Sortze berri bat

1

Izenburua: Sortze berri bat. Indarkeri obstetrikorik gabea
Idazlea: Estitxu Fernandez
Argitaletxea: Txalaparta
Urtea: 2023

Indarkeria obstetrikoaz hitz egitea ez da gauza berria. Horrek ez du esan nahi, ordea, gauza onartua denik, ez konpartitua, ez arantza gabea. Aldagai kultural, ekonomiko eta egiturazkoek eraikitzen dute indarkeria obstetrikoa; emakumeen haurdunaldi, erditze eta erdiondoan osasun-sistemako profesionalek emakumeari edota umeari ematen dioten tratu txarraz ari gara, eta ondorio fisikoak eta psikologikoak eragiten ditu. Ederki kabitzen da, beraz, patriarkatuaren baitan. Osasun-arloko adituak pazientearen hobe beharrez aritzen dira gehienetan, baina ez beti. Batzuetan, lan-jardunaldia lehenbailehen bukatu nahi dutelako eragiten dute erditzea; edo erditze-gela hustu behar delako; edo asteburua libre izateko programatzen da zesarea bat. Esku hartzen dute, jakinda hori ez dela emakumearentzat onena, haren beharrak bigarren mailan jartzen ari direla. Gehienetan, ez dira ohartzen, ikasi dutena errepikatzen dute: emakumeari ez diote informazio osoa ematen, edo beraren partez erabakitzen dute. Ez da beti gertatzen, noski, eta denek ez dute berdin jokatzen; baina arazoa egiturazkoa da, sistemarena berarena. Kontzeptuari buruzko sarrera mamitsu baten ostean, hainbat emakumeren lekukotzak jaso ditu Estitxu Fernandezek, gozo bezain zorrotz, indarkeria obstetrikoari hitzak, ahotsa eta gorputza jartzea, sendabide ez ezik, harekin bukatzeko lehen urratsa delakoan.

Subscribe
Notify of
guest

1 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Irun 67.1

Zoragarria. Indartsua. Gogorra. Denok irakurri beharreko liburua honako hau ere. Estitxuk idatzitako sarrera bikaina, feminismoak bai ala bai heldu beharrekoa, zein bakarrik egon garen emakumeak! Lekukotasunak gogorrak, enpatia pixkat izanda segituan murgiltzen zara kontakizunean, eta barru barrutik mugitzen zaitu. Eskerrik asko Estitxuri, gaia euskaraz gurera ekartzeagatik behar beharrezkoa baitugu nahiz eta agian ez genekien.