Izenburua: Abere ba. Palindromo ilustratuen piztegia
Idazlea: Bigara (Itziar Aranburu eta Jon Ander Garcia)
Argitaletxea: Pamiela
Urtea: 2020
Ehun eta bat abere.
Hizkuntza aberatsa da. Hitza aberetu dugun piztia. Abere ba hitzekin jolasten duen liburua.
Palindromo: Animalia bakoitzak beste hitz bat ezkutatzen du atzeraka irakurrita: `asto hotsa ́, `ele bele ́, `aker oreka ́, `alegia igela ́, `apo zopa ́, `karramarro horra marrak ́, `zezenez ez ́. Zergatik izango ote da kapikua?
Ilustratu: Abereen itxuran oinarritua dago abezea. Hizki bakoitzean animalia bat agertuko da eta animalia bakoitzean hizkia: aberedefghijklmnopq…
Piztegi: hitz eta piztiak elkartzen diren tokia, bestiariuma edo gure burua. Definizio argigarriekin, ideiak pizteko ere baliogarria. Pitzaduraz betea.
Abereen irudidun hiztegi pizgarri honetan mitologiak, kantuak, kontuak, atsotitzak, onomatopeiak, hitzulpenak, ele-meleak eta hitz jolas ugari azaleratuko dira.
Ehun eta bat abere, zu eta ni barne. Abere ba.
Batek baino gehiagok esana dauka euskara adierazkortasuna galtzen ari dela erabiltzaileon erruz. Zoritxarrez oraindik ere jende ugari dago bazterretan kezkatuago gramatikarekin eta zuzentasunarekin. Horregatik da garrantzizkoa liburu hau, jende askok ez bezala euskararen ludikotasuna duelako aldarri bazterrezin.
Palindromoz beteta dator liburua, ilustrazio eta guzti. Eme hitza palindromoa da, berdin irakurtzen delako ezker-eskuin eta eskuin-ezker. Erre oro erre, horra beste palindromo bat. Ehundik gora daude.
Palindromoak egiteko osagaietan ere jarri du arreta liburuak: osagaien definizioa eskaintzen da, edo halako osagaiak zein erabilera izan duen literaturan, mitologian… Osagaia izan daiteke asmazkizun baten definizioa ere, edo poema bisual baten zati… Adibide batekin argiago ikusiko dugu. Hona palindromo bat: ia sai.
Sai.
1 iz. Putrea.
2 liter.
Saiak ditu ia soilak
buru eta lepoa;
atzapar ta mokoa
kako ta makoa.
Izkiko malkarrean
´luma´ hitz gakoa
lukiak hizkiz hizki
irentsitakoa.
Trai lai lara lai lara lai,
irentsitakoa.
3 mit. Haragikeria zale mitikoa.
4 adj. Gainerakoen zorigaitza baliatuta saria lortzen saiatzen den izakia. Putreak bihotza ustel.
5.pal. Libru zarra honi musika ia, saiak usu min, oharra zurbil.
6 adj. Xuhurra, diru-gosea.
Finean liburu gomendagarria, liburu eta testu-adierazpide orok izan beharko lukeen baldintzetako bat betetzen duelako, alegia entretenitzea.