Balio erantzia

1

Izenburua: Balio erantzia
Idazlea: Ekaitz Goikoetxea
Argitaletxea: Balea Zuria
Urtea: 2022

Arlo asko landu dituen sortzailea da Ekaitz Goikoetxea. Bertso mundutik hasi zen, eta, azken urteotan, bertso-paperak eta aforismoak lantzen aritu da, bai eta sari mordoa irabazi ere. Horrez gain, “Trans-formatzen” dokumentalaren egile izan da Garazi Zabaleta eta Aitor Lanasekin batera, Huntza taldearentzat hainbat abestitz idatzi ditu. Gaur egun, Popatik bandako kide da, Kimua Dantza Kolektiboko dantzariekin “GenEroa” emanaldia eta Josu Maroto marrazkilariarekin “Balio erantzia” erakusketa aurkezten ari da herriz herri. Aforismo liburu batekin datorkigu oraingoan, berezkoa duen zorroztasun eta sentikortasuna lagun.

Subscribe
Notify of
guest

1 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Donostia 47.24

Asko gustatu zait aforismo-liburu hau, oso iradokitzaileak direlako, besteak beste. Hona hemen perla batzuk:
Euskara gehiegi erabili eta gutxiegi hitz egiten da.
Behin mutu utzi ninduen. Geroztik ez diot hitzik egin.
Besteen lekuan jartzeko mugitu egin behar.
Egia hanka motzak gezurra makulu.
Traturik eza ere tratu txarra da.
Bizitzari zu eman nahi diot.
Eta abar, eta abar. Plazer bat izan da liburu hau eskuartean izatea, irakurtzea, esaldien hari-muturrak baliatuz beste esaldi batzuk sortzen ahalegintzea…

Baina beste zerbait ere probatzen nabil. Liburuko aforismoak irakurri eta beraiekin hausnarrean ibili ondoren, gorde egin nuen, pausatzen utzi, eta handik puska batera berriro hartu, beste zerbait egiteko. Izan ere, era honetako liburuek badute gauza bat, ez dakit ona edo txarra, eta da aukera ematen dutela ia aldi berean liburu bat baino gehiago irakurtzekoa. Hala, Balio Erantzia liburuko aforismo batzuk, adibidez, hauxe –Ordenagailua da sistema eragile (eta eraginkor) bakarra– irakurtzen ari nintzen beste liburu batera joan zitzaidan, Mitxelko Uranga Filosofian doktorearen liburu honetara: Bi munduen artean (Pamiela, 2021). Aforismoa Pamielaren liburura sartu zen, 56. orrialdean, eta han esaldi honekin egin zuen talka: “Diskurtso teknologikoa erabat manikeoa da”. “(Teknologiak) –teknologia esaten zuen tokian nik ordenagailua, IKTak…irakurtzen nuen– gehienetan, presaka izan dira sartuak, irakasleak eta materialak behar bezala prestatu edo egokitu barik”. “PISA txostenak argi uzten du teknologia berrietan oinarritutako heziketa-ereduek ez dituztela emaitza hobeak lortu. (Finlandiaren kasua aipatzen du Urangak desastrearen adibide). “Ume eta nerabe analogikoak aktiboagoak dira digitalak askoz pasiboagoak diren bitartean” (zenbait ikerketen arabera)…

Egia esan, neurri batean on egin zidan aipatutako aforismoa Pamielaren liburura joan izanak, zeren badugu joera aforismoak ia-ia axiomatzat jotzekoa. Eta on egin zidan, zeren otu zitzaidan hartzea beste aforismo bat, adibidez, hauxe: “Euskarari ahotik joan beharko litzaioke indarra”, eta esaldi honen alboan jartzea: “Gauza bat da ordea euskara ikastea eta heziketa euskaraz jasotzea eta bestea euskalduntzea. Euskalduntzeko, euskara ezagutzeaz gain, euskal gizartean sortu edo egokitu diren kultura-adierazpen nabarmenenak bereganatu behar dira”…(Pamiela, 197. or).

Eta horretan segitzen dut, oraingoan bederen: Bi munduen artean eta Balio Erantzia elkarren arrimoan jarrita irakurtzen. Baliteke erotzea. (Donostia, 47.24)

,