Izenburua: Autokarabana
Idazlea: Fermin Etxegoien
Argitaletxea: Pamiela
Urtea: 2009
Fermin Etxegoienen lehen eleberri honetan mundu garaikidea ageri da, errealismoz erakutsia. Protagonistak lan egiten du herri bateko kooperatiban, eta zenbait tramaren erdian aurkituko du bere burua. Esperientzian oinarrituriko literatura da, egungo familia zein laneko bizipenak jasotzen dituena. Elkarren artean gurutzatzen diren gertakizunek, erritmo bizian kontatuak, irakurlearen arreta hasieratik bereganatuko dute, eta espero ez duen amaierara eramango. Aspaldion ugaldu diren autokarabana-aleak unibertsaltasunean helmugarik ez daukaten unitate moduan irudikatuak dira… Autokarabana modernitatearen metafora gisa.
Kooperatibismoaz, euskaraz, politikaz… Guztiaz hitz egin nahi eta azkenean ezerezean gelditu dela iruditzen zait. Kritika eta argumentu berdinak darabiltza gora eta behera liburu osoan zehar. Ez zait gustatu ez idazteko era, ez argumentua bera(halakorik badago).
Hiztegiari dagokionez irakurterraza da liburua eta hori eskertzekoa da, baina gustatu zait? Ez dakit, ba.
Noizbehinka esaldi edo pasarte batek arreta erakartzen dit baino orokorrean monotonoa aurkitu dut liburua.
Aitortu behar dut orrialde batzuk saltatu ditudala,aspergarriak egiten zaizkidalako, “betelan” gehiegi topatu dut liburu honetan.
Nire inpresioa: gaiak gainetik ukitzen dituela idazleak, haietan sakondu gabe. Beldur antza.
Agian ez nengoen irakurtzeko unerik egokienean…Auskalo! Dena den, ez dut uste gomendatuko dudanik.
Oso arintzat hartu du hainbatek Etxegoienen eleberri hau, baina formatan soila izan arren nik ez nuke esango azaltzen duen psikologia eta traszendentzia arina denik. Onan bera motz utziko lukeen protagonistaren bizibidea, zalantzaz eta bizi ezintasunez betea oso erreala da eta gure literaturan hain modu apalean oso gutxitan landua. Istorioak erakarri nau, oso gure etnoseko nortasunak direlako azaltzen direnak, nortasunak, istorioak eta mixeriak. Eta hori guztia trebeziaz josi du Etxegoienek, nire gustorako oraindik ere apur bat luza zezakeen korapilo batean.
Liburua bidaia ez dela aipatzen da baina ez nago guztiz ados. Fermin Etxegoienek fikziozko eleberri honetan aurkezten diguna kooperatibako langile baten bizitzako zati bat da. Oso nobela erreala. Autoreak berak aitortzen ditu pasarte batzuk bizitza errealean oinarrituta daudela eta beste batzuk ez, beharbada oso bereizita ez daudenak.
Ez dakit gustatu zaidan edo ez. Dudatan gelditu naiz. Asko gustatu zait, adibidez, nola azaltzen dituen nire herriko txoko eta momentu historiko batzuk (esaterako, gazte garaian presara bizikletan joatea eskuoihala lepoan jarrita). Baina agian ez zait gustatu pertsonaia bera. Oso sinplea eta bizitzaz gozatzeko gogo gutxi duena iruditu zait.
Esan beharra daukat nahiko irakurterraza dela eta liburu honekin denbora erraz igarotzen zaizula. Gomendagarria den? Baliteke, ez nuke ezetzik esango.
Oso gustura eta erraz irakurtzen da, azkar asko. Eta irribarrea aurpegia kendu ezinik. Protagonista ziniko hutsa izan arren, gu guztion erretratu fina egin du Ferminek. 30 urtetik gorakoen erretratua, oso identifikatua, akaso gure buruari hori berori esan barik, baina sakonean pentsatuz eta horrela jokatuz.
Eta euskararen normalizazioaren inguruan esaten dituenak han-hemenka antologikoak. Merezi du. Benga, Fermin, hurrengoa noiz?
