Izenburua: Twist
Idazlea: Harkaitz Cano
Argitaletxea: Susa
Urtea: 2011
Beterriko Liburua Ohorezko Literatur Aipamena 2011
Soto eta Zeberio bahitu, torturatu, hil eta desagerrarazi egin zituzten. Diego Lazkano idazleak gogoan betiko txertaturik daramatza bi lagunak, ezin ditu oroimenetik uxatu, bi itzal haietatik elikatzen da hogeitaka urtetan, Soto eta Zeberioren ordez bizi ote den zalantzarekin, haien ordez bizitzea balitz bezala bere erantzukizuna.
“Pentsatu eta esaten ez diren gauzak”!. Horrelakoak ugari topa ditzakeku liburuan, Can/Lazkanok esatariaren hildotik. Gustatu egin zait, oro har, mamitsua bait da, istorioaren azken partean galdu samar iruditu baziat ere.
Liburu hau irakurtzen tarteka petralduta egon izan naiz, sarrera luuuze ikaragarri horrekin batez ere, eta baita besteek aipatu duzuen zenbait gauzarekin ere. Hala ere eleberri ona dela iruditu zait, gustatu ez gustatu sentsazio akuilagarri sortzeko gai den horietakoa, goraipatu eta kritikatu gustura egin daitekeena, zer esana ematen duena, asmatu egiten duena, baina baita estropezu ere, bizia alegia. Udan edo irakurri dut, eta gure herriko liburudenda martxosoan Cano bera entzuteko aukera izan dugu oraintsu, Lasaren arreba tartean zela: azken honen hitz sakon eta hunkigarriekin, eta egilearen hizketarako gaitasun paregabearekin, liburua beste modu batean ulertzeko zortea izan dut.
Liburu honetan fikzioa eta errealitatea uztartzen ditu Canok. Edo, agian, errealitea islatzen du fikzioaren bidez.
Kapituluak ipuin solteak izan daitezke. Lehena eta azkena bereziki gustatu zaizkit, hunkigarriak direlako oso.
Unibertsitatean nengoen kontatzen dituen uneak gertatu zirenean eta horregatik irakurketa osoa eman dut izena errealak jartzen fikziozko pertsonaiei. Baina hori ez da inportanteena. Azkenean norbaitek (Harkaitz Canok kasu honetan) idatzi du Lasa eta Zabalaren istorioa.
Ez dago, nire ustez, gorrototik idatzita. Lazkanoren damuak idatzi du, akaso. Lazkano/Canok kasu honi buruz asko irakurri duela ematen du narrazio bikaina sortzen.
Idazleak ez du gertaeren larritasunik izkutatzen baina biziaren zapore goxoa uzten du ere. Ez da lan erraza izan Canorena. Bikaina dela esango nuke.
Soto eta Zeberioren desagerpen, tortura eta heriotza ditu oinarri. Haiek salatu omen zituen kidea da kontalari eta protagonista. Bere gazte garaia eta helduaro bitarteko atzera-aurrerako jokuan saretzen du irakurlea oso modu sinesgarrian. Benetan gertatu zenaren eta fikzioaren arteko katramilan korapilatua sentitzen delarik bat hau irakurtzean.
Eleberri borobila dela esateko, Txejoven ipuin antzeztuaren zatia luzeegia egin zait. Baina, hala ere, asko gustatu zait.
Bikaina, aitzaki gutxirekin, Canoren eleberria. “Belarraren ahoa”z geroztik ez nion ezer irakurri eta txundituta utzi nau eleberri honen literatur mailak. Narrazioak bere baitan dakarren historia ezaguna denez bilbea aurreikusgarria gerta zitekeen, baina, aitzitik, aurreikus genezakeen formula askorekin hautsi du, bizipen eta erregistro ugariko narrazioa idatziz, oso existentzialista, inondik ere.
Aurreikusgarri gertatu zaidana pertsonaia hainbaten nortasuna izan da, apur bat topikoan erortzeraino; ez, ordea, pertsonaien nondik nora ibili dituen gertakarien argitara.
Zirrara eragin dit Canok nola “kudeatu” dituen gertakari anker haiek, zein ikuspegi landu eta azaldu dituen. Benetan da bikaina eleberria.
