Izenburua: Totelak
Idazlea: Fermin Etxegoien
Argitaletxea: Erein
Urtea: 2021
Bikote bat St. Moritz aldean bidaiatzen ari da Maserati gorri batean, emakumeak bularreko minbizia itxuraz gainditu duela ospatzeko. Thomas Mann-ek Mendi Magikoa eleberrian ezagutzera eman zuen ospitalea ere bisitatu nahi dute. Burutazio bikaina etorriko zaie bidaian, euskalgintzari onura ekonomiko handia ekar liezaiokeena.
Musikari frustatu bat Santanderren kalean jotzen ari da. Ezustean, harreman estua izan beharko du euskal musikari famatu batekin eta bizitza aldatuko zaio.
Totelak eleberri hibridoa dugu, saiakera eta fikzioa uztartzen dituena, euskal literaturan ohikoa den auto-pertzepzio ariketaren generoa (nor-gara-gu-zer-gara-gu) ezohiko eremuetara eramateko.
Euskal kultura garaikidean ageri diren errealitate mugatzaileak eta fikziozko pertsonaien jarrera kontrajarriak haien aurrean, horra Totelak eleberri hibridoaren gatazka gune nagusia.
Bertan, Fermin Etxegoienek kutuntzat dituen hainbat gai aztertu ditu larritasuneraino.
Euskara, espainiartasun kulturala, Ruper Ordorika, mikro-geografiak.
Ezohiko bidaia liburua dugu Totelak eleberri hibridoa. Espazioan ez ezik, denboran ere bestelako bideak hartu baititu autoreak.
Euskaldunontzat mugatzaile diren zenbait errealitateren gainean, fikziozko tour de force original, sakon, gordin eta zirikatzaile bat.
Ezin uka Fermin Etxegoienek oso estilo berezi, propioa, landu egin duela, oso idazkera jori eta egaginkorra hau bezalako eleberri-saiakera bat burutzearrean. Liburua ordea, eta Txet zein bere neskalagun berri pertsonaien nondik norakoen inguruan istorio benetan aberas/asegarri bat garatu beharrean, hainbat gairi buruzko gogoeta zein txorakeria sorta luze, nahasi eta gogaikarri bat. Euskara eta musikari buruzko etengabeko burutazioak, zein baino zein burutsuagoa, zorrotzagoa, eztabaidagarriagoa, lotsagarriagoa, aspergarriagoa. Esate baterako:
“Matxinada Burgoseko kaleetan, burgostarrak poliziaren aurka borrokan 2014 urtean, nork imajinatuko, ezin inork imajinatu, ez Txeten eta Helenaren asteburu orgiastiko-zistetar hartan, ez gerora ere. Txetek pentsatzen zuen-eta gainerako euskaldun guztiek bezala, Burgoseko jendea guztiz otzana zela, oso eskumakoa, batere posmodernoa ez, noski, burgostarrak izatekotan, premodernoak izango baitziren, ezta? Pre-Atapuercakoak! Ezagun denez, Atapuerkakoak proto-euskaldunak baitziren (ATA hori)- Neardertal totalak burgostarrak, orduan baina begira, ordea, nola irten ziren kalera borrokatzera, poliziaren aurka benetan borrokatzera, eta gainera irabazi egin zuten, bertan behera gelditu baitzen boulevard berriarene egitasmoa.”