Zein gustura irakurri dudan Autokarabana! Irrimarra aurpegitik kendu barik, baina askotan buruari eragiten, zenbatetan ikusi ditudan eleberriko pertsonaietan islaturik nire ingurukoak: lankideak, lagunak, familiakoak… eta ni neu ere bai, jakina! Lau zaporeak atera dizkiot nobela honi: mingotsa, gozoa, garratza eta, batez ere, gazia. Oso ona.
Azkenaldian liburu mardulak eskuartean izan ditudanez, liburu arin hau irakurtzea oso gustukoa izan dut. Gaur egungo gizartean kokatua dago eta errealitate kutsu handia dauka. Berrogei urteko gizon banandu baten bizimodua kontatzen du, Bilbo hiritik alde egiten duena bere herrira bizitzera itzultzeko. Edade horren inguruan gabiltzan gizon askoren eguneroko bizimoduaren antzekotasunak aurkituko dituzue, nere kasuan horrela suertatu da behintzat. Liburu gomendagarria, bereziki hogeita hamar urtetik gorakoentzat.
Bitxia iruditu zait eleberria. Berrogeiren bat urteko gizon baten une bateko ibilbidea da. Eta ibilbide horretan gaurko gizartean aurki daitezkeen arazo eta konplikazioak aurki daitezke batez ere, pozak bainoago. Baina laino beltzik ez dago: protagonista dibortziatuta dago, bakarrik bizi da, badu neska lagun min bat ere. Alaba zaintzea tokatzen zaionean zaintzen du arazo handirik gabe. Gurasoen etxera ere joaten da bere bakardade hori hausteko. Gaurko gizartean hain boladan dagoen lanbidea du: publizista, une batean arrakasta duen publizista. Egilea oñatiarra izanik, kooperatiba batean ere jarriko du lanean protagonista. Zati horretan egilea barre algaraka ari dela idazten imajinatu dut, kooperatibako bi exekutibo sartzen dituenean gertakizunean. Ez du kooperatiba munduko euskararen “normalkunza” ere ahazten, ez duelarik, nire ustez, zati horretan ironia ironiarik izkutatzen: zer egin behar da euskaraz normal aritzeko lantokian, da galdera. Irtenbideak barregura ematen du. Horregatik diot ironiarena.
Eta amaiera ere protagonistaren bizitzaren antzeko neurrikoa da. Protagonistak berak aukeratu duen lekuan uzten du egileak, autokarabanen jabeen joan-etorriei so.
Hainbertze aditua nuen liburu honen komentarioak kriston gogoekin hasi nintzaiola irakurtzen. Giro eta pertsonai ezagunak eta gure herrian hurbiletik bizitutako pasadizoak kontatzen dizkigu Ferminek eta berehala integratzen zara istorioan, bainan,…hor bukatzen da dena. Ironiaz eta, zergatik ez, puntu bat mingotsez egindako lana dugu hau. Hasieran grazia ematen du bainan aitzina egin ahala bere horretan gelditzen da dena. Halere irakurtzeko errexa eta ezin utzitako liburu horietakoa baten aitzinean gaudela uste dut. Gomendagarria dudarik gabe; udako egun sargori horietan itsas bazterrean edo mendian ( hain gurea den hori ), itzalpean goxo egoteko horietako lana.
Oso liburu bitxia Fermin Etxegoienen lehen eleberri hau. Erraza da irakurtzen, batzuetan barregarri, bestetan sakon, baina guztiz atsegina une orotan. Protagonista euskal literaturan gutxitan agertzen den horietakoa da, politikoki ez-zuzena baita arlo askotan: sexuan, emakumeenganako harremanetan, euskalgintzan, etab. Interesa ez da gutxitzen amaiera arte; aitzitik, gero ta interes handiagoa dago liburua aurrera egiten duenean. Amaiera ere bikaina da. Irrikan nago Etxegoienen bigarren liburua noiz agertu. Beraz, guztiz gomendagarria liburu hau.