Eleberri luzea eta sendoa idatzi du oraingoan Harkaitz Canok. Diego Lazkano idazlea da agerian ikusten dugun protagonista, baina nobelaren benetako ardatza Soto eta Zberio desagertuek osatzen dute. Laurogeietako gertakari horiek (Lasa eta Zabalaren kasuarekin dituen paralelismoak begi bistakoak dira) baldintzatzen dute Lazkanoren bizitza, kasualitate batek (gidatzeko baimena eduki ez izanak) lagunaren tokian egotea (karez estalitako hilobi batean, alegia) eragotzi zuelako. Zortzi ataletan banatu du kontakizuna eta pertsonaia ezberdinen ikuspegiak jorratu ditu, hala pertsona nagusiarena nola berau torturatu zuten poliziena. Torturak eta hilketak toki nabarmena bereganatzen duten arren, eleberriak gehiago dauka giza harremanetatik. Denboran atzera eta aurrera doa askotan, garai hartan gertatu zena hobeto ulertzeko. Hari nagusitik desbideratzen ari dela ematen duenean (ordura arte agertu ez den pertsonaia bat aurkezten duenean, kasu), ondo asmatzen du gero zergatik egin duen hori eta zer paper jokatzen duen pertsonaia berriak istorioan, koadroa osatzen lagunduz.
Egia da une batzuetan hausnarketak gehiegi luzatzen direla eta pasartea arindu zezakeela, baina oro har oso erraz irakurtzen den liburu interesgarria da. Agian, tokiz kanpo geratzen den kontu bakarra hasiera bera da, ipuin fantastikoaren traza hartu baitiot, kontakizunaren estilo errealistarekin bat ez datorrena. Harrigarria istorioari hasiera emateko modu hori eta bati baino gehiagori liburua baztertzeko gogoa eman diezaioke. Hala ere, berehala aldatzen da erregistroa eta istoriak harrapatu egiten zaitu.
Lehenengo aldian irakurtzen hasi eta utzi egin nuen, nahastua iruditu zitzaidan. Bigarren aldiz ekin nion hori egiteko esan zidalako gauza bera gertatu zitzaion lagun batek. Tira, asko asko gustatu zait, gaitasun handia duela ikusten da kontu eta egoera desberdinak kontatu eta elkarrekin ezkontzeko. Bigarren ahaleginean erraz irakurri dut. Borobildu egiten du.
Ez, ez da literatura erraza, egia da, baina eman ematen du literaturari, nik behintzat, eskatzen diodana: istorio bat kontatzen du, bikain kontatu ere, eta beste gauza asko esaten ditu, pentsarazi egiten duten beste gauza asko. Azpimarratzeko moduko esaldi asko aurkitzen ditu irakurleak liburu mardul honetan.
Niri asko gustatu zait liburua. Digresioetan-eta galtzen dela batzuetan? Digresioak ere gustuko ditut literaturan, egia bada ere, gaia zein den, irakurlearengan piztuko duten interesa handiagoa edo txikiagoa izan litekeela. Kasu honetan arteari buruzkoak dira Canok egiten dituen gogoetak, baina, edozein kasutan, ez dute, nire iritziz, leku gehiegi hartzen liburuan.
Eleberri bikaina Harkaitz Canoren azken hau. Lasa eta Zabalaren kasutik abiatuta, Soto, Zeberio eta Lazkano adiskideen gaztaroko kontuak berreraikitzen ditu, mundua jango zutela uste zuten garai hartakoak aurkezten dizkigu, maisuki aurkeztu ere. Diego Lazkanok bere burua erredimitu beharra du, eta bere erredentzio modukoa da historia hura gertatu zen bezala kontatzea.
Gomendagarria.
Liburu mardula eta zaila Harkaitz Canok ekarri berri diguna. Pertsonaia eta istorio asko agertzen dira eleberrian, denak Diego Lazkano protagonistaren inguruan, eta horrek zailtzen du irakurketa. Izan ere, batzutan ez nuen gogoratzen nor zen nor, eta beste batzutan aspertu egin naiz haritik desbideratzen ziren pasadizo batzuekin. Nire ustez, liburuaren laurden bat soberan dago, baita makina bat pertsonaia ere. Baina gainerako hiru laurdenak maisulana izatetik hurbil daude. Canok berriro erakutsi dut euskal literaturaren gailurrean dagoela, beste idazle gutxi batzuekin batera. Beraz, oso gomendagarria irakurketa patxadatsua gustatzen zaienentzat, eta ez hainbeste irakurketa erraz eta denborapasakoa atsegin dutenetzat.
Hasiera zaila egin zait, baina nobela aurrera doala errazago irakurri dut, batzuetan oso gustura. Lehen kapitulua desberdina da, bera izan da zailena niretzat. Batzuetan korapilatsu xamarra egiten da, batipat pertsonai asko azaltzen direlako eta garai desberdinetan kokatuta. Puzle baten gisa osatzen joaten da istorioa. Orohar idazlan mardula dela esango nuke, baina zalantza egiten dut “gehiegizkoa” ez ote den: pertsonai gehiegi, istorio gehiegi, kontalariaren presentzia gehiegizkoa iruditu zait, eta kontakizun nagusitik ateratzen diren adarrak urrutiegi joaten direla beste batzuetan.