Izenburua: Botoitxo
Idazlea: Anjel Lertxundi
Ilustratzailea: Antton Olariaga
Argitaletxea: Erein
Urtea: 2022
Adina: 8-12 urte
Etxean zerbait behar zenean Botoitxoren dendatik –botoiak, haria, gomak, zintak edo kremaileraren bat–, ni bidaltzen ninduten askotan, eta pozik asko joaten nintzen.
Botoi egokien edo titareren baten edo hari-klase berezi baten bila zebilela, beti zeukan historiaren bat kontatzeko, gehienetan botoiekin zerikusia zuena, batzuetan aspaldiko kontuak, besteetan azken urteetako jostun famatuen anekdotak, eta kontatzen zidana beti zen berria, eta atsegina, eta gogoan gordetzeko modukoa. Museo eder batean baino erosoago sentitzen nintzen ni. Tiradera batetik bestera, mundu berri bat ari nintzen deskubritzen. Baina mundu berri eta argitsu hartan bazen kontu ilun bat…
Liburuko protagonistak dendari bat eta gaztetxo bat dira. Eta liburua irakurtzen ari nintzela dendariaren lanbide bera zuten hainbat emakume atera ziren egunkari batean, esanez besteak beste, zailtasunak zituztela zenbat hari mota on lortzeko, eta liburuko dendariak esaten duen esaldi bera errepikatu zuten, garai zailak direla. Horregatik eskertzen da horrelako dendak eta dendariak estimatzen dituzten jendea aurkitzea. Baina betiko denden egoera kezkagarria izanik, are mingarriagoa da narrazioko tiradera horietako baten atzean dagoen gertakari parea.
Ez dut esango Botoitxok dendarekin segitzen duen ala ez. Gustatuko litzaidake orain gutxi Lizarrako denda batean, betiko denda horietako batean sartu eta dendariak esan ziguna gertatuko balitz: “Ni jubilatuta nago, lau belaunaldi egin ditugu dendan, eta bosgarrena ere bidean da, alabak hartuko baitu denda.” Pozik atera ginen dendatik, hainbat gauza erosita beste batean itzultzeko gogoz.