TOTELAK – Fermin Etxegoien
Labur bilduta, gu euskaldunak kristorenak gara, noski, inor baino aurrerakoiagoak, borrokatzaileagoak, ezkerrekoagoak, posmodernoak, beharko!, eta gainerakoak, aldiz, koitauak!, betiere guztiz kontrakoa, edo sekula ez behintzat gure modura, beti atzetik, edo gutxienez susmopean. Gauzak horrela, Etxegoienen gogoeta gehienak, zer esanik ez tarteka-martekako lelokeria benetan galantak, “euskal gu delako lotsa/aspergarriaz ari dira, edo bestela esanda, betiereko euskal leloaz: nor gara gu, nolakoak gara gu, zergatik gara gu garena eta abar eta abar eta abar. Bai, jaun-andreok, berriro ere euskal onanismo hutsa gure zilborraren kontura, baliteke euskaldun gehienen irakurgairik kutunena, Etxegoienek “gutarrei” etengabe idazten baitie, ez, inondik ez, norberari irakurle gisa. Halere, nolabaiteko koherentzia sistematikoaz egingo balu behinik behin, hau da, egiatan saiakera itxura duen liburu honi egiazko nondik norako bat, hots, gutxieneko tesis moduko zerbaitxo, antzemango bagenio, orduan bai, orduan esan genezake Etxegoien Curzio Malaparteren “Maledetti toscani” bezalako saiakera probokagarri eta aldi berean ere kutun bat idatzi nahi izan duela, saiatu egin dela behintzat, baita alperrik ere bai. Baina, bai zera! Totelak liburuan zehar egileak bere gogoan bildutako burutazio apetatsuak baino ez ditugu, gehienak, esan bezala, loturarik gabekoak, liburu hau Etxegoienen aldian aldiko jario xelebre eta agorrezinaren isurtegia bailitzan.
Hala ere, eta gorago esan bezala, Fermin Etxegoien oso idazle abila da, ikaragarri arin eta txukun idazten du. Izan ere, hain atsegina da bera irakurtzea ezen benetako zein funtsezko ildorik ez duen hau bezalako liburu bat irakur baitezakezu goxo-goxo, ozta-ozta liburua zertaz ari den, Ruper Ordorikaren musikaz ala euskaldungoarentzat propio idatzitako enegarrengo masturbazio tribalaz, asmatzeke (Nik, berriz, musikari buruzko gogoetak atseginen izan ditut). Hartara, nola ez azpimarratu Etxegoienek asmatutako berba politena, egokiena, aipagarriena “lotsarro/lotsarrotasuna” dela, hau da, auzo-lotsa eta harrotasuna, biak batera.
“A euskaldunok, beti berdin, harrokeriaren eta lotsaren artean. Ez al duzu hitz hibridorik, portuguesek saudadea nola, halako bikoiztasun antagonikoa izendatzeko?
Apal-handi-usteko.
Lots-harro-
Tipo hori lotsarro bat da.
Lotsarrotasuna.”
TOTELAK – Fermin Etxegoien
Hain zuzen ere “Totelak” liburuak irakurri ahala etengabe eragin didan egonezina definitzeko ezin aproposagoa.
Txema Arinas
Uvieun, 2022/04/10
Liburu bikaina Fermin Etxegoienen azkena. Eleberri-saiakera honetan Ferminek hainbat gairi buruzko bere jakunduria eta ideiak helarazten dizkigu irakurleoi, eleberri baten argumentuarekin tartekatuta.
Izan ere, izenik gabeko bikote bidaiari bat (Europan zehar bidaiatzen ari dena) eta Txet abeslari frustatua eta Marga bere bikotekide berria erabiltzen ditu Etxegoienek musika akademikoari (akordeak, harmonia, etab.), Ruper Ordorikari (bere herrikidea) eta euskararen egoerari buruz sakonki hausnartzeko.
Liburuaren idazkera berezia eta nahasia da: pasarte arin batzuk oso paragrafo luzeekin tartekatzen dira. Beraz, nire irakurketak erritmo aldaketa batzuk jasan ditu; bai orrialdeak arrapaladan irentsi, bai orrialde batekin denbora luzean egon. Baina inoiz ez aspertu, alderantziz.
Beraz, liburu honekin Etxegoienek berriro erakutsi du oso idazle berezia dela, estilo propioa duela eta beti maila ona ematen duela. Ondorioz, biziki gomendatu behar da liburu hau.