eta eskasiarekin.

Ondorioz, biziki gomendatzekoa da liburu hau, Alberto Ladronen liburu guztiak bezala. Albertok beste behin erakutsi digu genero beltzeko maisua dela euskal literaturan eta distantzia handia dagoela beste idazleekin. Horrela jarrai dezala!